astekaria 2020/07/10
arrowItzuli

kultura

Izar bat, zinemaren itzaleko aldean

Iñigo Astiz

Izar bat, zinemaren itzaleko aldean

Hain justu, zinemaren itzaleko aldean izan da izar Ennio Morricone konpositorea (Erroma 1928-2020). Guztira, 500 film ingururentzat sortu du musika, bere emazte Maria Traviarekin batera, eta lan ezagunez beteta dago, gainera, zerrenda ezin luzeago hori. Hark konposatuak dira, besteak beste, Cinema Paradiso; The Good, the Bad and the Ugly; The Mission; Novecento; In the Line of Fire; The Hateful Eight eta beste hamaika soinu banda ezagun. Zinemagintzak izan duen konpositorerik garrantzitsuenetako bat bilakatu du ibilbide horrek. Inoiz onartu izan duenez, berritzailea eta, aldi berean, herrikoia izatea izan du betiko erronka. «Konposatzen dudanean beti sentitzen dut ardura handi bat: zerbait guztiz originala probatu nahi izaten dut, eta, era berean, ulertua izango dena». 91 urterekin hil da, duela egun batzuk izaniko eroriko baten eraginez. Femurra hautsi zuen, eta ordutik ospitaleratuta zegoen.



Mario Morricone tronpeta jotzailearen seme izanik, etxean beti ezagutu zuen musika, eta konposizio batzuk egina zen jadanik 9 urte bete zituenerako. Gerora, Goffredo Alessandrini musikariaren gidaritzapean egin zituen konposizio, tronpeta eta koru-kantu ikasketak. Musika sinfonikoko konpositore gisa hasi zuen bere ibilbide profesionala, baina, beharrak bultzatuta, RCA musika ekoiztetxearentzako pop konposizioak eta abestien konponketak egiten ere aritu zen. Harenak dira, esaterako, Sapore di sale abesti ezagunaren moldaketak. Hasieran, lotsa puntu batez bizi izan zuen abangoardiaz kanpoko sorkuntza lan hura, baina, denborarekin, beti aldarrikatu zuen ofizio horretan ikasitakoa, eta, hain zuzen ere, formakuntza bikoitz horren arrastoak gorde izan dituzte beti bere konposizioek.

Musikaren narratibotasuna

Baina benetan ezagun egin zutenak zinema munduan eginiko lanak izan dira.

Lehenagotik ere aritu zen beste konpositoreek pelikulentzako sortutako musikari azkeneko egokitzapenak egiten, lan horregatik inon ere aitortzarik jaso ez arren, eta, azkenean, 1961. urtean egin zuen sinatutako lehen lana zinemarako, Il Federale filmari soinua jarrita. Famarako saltoa, ordea, spaghetti western filmen sortzaileetako batekin eginiko lanek eman zioten. Izan ere, Sergio Leone zuzendariaren lau filmi jarri zien soinua. Hala, 1970eko hamarkadarako, mundu mailako konpositorerik ezagunenetako bat bilakatu zen, eta zuzendaririk onenekin egin zuen lan ordutik: Bernardo Bertolucci, Roman Polanski, Giuseppe Tornatore, Oliver Stone, Pier Paolo Pasolini...

Morriconerentzat artistikoki «eskasak» izan ziren hasierako western haietarako egindako konposizioak, baina balio izan zioten sona lortzeko. Are gehiago. Zuzendariak berak ere onartzen du film haiek eskasak direla, baina zinemagintzan musikak duen garrantziaren adibide ere izan daitezke, Leonek esan izan duenez. «[Film horietan] Ezinbestekoa da musika, zeren eta nire pelikulak mutuak ere izan zitezkeen kasik, elkarrizketek ia ez dutelako pisurik, eta, beraz, elkarrizketek baino gehiago, musikak azpimarratzen dituelako ekintzak eta sentimenduak».

Azken urteetan eginiko lanik ezagunenak ere egungo zuzendaririk entzutetsuenetako baten pelikuletarako izan dira. Quentin Tarantinok jada erabilia zuen Morriconeren musika Kill Bill, Django Unchained eta Inglourious Bastards filmetan, baina harentzako propio musika sor zezan tematu zen zuzendaria, eta Erromara joan zitzaion bisitan horretarako, italierara itzulitako The Hateful Eight filmaren gidoiarekin. «Nahi duzuna egin dezakezu», esan zion zuzendariak konpositoreari, eta, hain zuzen, askatasun horrek lerratu zuen Morricone baiezkora. Lan hari esker eskuratu zuen musikagileak, 2016an, merezitako Oscar saria azkenean, aurrez bost aldiz finalisten artean egon ostean. Aurretik ere jasoa zuen beste Oscar sari bat, halere, Ohorezkoa, 2006an. Horiez gain, hiru Urrezko Globo, lau Grammy eta sei BAFTA sari ere eskuratu zituen, besteak beste.

Duintasuna mantentzeko ezinezko dantza baten pare deskribatu izan zuen Morriconek zinemarako musika sortzea. Sortutako doinu horrek aldi berean ase behar zituelako hala konpositorea bera nola filma, publikoa zein zuzendaria. Baina oreka bilaketa horretan, gainontzeko guztiaren aurretik bere irizpidea ezartzea lortu izan zuen konpositoreak, eta horregatik jaso izan zituen etengabe zinema zuzendarien deiak.

Ezagun da, adibidez, haren heriotzaren harira El País egunkariak gogora ekarri duen anekdota: nola deitu zuen telefonoz Flavio Mogherini zuzendariak bere film batentzako musika sor zezan eskatuz, «Txaikovski bat» behar zuela esanez, eta konpositoreak nola eskegi zion kolpean, haserreak sututa eta oihuka: «Nik ez dizut kaka ere emango».

Musika totala

Izan ere, erabateko sorkuntza zen zinemarako musika sortzea Morriconerentzat, eta hala utzi zuen idatzita bere biografian ere. «Soinu bandak konposatzeak aukera ematen dizu adierazpen era guztiekin lan egiteko: kanta melodikoarekin, rockarekin, musika dramatikoarekin, informalarekin, folkarekin... Zinemako musikak musika guztiak biltzen ditu, zinemak ere -arte modernoaren ikur denak- arte guztiak biltzen dituen bezala. Hori eskaintzen dio zinemak musikari: musika total bilakatzen du».

Milioika disko saldu zituen bere musikarekin, ehunka kontzertu eskaini ere bai bere orkestrarekin, eta musikagintzari eskainitako zortzi hamarkadako ibilbidearen ostean hil da orain konpositorea, bere musikarekin, proiektoreak ilunpetan uzten duen itzaleko aldean ere, zinemak bere izarrak izaten dituela frogatuz.

BERRIAn argitaratua (2020/07/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA