astekaria 2020/07/10
arrowItzuli

politika

«Erabakitzeko eredu partekatua da bidea»

Enekoitz Esnaola

«Erabakitzeko eredu partekatua da bidea»

Barakaldoko (Bizkaia) plaza elektoral garrantzitsuan hitz egin baino bi ordu lehenago Bilbon dago, Sabin Etxean. Trajea eta gorbata. Jaurlaritzako jarduneko lehendakari gisa ere hitz egiten du. Iñigo Urkullu da (Alonsotegi, Bizkaia, 1961), EAJren lehendakarigaia.



Indartsu al dago Iñigo?

Indartsu nago, eta ilusioz.

Lehendakari zarenetik (2012), hau al duzu unerik zailena?

Gizatasun arloari begiratuz gero, bai: Zaldibarren oraindik bi pertsona desagertuta daude, eta, bestetik, koronabirusarena dugu. Politikoki eta ekonomikoki, izan dira urte gorabeheratsuagoak.

%60ko parte hartzea izan zen 2016an. Txikienetan hirugarrena.

Ordukoa bezainbestekoa izango den itxaropena dut, baina ikusi behar da zer testuingurutan gauden.

%60tik jaitsiz gero, erantzuleetako bat al zinateke hauteskundeetara orain deitzeagatik?

Ez. Koronabirusaren eraginaz gain, urteotan herritarrek ez dute interes handirik agertu Europako, Espainiako eta erkidego honetako hauteskundeez, eta testuinguru horretan ere kokatu behar da.

COVID-19aren agerraldi batzuk daude: Orion, Ordizian…

Beti egin dugu ohar birusak hor jarraitzen duela.

Baldintzak ba al daude hauteskundeak normal egiteko?

Momentuz [2020-7-6], bai.

Programan 1.097 ekinbide ditu EAJk. Guztiak betetzea, zaila?

Bai, baina konpromiso hori betetze aldera aurkeztu gara.

2012ko ekinbide bat ez zenuen bete lehendakaritza hartzean: EAEko estatus politiko berriaz erreferenduma 2015ean egitea.

Nire esku egon izan balitz, egingo genukeen.

Lehendakariak badu akuilua...

Legebiltzarkideek daukate agindua, eta aurtengo urtarrilean erabaki zuten Autogobernu lantaldearen zeregina bertan behera lagatzea, oraingoz. Hurrengo legealdian ekin beharko zaio berriz ere.

Egongo al da estatutu berria?

Gugatik bai. Gernikako Estatutua bete beharko litzateke, aldi berean.

Bost «herri konpromiso estrategiko» dauzkazue programan: enplegua, berrikuntza, klima, gaztedia eta osasuna. Zergatik ez dago estatutu berriarena?

Hasieratik diogu nortasun berezia duen herri bat garela eta hori garatu egin nahi dugula. Kanpainan zera azpimarratu dut: enplegua, gizarte kohesioa eta autogobernua.

Zein lirateke oinarriak?

Nazio izaeraren aitortza, eskumen gehiago autogobernu gaurkotuago bat garatzeko eta Espainiako Estatuarekin aldebikotasun berme sistema bat izatea.

Madrilek ez balu onartuko Eusko Legebiltzarraren erabakia?

Kataluniakoa galdeketa baten bitartez bideratu behar bada, zergatik ez egin Euskadin? Ez dut uste Espainiako Gobernua ezberdintasunak egiteko moduan egongo litzatekeenik. Espainiako presidenteak badaki noren babesa jaso zuen presidente izateko.

Ikusten da haien borondatea zein den: berrogei urte daramatzate estatutua bete gabe.

Baina iazko urtarrilean Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu zuen bete gabe dena bermatzeko.

Ikusten al duzu Euskal Herriaren parte hau oinarri horiekin independentziaren bidea jorratzen?

Ez dakit hori posible izango den. Ez dut uste gaur egun mundua bide horretatik doanik. Erabakitzeko eredu partekatua da bidea.

Izan dira independentziarako erreferendumak: Quebecen, duela sei urte Eskozian…

Eta ez dute aurrera egin. Europako Batasunak eraikitze prozesuan jarraitzen du, eta nazio-estatu direnek ere barruan badituzte gabeziak eta konpondu beharrekoak.

Zuk baztertu egiten duzu Kataluniako bidea.

Bai. Antzua da aldebatekotasunaz hitz egitea, azken batean negoziatu egin behar denean. Beraz, hobe da hasieratik negoziatzea.

EAJk eta EH Bilduk akordioa lortu zuten estatus berriaren oinarriez. Gustatu al zitzaizun?

Bai, baina beti esan dugu akordioak zabalagoa izan behar duela.

EAJ, PSE eta EPren adituek gero testu bat adostu zuten, bakoitzak bere ñabardurak eginez. Zabalagoa al da hori?

Hemen onartzen dena gero Espainiako Estatuan gauzatu egin behar da, eta jakin behar da Kongresuan zer ordezkaritza dugun eta zer bideragarritasun. Ezker abertzaleak esaten zigun EAJrekin adostutakoa ez bazen irteten, tiraderan gordetzeko. Bai, tiraderan gorde, eta gero zer? Kontua ez da hori.

Bost hilabete dira Zaldibarkoa gertatu zela. Zabortegira ikuskatzera noiz joan zara azkenekoz?

Koronabirusa dela-eta osasun larrialdiarena erabaki genuenean [martxoaren 13an]. Lau aldiz egon naiz [desagertuen] senitartekoekin. Tokian bertan, hiru aldiz egon naiz. Egunero dut han egiten ari denaren informazioa.

Zabortegiaren kudeaketa pribatua dela esatea zuen ardura gainetik kentzeko modu bat al da?

Ez, inola ere ez. Lau sailburuk eta bostok agerraldi bat egin genuen legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean. Zaldibarkoa lur eremu pribatu bat da; kudeaketa enpresa pribatu batena da, eta aztergai da erakundeek izan dezakegun erantzukizuna. Bi txosten egiteko agindu genuen, eta Justiziari laguntza eskaini diogu. Ateratzen denarekin hartu beharreko erabakiak hartuko ditugu, gardentasun osoz.

Nolako kontrol publikoa izan zuen luiziaren aurretik?

Ingurumen sailburuak azaldu zuen egindako kontrola.

Jaurlaritzaren iazko ekaineko ikerketa batek dio hemezortzi arau hauste izan zirela.

Bai, baina txostenak dio gabezia puntualak izan zirela eta ez ziotela egonkortasunari eragin.

Aditu batzuek diote zabortegi hartan sartzen zena ikusita, arau hauste horiek arintzat jotzea…

Baina dena zegoen baimenduta. Hori aurkeztu dugu epaitegietan.

Lehendakari bazina berriro, halako azpiegituren pribatizaziorako joera mugatuko al zenuke?

Bai, eta gure programan daukagu industriaren hondakinak artatzeko eta kudeatzeko zentro publiko bat sortu beharko genukeela.



(Iñigo Urkullu, pasa den astelehenean, Bilbon. ARITZ LOIOLA, FOKU)

Azpiegitura erraldoi handi batzuk badira erkidegoan. Jasangarria al da hori ingurumenerako?

Irisgarritasunarekin batera, ingurumena zaindu behar da, eta hori da gure planteamendua. Lehiakorrak ere izan behar gara, eta Europarekin lotura izan behar dugu.

Europako Kontu Auzitegiak esan berri du beste 29 urte beharko direla EAEn AHTa bukatzeko.

Estatuaren eskumena da.

Zuentzat gaur egun buruhauste bat al da proiektu hori?

Buruhauste bat da, duela hamabost urte egina egon behar zuelako.

Diru asko kostatzen da AHTa.

Hasiera batean kostatu egiten zaigu, aurrekontuetan aurreikusten dugu, baina gero kupo bitartez kentzen dugu. Beraz, oreka.

Esan bezala, dirua aurreratzen duzue. Krisia dator berehala.

Obra horretatik ere lana sortzen da. Eta ekoitzitakoa Europan bideratzea ere bada lehiakorra izatea.

Agindu duzu lehendakari bazara murrizketarik ez duzula egingo.

Ez da izango.

Eragile batzuek diote murrizketak egin izan dituzuela.

Zenbakiak zenbaki dira. Gizarte politiketan izan dugu lehentasuna. Osasun Sailean lau urtean aurrekontua %15 igo dugu, Hezkuntzan %12 eta langilerian %15.

Zergarik ez duzula igoko esan duzu. Zorpetzera joko al zenuke?

Bai, eta hori da Espainiako Gobernuari negoziatzeko aldarrikatzen ari naizena. Gure baliabideak baditugu -aurrekontuak onartuak-, aurten 830 milioi inguruko zorpetze maila ere bai, eta Espainiako Gobernutik itzuli gabeko ezohiko funtsa izan dezakegu edo Europatik etor daitekeena ere bai.

COVID-19aren krisian aginte bakarra zela eta, lehendakari kargua mugatuta ikusi al zenuen?

Alarma egoera ezarri zenetik salatu nuen gure eskumenak mugatu zitzaketela. Espainiako Gobernuak gero kogobernantza terminoa erabili zuen, baina oraindik ez da behar beste gauzatu.

EAE estatua balitz, COVID-19aren datuetan Europan puntan legokeela esaten da.

Alderantzizkoa esango nuke. Puntan egongo ginateke egin ditugun proba kopuruan: 300.000 proba milioi biztanleko.

EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du Osakidetzak ez zuela bete prebentzio araudia.

Beste gauza batzuk ere esan ditu. Ebazpenean dio Osakidetzak aitortu duela batzuetan material gabezia izan zela, eta auzitegiak ebazpenean aitortu du prestakuntza egon dela eta kudeaketa on bat.

Gobernu onaren eredutzat dituzue zuenak. EAJrekin lotutako kide batzuen hainbat ustelkeria kasu atera dira azken urteetan.

Nire agintepean ez dira izan kide horiek, eta alderdia bera inoiz ez dute zigortu ezergatik. Guk kode etiko bat dugu; hogei pertsonek bere kabuz planteatu dute ea betetzen zuten halako salaketen aurrean, eta hamazazpi ebazpen errugabe izan dira eta beste hiru ebazpen jorratzen ari dira.

Zigor epaiek judizialki ez, baina politikoki zipriztindu dute EAJ?

2010ean sortu zen De Miguel auzia, eta EAJn erabakiak hartu nituen [EBBko buru gisa]. Hamar urtera etorri da ebazpena, eta nik neuk Lehendakaritzan egindako agerraldi publikoan esan nuen EAJren irudia lainotu egin duela.

Kudeaketa onaren gobernutzat ere badituzue zuenak. Azkeneko legealdian aurreikusi zenituzten 28 lege asmoen heren bat onartu da Eusko Legebiltzarrean.

Gobernu Kontseiluan 21 onartu ditugu, eta legebiltzarrak gero...

Gehiengo osorik ez izateagatik?

Horrexegatik.

Orain gehiengo osoa nahi duzula adierazi zenuen ekainaren 22an.

Nahiko nuke gobernu sendo bat, gehiengo oso batekin.

Zer duzue lotuta PSE-EErekin?

Oraingoz, ez dago ezer hitz eginda.

Aukerarik ikusten al duzu EH Bildu-PSE-EP gobernua sortzeko?

EH Bilduk eta PSEk esan dute ezetz, eta sinistu egin beharko dut. PSEk eta PPk 2009an ere ezetz esaten zuten, baina egin zuten akordioa gero. Oraingoan, ez dut uste.

EAJ ezkerrekotzat jo duzu politika sozialetan.

Europako Batasuneko gizarterik kohesionatuenetako bat da erkidego honetakoa. EAJ agintean egon da 1980tik, hiru urtetan salbu, eta zerikusiren bat izango zuen. Abortuaren Legearen alde ere egin genuen. Oso sinplistak dira ezker-eskumaren planteamenduak, oso demagogikoak.

EAJ-EH Bildu aukeraz, ahaztu?

Hitz egin beharrekoa da. Baina politikan printzipio etikoa eta balio batzuk partekatu behar dira, eta gobernantza eta gizarte eredua.

Zerk bereizten zaituzte gehien?

Gizarte ereduak eta gobernantzak.

Espetxe politika aldatzen ari al da Espainako Gobernua, ala mugimendu batzuk baino ez daude?

Isilean mugimenduak egiten dira.

Baina aldaketa al da hori?

Ez da izan beharko litzatekeena. Apirilaren 27an gobernuari gutun bat bidali genion, esanez beharrezkoa dela koronabirusaren eraginagatik ere aldaketa egitea.

Urte hasieran «kontzeptu aldaketa» planteatu zuen Lehendakaritzak: euskal presoak gerturatu, gizarteratzeko. Aldaketa handia al litzateke?

Beti esan dugu zenbat eta hurbilago egon, gizarteratze prozesuak errazago liratekeela.

Gazteek badakite euskara. Erabileran badago gabezia. Hizkuntza politika zorroztu behar al da?

2018ko Euskaraldia erabilpenaren helburura begira planteatu genuen. Kanpainak ez luke izan behar hasieran izan zen 11 egunekoa, jarraipen batekoa baizik. Lortu beharko genuke Ahobizi eta Belarriprest egunerokotasunez jorratzea.

Eta hori legedian nola jaso?

Euskararen normalizaziorako beste prozesu bat egiteko planteamendua dago.

BESTE ELKARRIZKETAK:
Jose Ramon Becerra (Equo Berdeak)
Idoia Mendia (PSE-EE)
Miren Gorrotxategi (Elkarrekin Podemos)

Maddalen Iriarte (EH Bildu)
Oharra: Carlos Iturgaizek (PP-C's) ez dio elkarrizketa eman BERRIAri

BERRIAn argitaratua (2020/07/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA