astekaria 2020/07/10
arrowItzuli

kirola

Beste polemika bat Kontxan

Aitor Manterola

Beste polemika bat Kontxan

Kontxako Bandera eta eztabaida amaigabeak albiste dira berriz. 2018an gertatua hankaz gora jarri du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai batek. Urdaibaik balorazio hau egin du: «Arrazoia eman digu 2018ko Kontxaren deskalifikazioari dagokionez, eta irabazlearen bandera eta sariak eskatzeko aukera zabalik utzi du. Ezarritako zigorrik gabe, Bermeo izan zen onena bi igandeetako denboraren baturan».

Duela bi urteko Kontxan, lehen jardunaldian, Urdaibaik eta Zierbenak arraunak jo zituzten bigarren luzean. Bermeoko kluba jo zuten errudun epaileek, eta aurrena kaleratuak izan eta gero, beste ebazpen bat eman zuten ondoren: Bermeokoen egun hartako denborari azkenarena ematea, hamabost segundo gehituz. Bigarren jardunaldian, Hondarribiak irabazi zuen bandera, baina Urdaibairen zigorra baliogabe geratuko balitz, bi egunetako denborak batuta, banderak Bermeon behar luke.

Agustin Aranburu Urdaibaiko behin-behineko zuzendaritzako kidea da orain, eta duela bi urte presidentea zen. Epaiari buruz aritu da lehenik eta behin: «Justizia Auzitegiko hiru epailek esan dute duela bi urte Kontxan akats larria egin zutela epaileek. Ez du epaile batek esan, hiruk esan dute».

Orain, helegitea aurkezteko hilabeteko aukera dute aldeek, eta estropadaren antolatzaileak, Donostiako Udalak, iragarri du balitekeela hori egitea. Eneko Goia alkateak hitz egin zuen atzo gaiaz: «Ez dugu baztertzen helegitea aurkeztea». Arrazoitu egin zuen erantzuna: «Bandera batentzat edo bestearentzat izateaz harago, gauza asko jartzen ditu jokoan epaiak. Adibide batekin azalduta, futbolean epaileek erabakitzen dute jokaldi batean gol sartu den edo ez. Talde batek helegitea jar badezake, eta handik hiru urtera epaile batek ebatzi gol sartu den edo ez...».

«Harrituta» azaldu zen Goia epaiarekin, «baina erabaki judizialak ezin direnez zalantzan jarri, ez dugu horrelakorik egingo. Kirol proba batean, kasu honetan Kontxako Banderan, epaile batzuek hartzen dituzte erabakiak, eta harrigarria da epaiarekin hori guztia ari direla zalantzan jartzen. Eta inoiz ez da horrelakorik egin gurean». Aurreko kasu batzuen aipamena ere egin zuen: «Izan ditugu aurrekariak, eta horrelakorik ez da sekula gertatu. Harritu egiten gaitu epaiak, lehen gure aldekoa izan zelako». Lehen aldia dionean, lehendabizi estropadako Lehiaketa Batzordeak eta gero Donostiako Administrazio epaitegiak ebatzitakoaz ari da. 2005ean, Pedreñak ere hartu zuen kirol jardunetik kanpoko auzibidea, eta bost urte geroago eman zuen behin betiko epaia Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiak.

Aranburuk aipamena egin die Goiaren hitzei, eta futbolarekin alderatzea ekarri du gogora: «Beti argumentu bera erabiltzen dute, eta oker daude. Beste kirol batzuetan aldatzen dituzte epaileen erabakiak, eta ez da ezer gertatzen. Gainera, guk ez dugu eskatzen estropada berriz epaitzeko. Eskatzen dugu epaileek egin zuten akatsa onartzeko, ez besterik. Ezin al dute hutsik egin? Guk egin genuen 2017an, uretan, eta Kontxako Bandera galdu genuen. Onartu eta aurrera».

2013koan eragin dezake

Urdaibaik duela bi urte bi jardunaldiren artean aurkeztu zuen helegiteaz ere aritu da, orain epaia ekarri duen horretaz: «Sekulako txostena osatu genuen, teknologia erabiliz, eta Lehiaketa Batzordeak eta Donostiako epaitegiak ez zuten begiratu ere egin. Orain, bai, ordea, Auzitegi Nagusiak». Udalaren gainean jarri ditu begiak: «Ez dugu eskatzen bandera kentzeko Hondarribiari. Epaia irmoa denean, Udalak erabakiren bat hartu behar badu, har dezala». Ziurtasuna azaldu du balizko helegiteen aurrean: «Auzi hau irabaz dezakegu, eta ona litzateke arraunarentzat eta Kontxako Banderarentzat. 2013ko azken emaitzan ere eragina izan dezake: «Udalean dago gure helegitea, eta ez digute erantzun». Hondarribiak irabazi zuen, epaileek Urdaibai kaleratu eta gero.

BERRIAn argitaratua (2020/07/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA