astekaria 2020/07/10
arrowItzuli

bizigiro

PIRRITX, PORROTX ETA MARIMOTOTS

«Haurrak eta herriak libre direnean izango gara denok libre»

Mikel Elkoroberezibar Beloki

«Haurrak eta herriak libre direnean izango gara denok libre»

Pupu eta Lore duela hamar urte jaio zirenean, Aiora Zulaika Pirritx (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1975), Joxe Mari Agirretxe Porrotx (Lasarte-Oria, 1964) eta Mertxe Rodriguez Marimotots (Lasarte-Oria, 1968) pailazoek haurtxoei utzi nahi zieten munduaren inguruan hausnartu zuten. Hausnarketa horren fruitua da Amets Arzallusen hitzak eta Xabier Zabalaren musika daukan abestia: Munduko loreak.



Zergatik da Munduko loreak zuen abesti kuttuna?

AIORA ZULAIKA: Izenburua jolastia da: munduko loreez eta mundu koloreez hitz egiten du.

JOXE MARI AGIRRETXE: Metafora bat ere bada: haurrez eta herriez hitz egiten du.

A.Z.: Txikitasunaren aldarria egiten du abestiak, azken finean.

«Haurtxoek eta herritxoek behar dute libre izan»?

MERTXE RODRIGUEZ: Dudarik gabe, gizaki guztiok bezala. Haurrak eta herriak libre direnean izango gara denok libre.

J.M.A.: Munduko loreak dira haurrak eta herriak, eta mundu koloreak nahi ditugu: ez dugu nahi mundu zuri-beltz triste bat, oso esku gutxitan dagoena. Zati txiki askoz osaturiko puzzle handi bat nahi dugu, aniztasuna eta inklusioa oinarri izango dituena, bakoitzak beretik eman dezan.

Nolako «loreak» dira haurrak?

J.M.A.: Haurrak sortzez irudimentsuak, sortzaileak eta naturalak dira.

M.R.: Oraindik kutsatu gabeko pertsonak, alegia.

Gizakiak kutsatu egiten dira haziz eta sozializatuz doazen heinean?

A.Z.: Hezten dituzun ereduen arabera da hori.

M.R.: Baina ez da hori bakarrik. Goian esku batzuk daude, gizartean eragina dutenak. Hortik joaten da kutsadura hori gutxinaka sortuz.

J.M.A.: Eta hori jaiotzen garen momentutik bertatik gertatzen da: izan genital bat edo bestea, kolore bat edo bestea...

A.Z.: Motxila bat ezartzen zaizu. Hala ere, dena ez da inposizioa. Hezkuntzan badago eman eta hartu bat: hor dago itxaropena.

Abesti horrek koloretako mundu bat aldarrikatzen du. Zein da aniztasunaren balioa zuentzat?

A.Z.: Aberastasuna da: kultura eta hizkuntza batek mundu ikuskera bat, ulertzeko modu bat eta emateko modu bat eskaintzen dizu, eta horretan datza aberastasuna.

M.R.: Kolore guztien artean oreka bat egongo balitz, oso aberasgarria litzateke mundua, eta oreka horretan oinarritzen da askatasuna.

J.M.A.: Gainera, askatasuna egunero irabazi behar den zerbait da. Bizitza, zaintza, jasangarritasuna eta askatasuna jarri behar dira erdigunean, eta Euskal Herrian badauzkagu nahikoa indar mundua norabidez aldatzeko, baina hori artikulatu behar dugu. Txikiak gara, baina elkarrekin indartsuak: sakabanatuta daukaguna josi eta elkarrekin ekin behar dugu. Hortik emango diogu munduari geure kolorea.

«Munduak handientzat bakarrik sortu zituen eskubideak». Zeintzuk behar lirateke izan haurren eskubideak?

A.Z.: Herrietan, auzoetan eta eskoletan egiten diren prozesu parte hartzaileak haiekin egitea da gakoa. Ez da haurrentzat mundu bat pentsatzea, baizik eta haurrekin pentsatzea, eta haurrekin erabakitzea. Haurrekin pentsatutako herria, auzoa eta mundua denentzat da, inklusiboa da.

J.M.A.: Eskubideekin batera, ardura ere aldarrikatzen dugu. Txikitatik hasi behar dugu elkarri entzuten, elkarri begietara begiratzen eta denen artean adosten nola bizi nahi dugun. Hori txikitatik egiten baduzu, handia zarenean zure eskubideak eta ardurak betetzeko posizio sendoago batean izango zara.

Garrantzitsua da abestien bidez mezuak transmititzea?

A.Z.: Haurra sormena eta jolasa da. Hizkuntza, haurrentzat, beste jolas bat da, eta modu jolasti batean errimaren bidez mezu bat transmititzea izugarria da.

M.R.: Gainera, musikak barneko sentimenduak mugitzeko gaitasuna dauka.

A.Z.: Urtero saio berria hasten dugunean esaten dugu mundua konpontzen ari garela, baina hurrengo urtean berriro dago konpontzeko. Mundu txikien konpontzaileak gara, baina lana ez da bukatzen. Hala ere, denok izan gaitezke mundu txikien konpontzaile, denok dugulako eragiteko gaitasuna.

Nola konponduko duzue mundua hurrena?

J.M.A.: Gure hurrengo lanak heriotza izango du ardatz: Amaren intxaurrak izango du izena, eta azaroan estreinatzea da asmoa. Marimototsen ama hil egingo da, eta heriotza, dolua eta halako gaiak landuko ditugu.



BERRIAn argitaratua (2020/07/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA