astekaria 2016/03/04
arrowItzuli

bizigiro

ANITA ETA FELIPA AIERDI

«Oso alai bizi izan ginen, nahiz eta pobre izan»

Iker Tubia

«Oso alai bizi izan ginen, nahiz eta pobre izan»

Kontent aritzen dira solasean Felipa eta Anita Aierdi (Leitza, 1934 eta 1936, hurrenez hurren). Baserrian gogor lan egitea tokatu zitzaien, gerora ere bai, eta aizkoran ere ibili ziren. Horrek erakustalditan parte hartzera eraman zuen Anita. Oraindik ere sasoiko dira, biak. Jon Maia zuzendari duen Gutik zura dokumentalerako aizkora eskuetan hartu dute, berriki. «Zapatekin joan ginen, aizkoran aritzeko moduan ez», ohartarazi du Anitak. «Egurra kaxkarra jarri ziguten, eta gu herren», esan du txantxetan Felipak. Sasoiko daudela agerian utzi dute, baina.

Aizkoraz aritu dira solasean, baina ez horretaz bakarrik. Garai bateko hamaika istorio dituzte buruan, eta kanpora atera dituzte, algara artean tarteka. Garai bateko apaiza behin eta berriz gogoratu dute. Baina hori ez da haren oroitzapen ona duten seinale, inondik inora. Argi dute gogorra izan dela haiek bizi izandakoa, baina, hala eta guztiz ere, kontent bizi izan direla harro diote.

Baserriko lan gogorretan aritzea tokatu zitzaizuen.

FELIPA AIERDI: Gu, txikienak, etxean geratu ginen gurasoekin. Orduan tokatu zitzaigun baserrian lanean aritzea. Oso nekosoa zen orduan, baina besterik ez zegoen, eta gustura aritzen ginen.

Zertan aritzen zineten?

F.A.: Normalean jorran, artoa ereiten eta belarrean. Aizkoran, zerran eta segan ez genuen hainbeste egin.

ANITA AIERDI: Zerran ibili ginen, bai, egurra mozteko. Orain arpa erabiltzen da. Oso diferentea da.

F.A.: Hori tabloiak eta egiteko erabiltzen zen.

A.A.: Forma hartan bizitu ginen, fabrika etorri zen arte.

Fabrika heldu zenean aldaketa handia izan zen?

F.A.: Pixka-pixkaka joan zen, eta gustura hartu zen. Ematen zizun denbora etxekoa egiteko. Gainerakoan, zenituen ardiak, txerriak, oiloak eta behiak. Horiek ematen zizutenarekin bizi behar zenuen. Ardiak ematen zuen axuria; sanferminak aldera, ilea, esnea eta gazta. Lau edo bost urtez gero, udazkenean saldu egiten zen ardia, eta gelditzen ziren axuriak. Zerriak ere. Hiltzen zenituen pare bat, eta bazenuen jatekoa luzerako.

A.A.: Txistorrak eta solomoak olio eta gantzetan gordetzen ziren, ez baitzen hozkailurik orduan. Argirik ere ez.

F.A.: Orduan egin behar zenituen gazitu ahal zirenak, eta gainerakoak olioetan paratu. Hori ikaragarri goxoa izaten zen.

A.A.: Leitzan hiru apaiz ziren, eta baserriz baserri ibiltzen ziren. Halakoa zen orduan erlijioa. Ederki sartzen zen apaiza, jainkoaren ordezkoa zela eta. Amak eta aitak esaten zuten: «Horiei eman behar zaie». Guk erantzun: «Bai, eta gu hemen begira? Horri eman behar al zaio?». Orduan, aita zenak esaten zigun: «Egon isilik, hori jainkoaren ordezkoa da eta».

Bistan da apaiza ez zenutela sobera maite.

A.A.: Gauza bat kontatuko dizut. Konfesatu egin behar ginen, eta konfesioa errepikatzeko eskatzen zigun apaizak. Behin esan zidan ez niola gauza bera kontatu, eta ea bietarik zein zen egia. Nik esan nion: «Bitara kontatu dizut, beraz, hartu nahi duzuna». [Irriak]. Arrosarioarekin penitentzia eginez zigortzen gintuzten hemen, eta batzuk Tolosara joaten ziren konfesatzera, arrosarioaz libratzeko.

Baserriko lan horiek asko aldatu dira?

F.A.: Lehen, baserrian hiru behi eta 50 ardirekin dezente bizi zinen. Lauzpabost behirekin, baserri handia zenuen. Orain hogei behirekin ezin dira bizi. Zer diferentzia dagoen.

A.A.: Dirurik gabe ez du bizi nahi jendeak. Orduan dirurik gabe bizi ginen. Erabat zorretan herrian. Txekorrak saltzen zirenean ordainduko zeniola esaten zenion, baina hari ere komeni zitzaion. Okindegira joan, gu zorretan sartuta, eta ogia saltzen zuenak bazekienez nork zuen dirua, hari ematen zion aurrena.

Artajorran aritu zineten. Nolakoa izaten zen lan hura?

F.A.: Peonak hartzen ziren, artoa pilatzen zen, eta, ez bazenuen agudo zuritzen, artaburua egiten zen berotu, eta kalitatea galtzen zuen. Artoa zuritzen hasten zinen gauean. Bi edo hiru kilometro joaten ginen artoa zuritzeko. Baina, artoa zuritu ondoren, ematen ziguten tragoa, gero dantza, eta primeran pasatzen genuen.

A.A.: Gauerdikoa oso ona ematen ziguten: gazta eta ogia. Gero, mahats beltza ere bai. Kafea eta kopa hartzen zuen ahal zuenak: koñak edo anisa. Oso ongi pasatzen genuen, eta izugarrizko kuadrilla biltzen ginen.

Beraz, lana bakarrik ez. Lana bestarekin uztartzen zenuten?

A.A.: Bai. Eta artaburu beltza ere izaten zen. Artaburu beltza tokatzen zitzaionari ondokoari musu eman behar zion. Niri atera eta gustuko mutila ez banuen, beste bati pasatzen nion.

F.A.: Artaburuak sala guztiari buelta ematen zion batzuetan.

A.A.: Forma horretan oso alai bizi izan ginen, nahiz eta pobre izan.

F.A.: Gero, batak besteari laguntzeko beti prest. Baserri batetik bestera, batek lanak aurreratuak zituen, besteak laguntza behar, eta beti laguntzen zuten elkar. Iratzea ebaki, bildu eta metatan sartzen, adibidez.

Dantza maite duzue?

A.A.: Bai, bai. Hemen sonatua zen Leitzako ingurutxoa. Iruñera ere joan ginen dantzatzera, eta jende asko izan zen. Eta Doneztebera, Franco joatekoa zelako. Guk Franco nor zen ongi jakin ez, eta, gainera, kontent, behingoagatik herritik atera ginelako.

F.A.: Hemen ere aritzen ginen dantzan. Akordeoi jolea ekarri, eta txapela pasatzen genuen hari ordaintzeko. Balsa jotzen zuenean, herrizaina makilarekin etortzen zen! Gorriti eta Areso, txikiagoak izanda ere, han bai, han balsa dantzatzen ahal zuten.

Aizkorarekin trebe ibili zarete.

A.A.: Bai, eskola hartzea baino errazagoa zen. Ni oso burugogorra nintzen.

F.A.: Gazta pusketa bat hartu, eta mendira joaten zen eskolara ez etortzeagatik.

A.A.: Ikasteko gogoa behar baita. Etxean egurra izateko atarian aritzen ginen egurra puskatzen. Aizkora ibiltzen ikasi genuen boligrafoa baino hobeki. Nik behintzat. Honek ere, estudioa hartuagatik, igual-igual hartzen zuen aizkora.

Anita, nolatan hasi zinen publikoaren aurrean aizkorarekin?

A.A.: Aizkora kontua izan zen Oiartzunen inaugurazio bat egin behar zutela, eta Esteban Saralegik —Kristinaren aitak— esan zuen emakume bat nahi zuela aizkoran aritzeko. Jesus, horretara joanen naiz ni. Hark, ea joanen nintzatekeen. Joanen ez naiz ba! Han hasi zen aizkoraren asuntoa, baina ez nuen asko segitu. Herrian ere egin zen urte batez aizkoran aritu zirenekin ekitaldi bat, eta orduan ere egur bat moztu nuen. Ordurako 45 urte banituen. Baina apustuetan eta ez naiz batere ibili. Ni orduan gelditu nintzen, eta Kristina hasi zen, orduan gaztea baitzen.

Nolakoak ziren erakustaldi haiek?

A.A.: Emakumeak hasi aurrena, eta gero bere semeak segitu. Hori nire kasuan. Emakumea aizkoran aritu zela erakusteko izan zen. Leitzan hasi eta bukatu norberak egin behar zuen, eta egin nuen. Nire fantasia zen, alde batetik hasi eta gero bestetik bukatzea.

Jende asko biltzen zen?

A.A.: Bai, bai, jende asko. Igeldon ere izan ginen, eta Aizarnan. Donostian, Antiguan ere bai. Ni ohiturik nengoen aizkoran aritzera, eta ez nion inportantzia berezirik eman. Eskolan biderkatu eta kendu baino nahiago dut nik aizkoran aritu.

Ez zen ohikoena izanen emakumeak plazan aizkoran aritzea, ezta?

A.A.: Ez zen, ez. Galtza janztea ere bekatua zen eta! Aizkoran aritzeko gonarekin ibili behar genuen.

Bidea irekiko zenion baten bati.

A.A.: Gu jada urteetan goian baikaude, baina baditugu iloba eta alaba sokatiran aritzen direnak.

Leitzan aizkolari asko izan dira.

A.A.: Baina orain ez du inork segitzen. Jon Errekondo dago bakarrik. Lehen aizkolariak hemen dozena erditik gora ziren, onak gainera: Gartziarena... Orduan afizio handia zen horretan. Baina jauntxoak dirua ibiltzen zuen, eta lana egiten zuenari gutxi eman.

F.A.: Garziarenari egin zioten ba ederra. Haren prestatzaileak apustua besteek irabaztearen alde egin zuen. Horrek deus jakin ez, eta besteak ikusi zuenean eman eta eman ari zela, aizkora igurzteko zerrautsean kristala jarri zion. Eskuak odoletan blai puskak erori arte aritu zen, eta irabazi egin zuen. Tranpak egiten ziren.

Erakustaldietan, hainbeste jenderekin, zer sentitzen zenuen Anita?

A.A.: Zer sentituko dut, ba, ari nintzela, eta poza jendea begira zegoelako. Ahalik eta hobekien egiten zenuen. Kolpea zuzen ematea zen, eta, huts eginez gero, esaten zizuten: «Ez du inporta, segi, eman hurrengoa». Eta segi aurrera. Gutxi urduritzen nintzen.

Zuek asko joaten zineten herri kirolak ikustera?

A.A.: Gu kanpora ez ginen asko atera, bertan izaten baitzen. Kanpora joan izan gara pilotariak eta ikustera, eta aizkolariak ikustera noizbait Tolosara.

Zuek 1936ko gerraren inguruan jaio zineten. Ez zen xamurra izanen.

A.A.: Ni 1936ko uztailaren 18an jaio nintzen. Pentsa, denak mendira atera ziren, eta nire ama gaixoa, bitartean, erditzen.

Euskaldunak izanda, nola bizi izan zenuten frankismoa?

A.A.: Beldur handiarekin.

F.A.: Dena euskaraz egiten genuen, eta eskola erdaraz ematen zuten. Guk erdaraz ez genekien, zer leitzen genuen ere ez genekien, beraz, pentsa. Euskaldunak nahiko baztertu zituzten.

A.A.: Gero, errazionamendua. Konparaziora, zortzirendako bidaltzen bazuten —gu etxean zortzi ginen— jauntxoak berarentzako geratzeko sei ematen zizuten. Tranpak beti izan dira.

F.A.: Garia ereiten zenuen, eta deklaratu behar zenuen zenbat ereiten zenuen.

A.A.: Gerra ondoa oso pobrea izan zen. Guardia zibilak izaten ziren hemen, eta denak kontrabandoan aritzen ziren. Guardia Zibilarekin ongi etorri behar zenuen, eta ama ongi eramaten zen haiekin. Txerria hiltzean txistorra, solomoa eta ematen zien. Konfiantza mantendu nahian faboreak egiten zizkien. Orduan, esaten zioten halako trenetik irin zakua botako zutela. Beraz, hartu-eman horri esker, Guardia Zibilak bastante lagundu zion amari kontrabandoarekin. Baina oso bizimodu tristea izan zen orduan.

F.A.: Latza, nahi eta nahi ez trankil ezin bizi frankismoan.

A.A.: Berastegira pasatzeko menditik joan behar zenuen. Ez zegoen kamioiarekin pasatzerik.

Kontrabandoan ibiltzea tokatu zitzaizuen?

F.A.: Guk herriko tratanteari saltzen genion, eta hark hartzen zituen bere peonak, eta haiek pasatzen zuten bestaldera.

A.A.: Anaiei tokatu zitzaien axuriak Gipuzkoara pasatzea.

Herria aldatu dela uste duzue?

F.A.: Elkartasun gutxiago dago, lehengo anaitasun hura falta da. Denak hemengoak ginenez, errazagoa zen elkarri laguntzea.

F.A.: Diruak ere egiten du hori.

Bestela ere aldatuko zen?

F.A.: Bastante hobeki bizi gara orain, dirua dago eta. Orain biziotan gehiago gastatzen dugu, lehen jaten baino. Orduan olioa, azukrea eta kafea erosten zenituen. Gaztarik ez zuenak, txokolatea, eta gero bokadilloak elkarri trukatzen aritzen ginen.

BERRIAn argitaratua (2016/02/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA