gizartea
Ikara bozkalekuetan
Jon Ordoñez Garmendia
>Ikara. Hitz horrek adierazten du ondoen igandean Ordizian (Gipuzkoa) hauteskunde mahaietan egon behar dutenek zer sentitzen duten. Normalean ez da inoren gustuko plana izaten, baina azken astean sortu den koronabirus fokuak bestelako sentimenduak eragin ditu Ordizian, eta horietako bat ere ez da atsegina.
«Ni ikaratuta nago igande gauetik. Hiru hilabete daramatzat Carrefourren segurtasun neurri pilo batekin lanean; supermerkatuetako langileek ez dugu etenik egin, eta jendaurrean aritu gara une oro, arriskupean. Horrekin nahikoa ez, eta orain, hau», dio Sonia Garciak. Igandean Urdaneta ikastetxeko bozkalekuetako batean presidente izango da. Garciak bezala, ehunka auzokideren aurrean egon beharko dute Izaro Beitiak eta Xanti Salcedak. Beitia bokala izango da frontoian jarriko dituzten mahaietako batean, eta Salceda presidente, Oianguren institutuan. Guztiek nabarmentzen dute ez zaiela iruditzen aste honetan herrian bizi izaten ari den egoeran hauteskundeak egin beharko liratekeenik. Hala dio Adur Ezenarro alkateak ere: «Jende pilaketa eragotzi behar dela esaten digute, baina hauteskundeak dira Ordizian egiten diren gauzetatik jendetsuenetako bat». Jendearengandik ihesi joan da Beitia familiaren baserrira, baina igandean fokuaren erdian sartu beharko du. Beldurrak bi norabide dauzka bozkalekuetan egon behar dutenentzat. Batetik, kutsatuak izateko arriskua dago, eta, bestetik, kutsatzaile izatekoa. Izan ere, Garciak eta Beitiak ez dute egin aste honetan ehunka herritarrek egin duten proba; inork ez die esan egin behar dutenik: «Ni ez naiz ibili Etxezarreta kalean, eta inguruan ere ez dut hor egon den inor. Baina zalantza daukat ez ote nukeen egin beharko jakinda zenbat jende izango dudan aurrean igandean», dio Beitiak. Salcedak halabeharrez egingo du gaur PCR proba: atzo itxi zuten taberna batean egon zen ostiralean. «Itxieraren berri izan dudanean, lanetik atera naiz, eta txanda eskatu dut». Gaineratu duenez, berak dakiela badago Ordizian pertsona bat mahaian egon behar zuena eta bere kuadrillako batek positibo eman duelako, harreman zuzena izan duelako, egon ezin izango dena. Berrogeialdian egon beharko du Salcedak ere emaitza jakin bitartean. Eta ez da bakarra izango. Ezenarrok adierazi du mila pertsona inguru zeudela atzo etxean emaitzen zain, eta kopuru horrek gora egingo duela. «Non geratzen da pertsona horien bozkatzeko eskubidea?», galdetzen du Beitiak. «Eta gaixo daudenak?» 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan %65 izan zen parte hartzea Ordizian. Alderdiek aste honetan helarazi dituzte postontzietara botoak, herriaren aste honetako errealitatearekin inolako zerikusirik ez duten leloekin, baina ikusteko dago abstentzioa zenbatekoa izango den igandean. Bakartuta daudenei, normalean joaten ez direnak eta beldurrez joango ez direnak gehitu beharko zaizkie. Demokraziak festarako motibo gutxi izango du igandean Ordizian. «Eta gaixo daudenak joango dira botoa ematera? Guk hori kontrolatu ahal izango dugu?». Olaberriko Carrefourrera sartu aurretik tenperatura hartzen diote Garciari egunero. Ez daki, ordea, antzeko neurririk izango ote den igandean, ez boto emaileentzat, ezta mahaian egon behar dutenentzat. «Ez du inork hautsiko berrogeialdia?», galdetzen du Beitiak. «Norberaren ardura da, baina nork bermatzen digu denok arduraz jokatzen dugula?». Mahaietako presidenteek bilera bat dute gaur Udalean argibideak jasotzeko. Salceda ezingo da joan, ordea, PCR probaren emaitza jakin arte etxean berrogeialdian egon behar duelako, eta Garciak ere ez, lana duelako eta ez dutelako ziurtagiririk egiten bilera horretara joan ahal izateko. «Etxera bidali digute liburuxka bat nola jokatu azalduz, baina hau guztia gertatu aurrekoa da, oso orokorra», dio Salcedak. Gida horretan azaldu diete ez dutela ukitu behar boto emaileen nortasun agiria, urrutitik erakusteko eskatu behar dutela, eta maskara une batez kentzeko ere eska dezaketela identifikatzeko. Kezka zabalduta dago herrian: nork bermatuko du inoren begi bistan ez dauden boto paperak ez dituela inork ukitu? BERRIArekin hitz egin duten hiru lagunek deitu dute udaletxera beren kabuz informazioa eskatuz. Astelehenean deitu zuen Garciak. «Maskarak eta gela emango dizkigute, eta udaltzainek esan didate manpara bat ere jarriko dutela». Beitiak, atzo: «Udalak jendea kontratatu du sarrera-irteerak kontrolatzeko». Eskertuta daude biak ere udaleko langileek eman dieten arretagatik. Bi maskara emango dizkietela esan diete: kirurgikoa bozketarako, eta FFP2 motako beste bat boto zenbaketarako. Garciak beste FFP2 maskara bat erosi du bere kabuz. Beitiak ez zion garrantzirik eman gidaliburuari igandean fokuaren berri izan zuen arte. Aste honetan jarri da urduri koronabirus fokuaren tamaina ikusita, eta nola jokatu ez dakiela dio. Ordiziako Udalak prest zuen fokua sortu aurretik hauteskundeak egin ahal izateko plan berezi bat. Bozkalekuak ugaritu egin dituzte, herritarrak sakabanatzeko. Hori, ordea, Ezenarrok atzo gogoratu zuenez, fokuaren erdian egon aurretik zen: «Orain ez da nahikoa». Beitiak dio: «Urkulluk esan du ez dutela aztergai ere hauteskundeak ez egitea. Ba, nire ustez, astearteko bileraren ondoren arrazoi horiek guztiak badira nahikoa ez egiteko edo atzeratzeko, besterik ez bada».