astekaria 2016/03/04
arrowItzuli

kirola

Basamortutik ihesean

Unai Zubeldia

Basamortutik ihesean

Hondar ekaitzaren erdian, urte batzuk atzera ikusi ere ez zen egiten emakumezkoen txirrindularitza. Pedalei eragiten zietenik ere ez zen jakiten orduan. Baina, oso pixkanaka bada ere, benetako apustua egiten hasi da Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuna (UCI). Gizonezkoetan, 2011n egokitu zuten denboraldia World Tourrera —UCI ProTourrari lekukoa hartu zion—, eta emakumezkoetan bost urte geroago iritsi da egitura berria. Munduko Koparen oinordekoa izango da World Tourra, denboraldiko proba nagusiak bilduko dituen egutegia.

Larunbat honetan hasiko da maila goreneko ikuskizuna, Strade Bianche klasikoarekin, eta irailaren 11n amaituko da, Madrilgo Challengearekin —gizonezkoen Espainiako Vueltaren azken egunean jokatuko da—. Eskaerak eskaera, World Tourretik kanpo gelditu dira Durango-Durango klasikoa (apirilak 12) eta Emakumeen Bira (apirilak 13-17). Egun bakarreko hamahiru lasterketa izango ditu World Tour denboraldiak, eta bost itzuli: Chongming Island (maiatzak 6-8), Kalifornia (maiatzak 19-22), Aviva Womens (ekainak 15-19), Italiako Giroa (uztailak 1-10) eta Poloniako Itzulia (uztailak 18-20).

Basamortutik ateratzeko lan zail horretan, baldintza guztiek bat egingo dute denboraldi honetan, olinpiar urteak erabat baldintzatzen duelako txirrindularitzaren egutegia. Abuztuaren 5etik 21era jokatuko dira Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoak, eta, herrialdeen izenean, puntu festa handia egongo da ekainera bitartean. Herrialdeka, txirrindulari kopuruak egongo dira jokoan, eta bakarka, selekzioen atea jotzeko erronka.

Lehen lasterketak jokatzen hasterako argi geratu da hori. Gertuenekoari helduta, bi proba nagusi jokatu zituzten asteburuan, Belgikan. Larunbatean Lizzie Armitstead egungo munduko txapelduna (Boels Dolmans) nagusitu zen Omloop Het Nieuwsblad klasikoan, eta igandean Marta Bastianelli (Ale Cipollini) Omloop van het Hageland klasikoan. Chantal Blaak (Boels Dolmans), Tiffany Cromwell (Canyon), Shelley Olds (Cylance), Lucinda Brand (Rabo Liv) eta Annemiek van Vleuten (Orica) ageri dira bi proba horietan lehen hamarren artean. Marianne Vosen (Rabo Liv) itzulerak ere sona emango dio tropelari. Lesioengatik lehiatu ezinik igaro zuen aurreko denboraldiaren zatirik handiena, baina, Rio de Janeirora begira, herbeheretarra bere onera etortzen hasita dago jada. Erritmoa hartzea bakarrik falta zaio orain.

Oihartzuna, telebista emankizunak, publizitatea... Onetik, euskarri asko dauzka onak World Tourrak, baina hogei talderik erraldoienak goratu eta gainerakoak itzalean uzteko arriskua ere badauka atzean. Egoera horretan daude Lointek eta Bizkaia-Durango, UCI mailako Euskal Herriko bi egiturak. Hogei onenetatik atzera bidali ditu sailkapenak, baina gonbidapen dezente jaso dituzte dagoeneko. Funtsean, egoera ez zaie askorik aldatuko, lehen ere gonbidapenak behar izaten zituztelako lasterketarik onenetara joateko. Gertutik zaindu beharko dute, hala ere, World Tourraren bilakaera.

Beldurrak alboratuta, Dori Ruano Lointekeko zuzendaria (Salamanca, Espainia, 1969) «ilusioz gainezka» dago hasi berri den sasoiari neurria hartzeko. «Iaz urtarrilean iritsi nintzen taldera, eta dena lotuta zeukaten ordurako. Nik egindako multzoa da aurtengoa». Sheyla Gutierrezen falta da nabarmenena. «Baina beste Sheyla bat sortzea espero dut». Eider Merino da euskal herritar bakarra. «Eta Eider bera da, adibidez, izan dugun hutsuneak mesede egin diezaiokeen txirrindularietako bat. Oso ona da, baina sinetsi egin behar du».

Bizkaia-Durangok ere «aldaketa dezente» izan du, Agurtzane Elorriaga zuzendariaren hitzetan (Iurreta, Bizkaia, 1978). «Baina kontuan hartu behar da euskal txirrindulariei gorengo mailan lehiatzeko aukera ematea dela gure filosofia. Horren bueltan eraiki behar izaten dugu ahalik eta talderik lehiakorrena». Bost euskal txirrindulari daude taldean: Irati Idirin, Lierni Lekuona, Lourdes Oiarbide, Nahia Leonet eta Paula Lanz. Eta, Idirin eta Leonetez gain, zazpi fitxaketa egin dituzte: Heidi Dalton, Roos Hoogeboom, Kim Le Court, Lise Olivier, Andreina Rivera, Olga Xekel eta Gleydimar Tapiarenak.

Italiako Giroari begira

Italiako Giroan izango dira bi taldeak. Gonbidapena falta zitzaion Lointeki «denboraldiko lasterketarik garrantzitsuenera» joateko, eta, gonbidapena eskuetan zuela, aurrekontua betetzea Bizkaia-Durangori. «Bide onetik goaz, eta, ezusterik ezean, Giroan izango gara», zehaztu du Elorriagak. Horrez gain, Espainiako Kopa eta Euskaldun Torneoa begiz jota dauzkate bi taldeek, eta Durango-Durangon eta Emakumeen Biran «presentzia lortzen» saiatuko dira. Nazioarteko talde erraldoietatik urrun daudela barneratuta, bai, baina ausart jokatzeko batere beldurrik gabe.

BERRIAn argitaratua (2016/02/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA