astekaria 2020/07/10
arrowItzuli

kultura

Pandemiaren aztarna koloretsua

Amaia Igartua Aristondo

Pandemiaren aztarna koloretsua

Konfinamenduak agerian utzi du jada jakina zena: iheserako estrategiak ezinbestekoak direla. Arteek eta entretenimenduak pisu nabarmena izan dute norbere buruaren kudeaketa emozionalean, eta badirudi krisi honek lausotu egin duela erabilgarritasunaren auzi zaharra, behin-behinean bada ere. Sorkuntzak errealitate gaiztoaren ihesbide gisa funtzionatu du beste behin. Fenomeno horren lagin bat jarri du ikusgai orain Bilboko Aire galeriak. Hemeretzi artistaren lekukotza artistikoa jaso du Konfi19 erakusketan, sortzaileek azken hilabeteetan bizi izandakoaren zati bat etxeetatik kanporatuz. Besteak beste, Naia del Castillo, Damaris Pan, Julen Agirre, Marina Suarez Ortiz de Zarate eta Jon Mantxi dira proiektuan parte hartu duten artistetako batzuk, eta uztailaren 31ra arte egongo dira haien lanak ikusgai.

Erakusketak «ostrazismotik ateratzeko animoak» eman dizkie artistei, Alfonso Ramirez Escudero koordinatzaileak azaldu duenez. Haietako bakoitzak modu askean ondutako piezez osatuta dago ikusgai dagoen bilduma, ez baitu aurrez zehaztutako helbururik izan. «Bakoitza bere kabuz ibili da lanean, eta gero obra guztiak batu ditugu. Nahi izan duten ikuspuntutik sortu dute: ludikotik, ironikotik, fantastikotik...».

Erakusketa «kuriosoa» erdietsi dute, Ramirez Escuderoren ustez. «Obretan ez dira gai oso transzendentalak jorratu. Bakoitzak bere poetika pertsonalean sakondu du». Ariketa horren ondorioz, denek bizi izandako egoera baten ertz ezberdin eta originalak batzen ditu erakusketak. Aire galeriaren barruan margolanak, ilustrazioak eta bideoak aurki daitezke, baita origamiaren teknika erabilita egindako animaliak ere; sei urteko ume baten hilabete hauetako denbora-pasaren produktua. «Ez dago mezu konkreturik zer edo zer egitearen entretenimenduaz harago».

Plastikozko pieza txikiekin egindako figurak erdigunean burezur bat margotua duen mihise batekin uztartzen ditu erakusketak, pandemian izandako bizipen askotarikoen isla. Erakusketako bideoetako batean, emakume bat agertzen da kontortsionismoa praktikatzen, etxeko korridoreko izkina estu batean, aurrez aurre duen proiektore batek etengabean aurreko garaietako irudiak botatzen dizkion bitartean. Miren Barrenarena da pieza, eta, bertan, agerian daude telekomunikazioak ere, mezularitza digitaleko aplikazio ezagun bateko irudiekin, zeinetan lagun talde batek aita santuaren ekintza baten inguruan diharduen. «Gertatu diren gauzen lekukotza gisa islatu nahi izan du artistak solas hori. Identitate krisi batzuk bikain islatzen dira eguneroko hartu-eman horietan», azaldu du Ramirez Escuderok. Obretan ageri diren bizipen eta sentipen asko, beraz, ez zaizkio ezezagunak egingo bisitariari.

Prekaritatetik ondua

Alarma egoera ezartzearekin bat, Aire galeriak ateak itxi behar izan zituen martxoan, eta martxan zegoen erakusketa bertan behera utzi behar izan zuten. Galeriak ez zeukan erakusketa berririk aurreikusita, eta konfinamenduaren inguruko hau irekitzea erabaki zuten. Arte Ederretako artistak sustatzea da Aire galeriaren egitekoetako bat, ezohiko proiektuak egin nahi dituzten artisten obrak erakusteaz gain, baina hainbat bilduma tematiko ere ikusgai jarri ditu, eta horregatik erabaki zuen Ramirez Escuderok Konfi19 erakusketak ere galeriaren irizpideekin bat egiten zuela.

Halako egoera batek eragiten dituen ondorio emozionalez gain, materialen hornidura falta izan da artisten oztopo nagusia. Itxierak etxean zituzten osagaiekin lan egitera bultzatu ditu. Ramirez Escuderok «beharrak bertute» bilakatu dituztela aldarrikatu du. «Prekaritatea poetika bilakatu behar izan dugu». Edukiak ez ezik, formak ere pandemia garaiaren xehetasunak helarazten ditu: «Batek koadernoko bi aldeak erabili ditu, aprobetxatzeko. Beste batzuek garbitasunerako produktuak edo iodoa erabili behar izan dituzte pintura moduan».

Orain, hiru hilabeteren ondoren, galeriak berriro ireki ditu ateak, erabat garaikidea den proiektu batekin ireki ere. Itxita egon diren asteek eragina izango dutela ziur dagoen arren, Ramirez Escuderorentzat egungoa ez da egoera berria, artearen esparruko proiektu asko ezin daitezkeelako prekaritatearen mamutik askatu egoera onenetan ere: «Galeria bat irekitzen duzunean, badakizu zerekin egingo duzun topo. Ohiz, jende gutxi dator artea ikustera, eta ez dira asko obrak erosteko prest daudenak». Aldiz, etorkizuna «pixka bat zaila» ikusten duen arren, orain arteko bidean segituko duela dio: «Erakusketak egiten jarraituko dugu. Gainontzekoa ez dago jada gure esku».

BERRIAn argitaratua (2020/07/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA