astekaria 2020/07/17
arrowItzuli

mundua

JOSE MONTILLA

«Oker handia izan da batasun transbertsala alboratzea»

Gorka Berasategi Otamendi

«Oker handia izan da batasun transbertsala alboratzea»

Nazio bat gara. Guk erabakitzen dugu leloa izan zuen, atzo hamar urte, Bartzelonan egin zen mobilizazioak. Espainiako Auzitegi Gorenak egun batzuk lehenago Kataluniako Estatutuaren kontra eman zuen epaia salatzeko manifestazioa izan zen. Buruan zen Jose Montilla (Iznajar, Espainia, 1955), orduan Kataluniako presidente eta PSCko buru zena. Prozesu independentistaren erroak sententzia horretan bilatu behar direla diote askok, baina faktore gehiagorekin «ekaitz perfektu bat» eratu zela uste du Montillak.

Orain politikatik urrunduago dagoen arren, astelehenean Kataluniako Parlamentuan izan zen, Enagas enpresak kontseilari independente izendatu duelako azalpenak ematen. Jardun berria presidente ohi karguarekin «bateragarria» dela argudiatu zuen, eta ukatu egin zuen berea ate birakari kasu bat denik. Parlamentuko azalpenei «gehitzeko ezer ere ez» duela azaldu du elkarrizketa hasieran. Bere presidente ohi bulegoan hartu du BERRIA.

Duela hamar urte esan zenuen Konstituzionalak ez zuela «zilegitasun moralik» epai hura emateko. Zergatik?

Erabakia zein baldintzatan hartu zen nabarmendu nuen. Hiru urte baino gehiago pasatu ziren PPk Estatutuaren kontrako helegitea aurkeztu zuenetik. Horrez gain, ordurako berrituak behar zuten lau epaileren aldaketa blokeatu zuen PPk, eta hainbat mugimendu egin zituen lau magistratu kontserbadorek magistratu aurrerakoi bat ezets zezaten. Finean, interes berezi bat zegoen auzitegi horrek, osaketa horrekin, estatutuaren kontrako epai bat eman zezan. Esan nuen legezko erabakia zela, baina zilegitasun moralik gabeko auzitegi batek eman zuela epaia.

Zer iruditu zitzaizun epaiaren edukia?

Oso kolpe gogorra izan zen. Oker politiko izugarria izan zen, perspektiba historikoarekin ikusita. Konstituzioaren kontrakotzat jo ziren hainbat artikulu irakurketa hertsi batekin. Estatutuak aurreikusitako prozedura jarraitu zuen.

Estatutua negoziazio eta akordioen emaitza izan zen. Epaiak eskema hori apurtu al zuen?

Bidea gertakari gehiagok ere baldintzatu dute. Baina, lehenengoz, auzitegi batek murriztu egin zuen Kataluniako Parlamentuak onartu, [Espainiako] Gorteetan eztabaidatu eta bozkatu, eta erreferendum bidez berretsi zen lege organiko bat. Orain arteko kasu bakarra izan da.

Zein eragin izan zuen epaiak Kataluniako gizartean?

Ekaitz perfektu bat sortu zen garaian iritsi zen. 2008ko krisiaren ondoriorik latzenak 2010ean hasi ziren nabaritzen. Horrek politikarekiko mesfidantza handia eragin zuen herritarrengan, eztabaida politikoan garrantzia irabazi zuten beste gai batzuekin batera; ustelkeria kasuekin batera, esaterako. Egoerak irtenbide magikoak bilatzera bultzatu zituen batzuk, magikorik ezer ere ez duten arazoen aurrean.

Sententziak gizartearen ordura arteko aldarria aldatu al zuen? Epaiaren kontrako manifestazioaren leloak Nazio bat gara. Guk erabakitzen dugu zioen.

Ez nintzateke horren urrun joango. Nazio bat gara leloa betidanik babestu dut. Kataluniako alderdi politikoen gehiengo zabal batek onartzen duen lelo bat da, eta ez du zerikusirik independentziarekin. Orduko horretan, independentismoak ordezkaritza oso urria zuen parlamentuan. Are gehiago, hilabete gutxi batzuk geroago egin ziren hauteskundeetan behera egin zuen. Ez dago lotura zuzen bat 2010aren eta gero etorri zenaren artean.

Zerk eman zion bultzada prozesu independentistari?

2012a izan zen mugarria: 2012ko [Kataluniako] hauteskundeetan ikusi zen aldaketa [CiU nagusitu zen 50 ordezkarirekin].

Independentismoak gorakada handia izan zuen urte horretan. Zein faktorek eragin zuten hazkunde hori?

Krisi ekonomikoak garrantzia izugarria izan zuen. Hasieran, Artur Masek [Kataluniako orduko presidenteak Mariano Rajoyri [Espainiako orduko presidenteari] lezioa eman nahi zion, murrizketak nola ezarri behar diren. Rajoyren gobernuak baino lehenago onartu zuen zero defizita ezartzeko legea. Baina, murrizketen kontrako mobilizazioak hasi ziren, eta Generalitateak norabidez aldatzea erabaki zuen. Espainiako Gobernuari bota zion murrizketen errua. Era horretara aktibatu zen prozesua. Espainiako Gobernuak itun fiskal bat onartu behar zuen ala, bestela, ustezko erabakitzeko eskubidea oinarri izango zuen noraezeko bideari ekingo zion Generalitateak.

Baina Convergencia alderdiak egin zuen biratik harago, gizartean ez al zen aldaketa sakon bat izan? Estatutu berri bat eskatzetik Katalunia autodeterminazio eskubidea duen subjektu politiko gisa aitortua izan behar dela aldarrikatzera pasatu zen zati handi bat.

Katalunia beti izan da subjektu politikoa. Batzuetan aitortua, eta beste batzuetan ez. Diktaduran ez zen izan. Gertatzen dena da subjektu politiko baten ahalmena ez dela mugagabea. Bere eskumenen araberakoa da. Subiranotasunarekin gauza bera gertatzen da.

Autodeterminazioaren aldeko jarreren indartze horrek PSCri ere eragin zion urte horietan.

Nik alderdiko ardurak utziak nituen ordurako. Hala ere, ez zen autodeterminazio eskubideari buruz hitz egiten, erabakitzeko eskubidearen asmakizun horri buruz baizik. NBEren erresoluzioetan argi zehazten baita autodeterminazio eskubidea zertarako den: soilik koloniak izan diren herrialdeetan ezarri daiteke eta Kataluniari inork ere ez lioke bereizgarri hori aitortuko. Nor dago erabakitzearen kontra? Inor ere ez. Edonork eros dezakeen marka komertzial bat da, baina gerora nahasgarria dena.

Estatutua ezin izan zen bere horretan indarrean jarri. Itun fiskal bat adostea ere ez zen posible izan. Ezezkoen aurrean, beste bide bat bilatu behar dela uste dute kataluniar askok.

Frogatu da zuzenbide estatua alboratzen duen aldebakarreko bideak nora garamatzan: erakundeen esku hartzera, Generalitatearen erdia espetxeratzera eta beste erdia Kataluniatik kanpora joan behar izatera, eta autogobernuaren ahultzera. Bide horrek ez garamatza inora. Oker politikoa da zuzenbide estatua alboratzea eta aldebakarreko bidearen alde egitea, gizartearen %50a baztertuta. Horrek gizartea zatitzen du.

2010eko manifestazioak Kataluniako Parlamentuko %83ren babesa izan zuen. Halako babesa jaso duen azken mobilizazioa izan da. Azken manifestazio transbertsal handia izan da. Bateratzailea. Katalunian autogobernuaren alorrean egin diren aurrerapauso handiak batasuna izan denean egin dira. Ez du erabateko adostasuna esan nahi. Zeharkako batasuna esan nahi du. Beti katalanismo politiko gisa ezagutu duguna. Bide hori alboratzea oker handia izan da, eta horretan jarraitu nahi dutenek ikasia izan beharko zuten horrela ez direla lortzen ezarriak dituzten helburuak.

Urte hasieran negoziazio mahai bat jarri zuten martxak Kataluniako eta Espainiako gobernuek. Zein dira askatu beharreko korapiloak?

Lehenengo baldintza da ezinezko gauzak ez proposatzea. Negoziatzeko, mahai gainean jartzen duzuna ezin da izan beste mintzakideak negoziatu ezin duen zerbait. Generalitateko presidenteak esan berri du mahai horrek ez duela zentzurik erreferendum baterako data jartzeko ez bada. Nahiko nuke zailtasun horiek gainditzea, baina badirudi hauteskundeek zaildu egingo dutela.

Independentismotik harago, Kataluniako gehiengo zabal batek independentziari buruzko galdeketa bat nahiko luke.

Beste gauza batzuen artean. Nik uste dut jendeari galdetzen badiogu armetan dirua gastatu behar den erabakitzeko erreferendum bat deitu behar ote den, orduan ere ados egongo litzatekeela.

Uste duzu Kataluniako gizartean babes zabala duen proposamena izanda ere ez litzatekeela proposatu beharko?

Berreste demokrazia ez da nire eredua. Batzuetan, zuri ala beltz proposatzen duten erreferendumek kale itsuetara eramaten dituzte gizarteak. Brexit-a daukat orain gogoan. Egoera ikaragarri konplikatuentzako erantzun sinpleak dira. Kataluniako gizartean ez daude zuriak eta beltzak bakarrik, beste ├▒abardura asko ere badaude.

Independentismoko ahots batzuk adierazi dute bi aukera proposatu beharko lituzkeela erreferendumak: Kataluniako Gobernuarena eta Espainiakoarena. Zer iruditzen zaizu?

Nire ustez, erreferendum batera eraman beharko liratekeenak akordio proposamenak izan beharko lirateke. Gizarteak erabakitzeko aukera izan behar du? Bai, baina batzeko pentsatuta dauden akordioei buruz, eta ez gizartea zatitzen duten aukerei buruz. Akordio berri bat beharko genuke, eta beharrezko arau aldaketak negoziazio horren ondorio izan beharko lirateke.

Zer beharko luke akordioak?

Identitatearekin zerikusia duten elementu jakin batzuen aitortza beharrezkoa da, eta finantzaketa arloko aldaketak ere bai. Horrez gain, argitu beharko luke nola parte hartuko duten autonomiek estatuaren gobernantzan eta Europako gaietan. Elementu federalak behar dira.

BERRIAn argitaratua (2020/07/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA