astekaria 2020/07/10
arrowItzuli

iritzia

Zarautz-Iruñea

Samara Velte

Zarautz-Iruñea Samara Velte

Uztailarekin batera, berriz hasi dira Iruñea-Zarautz-Iruñea bidea egiten duten autobusak programatzen. Hurrenkera eta norabide horretan, itxura baitu ia inork ez duela kontrako norantzan bidaiatu nahi: kostatik barnealdera, alegia. Zutabegile hau, ordea, iritsi berria da Gipuzkoako kostaldetik bere maleta eta tramankulu guztiekin hiri buruzagira, noiz eta pandemiaren urtean, noiz eta sanferminik ere egongo ez denean, kamaleoi bat ispiluzko labirinto batean baino galduago. Alde Zaharrean zehar mapa bati helduta dabilen bakarrenetakoa dela sentitzen du oraindik, nahiz eta bera ez den ofizialki turista. Konfinamenduaren ostetik berpiztu den eta, aldi berean, bere burua gogoz kontra kontrolatu beharra daukan hiri batean dago: berez aste honi legokiokeen elektrizitate korronteari egunero-egunero voltio batzuk jaitsi beharko balitzaizkio bezala, gas galdara berrien antzera. Estafetako kontatzaileak zuzenean egin du jauzi datorren urteko uztailaren 6ra. Sanferminik ez dago ofizialki, baina inork ez du izan nahi festak lurperatzen dituen lehena. Ofizialki existitzen ez den aste bat ari gara bizitzen. Nolabaiteko normaltasun bat nahi genuke, gutxienez eguerditako bermutak eta bazkariak zalantzan jarriko ez dizkigun segurtasun minimo bat, baina irratiak egunero gogorarazten digu oso urrun gaudela oraindik zeinahi normaltasunetik: aski izan daitekeela ezkontza bat, funeral bat edo poteo bat, komunitate oso batek bere burua arriskuan ikusteko.

Beti geratzen dira, noski, arriskua ikusi nahi ez dutenak, aste honetarako beste plan batzuk zeuzkatelako, antza garrantzitsuagoak. Zaila da ez pentsatzea birusaren garai gogorrenetan ere, eta «ardura» eskatzen zigutenean, jendea ezkontzak, jaiak eta oporrak agendatik ezabatzen hasi zenean, beste batzuen lehentasunak uztailaren 12 honetan zeudela.

BERRIAn argitaratua (2020/07/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA