astekaria 2020/07/10
arrowItzuli

bizigiro

Saldoko zazpigarrena

Berria

Saldoko zazpigarrena

Urdailean ozenago sentitu ditu taupadak eskortetako pasabidean aurrera egin ahala. Sakon hartu du arnasa, gorotz eta hezetasun lurrin sarkorrak sudurzuloak ireki dizkio, bihotza kitzikatu. Animalia usaina. Ongi doa dena, ez du oraindik usaimena erabat galdu.

Begirada lurrerantz makurturik egin du bidea, begiratzeko une egokia aukeratu nahi baitu, aurrez aurrekoaren zirrara ahalik eta bortitzena izan dadin, piztiei begietara begiratu, mendekua agindu. Leihatila aurrean gelditutakoan jaso du begirada. Liluraturik, so egin dio sei Jandillen bikaintasunari: kako motzeko adakera, hanka motz ongi zuzenduak, begi handi irtenak kopeta zabaleko begitarte hirukian. Errukarriok, haien heriotzaren bezperan! Lepo zabala besarkatzeko gogoak inarrosi du, haiekin bat egiteko nahiak, zezen saldoko zazpigarrena balitz bezala.

MMY Diagnostics laborategiak E. Doktoreak gidatzen duen biologo lantaldeari zor dizkio ikerketarik iraultzaileenak, eta zuzendaritzak, taldearen prozedura guztien berri ez duen arren, ez du galderarik egiten, bereziki, arrakastak hain nekeza zaien dirua dakarrenean. E.k jatekoa eskuratzeko ematen dion neurrian dauka dirua lehentasunen artean, eta horrek laguntzen dio bere arloan hoberenetarikoa izaten, horrek eta bere etika bereziak. Zuzendaritzak ezbairik gabe egokitu zion E.ren lantaldeari SARS-CoV-2 birusaren hiperkutsatze gertaeren ikerketa, ospe ona jokoan zutela jakitun.

Taldeko birologoak gaztigatu zion birusaren subtipo kutsakorrago hartaz, C3 leinuaren oldarkortasunaz, gaixo ostalariaren ezaugarri genetiko jakin batzuei lotuta. Harro sentitu zen E. bere taldekide gazteenaz. Benetako ezustea, ordea, gaixo superkutsatzaileen genomek eman zioten.

-Koronabirus honen ostalari bikaina zinateke, Doktore.

Gizaki «akuriak» konparatzeko programa pilotua diseinatzerakoan, taldekideen genomak sekuentziatu zituzten lehenengo eta behin. Ez zitzaion erraza izan kideak konbentzitzea; izan zen lantaldea utzi zuenik, baina bere ideiak egonkortzea lortu zuen E.k noizbait, eta geroztik ez zen zalantzarako zirrikiturik izan. Animaliak baztertu, eta gizakiak izan zituzten esperimentu-gai. Ordura arte, sekula ez zieten esperimentu saioak egiteko alderaketek taldeburua seinalatu. Boluntario zerrenda luzea zuten, «akuri» izateko prest munduko bazter guztietatik heldutako gizon eta emakumeak, nork bere zergatiari eutsirik, nola itxaropenagatik, hala itxaropenik ezagatik.

Hasierako ezustekoa pasatuta, bere konpromisoa nolakoa zen ulertu zuen E.k. Zientziari zor zion, eta, batez ere, gizakiak suntsitutako izadiari; hantxe zuen artean inoiz imajinatu gabeko aukera.

Fresko argitu du uztailaren 7ak, eskuak hatsaz epeldu eta igurtziz iritsi da zazpietan Telefonica parera, jantzitakoan zuri kutsugabea izandako galtza barrenak zipriztinez bete dizkiotelako zapuztuta. Ohiko usain mingotsa, «San Fermin usaina», ia sumaezina zaio gaur; uste baino hobeki doa dena, beraz, galtzen zuritasuna gorabehera. Ingurura begiratu du, gainerako korrikalariak imitatzeko prest. Berarengandik gertu, entzierroetako Divino bat gomendioak ematen ari zaizkio taldetxo bati. Multzoa desegin eta elkarri zorte ona opatuz hasi diren une berean inguratu da. Eskua luzatu die banan-banan guztiei, eta poztu egin da inork ez diolako agurrari uko egiteko imintziorik egin, areago, izan delako besarkada ere eskaini dionik.

-Bospasei-pentsatu du-, ez da hasiera txarra.

Estafetan aurrera egin du hartara, aurrez aurre topatu dituen korrikalariei bostekoa eskaini eta animoak emanez, arrisku-kide izateak ezinbestean batzen baitu. Jakingo balute, ordea, zenbaiteraino diren arrisku-kide! 800 metro elkartasun keinu bete, arrisku keinu bete. Piztia adardun batzuen aurrean jartzeko prest dagoenari aise ahazten bide zaizkio zomorro ikusezinak.

-Berrogeita hamar... hirurogei...- zalantza egin du- askotxo, halere. Zakura.

San Domingoko aldapako horma-hobiko aldaretxoaren parera doi iritsi da lehen kantua hasterako, eta ezin izan da jendearen artean nahi beste murgildu; horregatik, azken asteetan ikasitako hitzak korapilatu bazaizkio ere, ozen abestu du distantziak laburtu nahian. Bigarren kanturako erdietsi du taldearen erdigunea, bere asmoetarako kokapen estrategikoa. Erraza izan zaio, lekua egin baitiote giri aztoratuari, eta pozez ohartu da han badirela aurrez agurtu dituen korrikalarien adina bikoizten dutenak. Eztul txikia egin du eztarria garbitzeko, mesfidati begiratu diote ingurukoek, eta irribarrea bota die. Nekez irudika lezakete zer dagoen barkamen eske dirudien irriaren azpian. Ekin diote azken kantuari, bada, eta haren notekin batera hedatu dira C3 leinuko SARS-CoV-2aren mikroorganismoak ere, santuaren bedeinkapen baino gehiago, madarikazio gisa.

MMY Diagnostics laborategian, ikerketen ondorioak txosten enkriptatuan zituen E. Doktoreak gorderik, munta handikoa baitzen informaziorik ez isurtzea, inoiz bainoago. Hala adierazi zien kideei, eta baten batek, aurreko ikerketetan erakutsi ez zuen gehiegizko zuhurtziaz gain, mehatxu zantzua ere hartu zion Doktorearen adierazpenari; argi zuten denek, ordea, nazioarteko prestigioa ekar ziezaiekeen hiperkutsatzeei buruzko aurkikuntza zaindu egin behar zutela, eta, hortaz, taldeburuari men egin.

Ekainaren hondarreko egun batez, jardunaldia bukatu ostean harekin gelditzeko eskatu zion Doktoreak birologo gazteari.

-Nolako karga birikoa beharko luke ostalariak kontaktu laburretan kutsatzea eragiteko?

Gazteak begietara begiratu zion nagusiari, eta begirada hartan arrotz zitzaion zerbait sumatu zuen. Paper mutur batean idatzi zion eskatutakoa. E. Doktorearen bisaiak asaldaezina zirudien, hitzetik hortzera adierazkortasuna galdurik. Paper muturra patrikan gorde, eta taldekidea agurtu zuen. Atea itxi eta pasabidean aurrera zihoala, birologoak garrasia entzun zuen.

-Itzela izango da!

Atezuan, korrika atera zen.

Udaletxe plaza zeharkatu du E.k, jendetza zezenketetarako mandoen inguruan zebilela. Gaztea zen lehen aldiz plaza hartan zezenketen aurka biluztu zenean; gorriz tindaturiko larruz animalien sufrikarioa salatzea jarrera inuxentea iruditzen zaio orain. Baina egun ez da inolaz ere orduko gazte xalo ameslaria; egun badauka bere iraultza horrenbeste espanturik gabe egiteko gakoa, mendeku isilerako giltza. Ezin izan dio haien umeak mandoen bizkar gainera igotzeko bultzaka ari diren gurasoen artean sartzeko tentazioari eutsi. Umeak aitona-amonekin utziko dituzte gero, taberna heze eta jendetsuetan elkarren hatsa arnasteko; jo eta bertan bota.

Zezen plazara sartzeko, MMY Diagnostics-en izenean egindako gonbidapena erakutsi dio atezainari, eta horrek keinu bidez seinalatu dio zezendegirako bidea. Barrenak nahasirik sentitu ditu, eta zalantza egin du birusaren eraginagatik ote den edo zezenen apartatzea ikustera elkartutakoen aldarte alaia ikusteagatik. Animaliak nork zein hurrenkeratan akabatuko dituen erabakitzeko zain ikusi ditu zezenketariak. Goragalea sentitu, baina etsitzeko garaia ez dela deliberatu du; ez orain, itua aurrez aurre duenean. Hasi da zozketa; zoriak zezen lohikara bat jo duenean, estuasuna sumatu du E.k bularraldean. Ekintza heroikoak ez dira inoiz errazak; halaber, mendekua.

-Normaltasun zuri-gorria-esan du kolkorako-. Inozoak. Saldoko zazpigarrena ez da suziriaren zain gelditzen adarrak astinduz kalera egiteko. Zazpigarrena ez da zozketan sartzen, muletak ez du zauritzen. Abestu sorbaldei helduta eguzkitako harmailetan; itzaletan txalokatu jantzi dirdaitsuko serieko hiltzaileak, eta egin topa eraildako animaliaren odolaz. Zezenak kalean gora bezain oldarkor itzuliko zaizue zomorroa; saldoko zazpigarren piztiarenak izango dira, azkenean, Olé ozenenak.

Bihar: Gora Pandemin (VI). Ander Perez eta Txema Esteban.

BERRIAn argitaratua (2020/07/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA