bizigiro
GETARI ETXEGARAI
«Geure hizkuntzan barre egin ahal izatea oso garrantzitsua da»
Mikel Elkoroberezibar Beloki
Ekain amaiera arte Barre librea saioan ibili zara bakarrizketa egile eta aktore. Zer balorazio egiten duzu programari buruz?
Niretzat kristoren aukera izan da, eta balorazio orokorra bikaina da. Talde polita osatu dugu, eta oso ondo moldatu gara: barre pila bat egin dugu. Gainera, egoera ikusita, bat-batean lana edukitzea niretzat opari bat izan da.
Nola sentitu zara bakarrizketak egiten?
Ahalegin handia egin dut, ez nagoelako bakarrizketak egiten oso ohituta. Hala ere, irailean jarraituko dugunez, hasiko naiz martxa hartzen.
Hasieran, gainera, nire lehen bakarrizketa fikzionatua izan zen, eta ez zuen eragin handirik izan. Beraz, ordutik aurrera, erabaki nuen nire inguruko gauzak kontatzen hasiko nintzela.
Nola egoten zara erosoago publikoaren aurrean: zeure burua aurkeztuz ala pertsonaia bat gorpuztuz?
Hasieran fikzioa egin nuen, uste nuelako erosoagoa izango zitzaidala, baina konturatu nintzen ezetz: askoz errazagoa da neure buruaz barre egitea eta nire gauzak kontatzea. Gizentasunaren edo dislexiaren gaiekin askoz hobeto funtzionatzen du. Orduan, uste dut hemendik aurrera hortik abiatuko naizela.
Oso garrantzitsua da nork bere buruaz barre egitea, eta umoreak hortik hasi behar duela iruditzen zait. Horrela, gainerakoez barre egiteko lizentzia izan dezakegu.
Barre librea saioak zer ekarpen egin dio euskal umoregintzari?
Nik uste dut geure buruaz eta gure hizkuntzan barre egitea oso garrantzitsua dela. Askotan entzuten ditugu beste batzuk gutaz barre egiten, gurea ez den hizkuntza batean, eta ez dauka niretzat interes handirik. Gure hizkuntzan barre egin ahal izatea oso garrantzitsua da.
Gainera, programa honetan bereziki ondo egin dugu euskalkiak erabiltzen, naturaltasuna areagotu duelako. Etorri den pertsona bakoitzak bere euskalkian egin du; jendeak asko baloratu du. Euskalkiak gure altxorra dira, eta erabili behar ditugu.
Zer moduzko osasuna du euskal umoregintzak, zure ustez?
Umore asko egiten da. Ni antzerkitik nator, eta oholtzetan kalitatezko umorea ikusten da. Telebista publikoa beste kontu bat da, hor zailagoa baita umore librea egitea. Horrek arduratzen nau; izan ere, beti egoten dira zentsurak.
Autozentsura egin duzu edo zentsuratu zaituzte inoiz?
Gu saiatzen gara geure burua ez zentsuratzen eta umore librea egiten, baina, gehienetan, kanpotik dator zentsura. Barre librea-n gertatu izan zaigu: bakarrizketaren bat telebistan bota eta gero, esan izan digute noizbait zerbait ez genuela esan behar izan. Nik uste dut larria dela: ez genuke onartu behar. Baina, batzuetan, ez daukagu beste erremediorik.
Zeintzuk dira umorearen mugak zuretzat?
Nik oso argi daukat umoreak ez daukala mugarik. Bakoitzak bere umorea dauka, eta, agian, niri grazia egiten didanak zuri ez dizu graziarik egiten, eta alderantziz. Duela gutxi, batek esan zidan norbere umoreak norbait mintzen badu ez dela umorea, eta ez nago batere ados; izan ere, umore guztiek mindu dezakete norbait. Horrela jarraitzen badugu, mugak jartzen handik eta hemendik, azkenean ezingo dugu umorerik egin.
Zeintzuk dira zure hurrengo proiektuak?
Xake Produkzioen hirugarren antzezlana prestatzen gabiltza orain: Fadoak entzuten zituen gizona. Maskulinitateari buruzkoa da, eta Tolosako [Gipuzkoa] Leidor antzokian estreinatuko dugu, irailaren 18an. Gainera, berehala hasiko gara Erlauntza filmatzen ere. Lan asko egiten dut, eta datorkidana eskuak zabalik hartzen dut.