astekaria 2015/10/16
arrowItzuli

mundua

EYYUP DORU

«Ankarako sarraskiak erantzule bat dauka; Erdogan du izena»

Kristina Berasain

«Ankarako sarraskiak erantzule bat dauka; Erdogan du izena»

Elkarrizketaz elkarrizketa eta solasaldiz solasaldi aritu da goiz osoa Eyyup Doru (Igdir, Ipar Kurdistan, 1960). Ankarako atentatuak oihartzun zabala izan du nazioartean, eta hari dagokio alderdiaren eta herri kurduaren izenean aritzea. HDP Herriaren Alderdi Demokratikoak Europan duen ordezkaria da. Bruselan bizi da aspaldian, ikasketak egiteko utzi baitzuen jaioterria, baina bere herriarekiko konpromisoak asilo politikoa eskatzera behartu zuen gerora. Nazionalitatea ez duela aldatuko dio, harrotasunez. Eta Ararat mendi magaleko haran eta ibarrak bezalakorik ez dagoela. Momentu gogorretan paraje horiekin akordatzen dela.

Ankarako atentatuan 97 lagun hil zituzten, zuen alderdiko bi ordezkari tartean. Lehenik eta behin, doluminak.

Mila esker. Bi hautagai galdu ditugu, bai, baina esan daiteke hil ziren lagun guztiak gure jarraitzaileak zirela. Bakea eskatzeko elkartu ziren, elkartasuna adierazteko, mundu justu bat aldarrikatzeko, eta lagun horiek denon begien aurrean hil ditu gobernuak. Kolpe latza eta galera handia da. Bakearen eta askatasunaren kontrako atentatu ankerra.

HDPko banderekin zegoen talde baten aurrean leherrarazi zuten bonbetako bat.

Gure alderdia bete-betean jotzea zen atentatu horren helburua. HDPren kontrako gerra zikinaren parte; egoitzei erasoz eta diputatu eta alkateak atxilotuz, gehiengo absolutua eskuratu zuten alkateak; Cizrekoa, Silopikoa, Hakkarikoa, Banekoa... Igdir, nire herrikoa. Azken batean, antolatzeko modurik izan ez dezagun saiatzen ari dira, sistema kontraesanean jarri eta eraldatzeko ezkerreko indar demokratikoa baikara, eta itxaropena piztu baitugu. Gure alderdia ahultzeko metodo antidemokratiko guztiak baliatu ditu Erdoganek. Eta azaroaren 1eko hauteskundeen bezpera arte arituko da horrela.

Gobernuak Estatu Islamikoa egin du atentatuaren erantzule. Salahattin Demirtas HDPko presidentekideak, berriz, estatua...

Hala da. Guretzat oso argi dago. Turkiako Gobernuaren eta Estatu Islamikoaren arteko lotura estua da. Ekintzaile islamistak baliatzen dituzte, baina aginduak nork ematen ditu? Estatu sakona deitzen diogu kurduok horri. Euskal Herrian GAL izan zenuten bezala, hemen talde paramilitar islamistak baliatzen dituzte gerra zikin eta ilun hau egiteko. Guretzat ez da sekretu bat, eta zuzenean eta publikoki akusatzen dugu Erdogan. Ankarako sarraskiak erantzule bakar bat dauka; Erdogan du izena. Suruçen eta Diyarbakirren bezala. Kobanekoa izan eta gero oso agerian geratu da nola babesten duten elkar.

Diyarbakirgo atentatua ekaineko bozak baino bi egun lehenago izan zen, eta gehiengo absolutua galdu zuen Erdoganek. Ez al du estrategia aldatuko?

Erdoganek ez du estrategia aldatuko, baina garaitua izango da. Oraindik ez ditu ekaineko emaitzak onartu, eta herri kurduaren kontrako oldarraldiari ekin dio. Horregatik antolatu du atentatu anker hori, eskuin muturraren botoak eskuratuko dituela pentsatuta. Baina HDPk ekainean baino boto gehiago lortuko ditu orain. Etorkizuna demokrazia eta askatasunarengatik borrokatzen duten herriena da.

Hauteskundeak egiteko baldintzarik ba al dago?

Baldintzak zailak dira, baina ez dago beste aukerarik; nazioarteko behatzaileak eskatzea baino ez daukagu balizko demokrazia honetan. Kazetariak eta oposizioko kideak atxilotzen dituzten demokrazia honetan. Turkia demokraziaren eredu dela esaten dute, baina zer demokraziarena? Kartzelen demokraziarena? Hilketen demokraziarena? Errepresioaren demokraziarena? Ezin dugu demokraziaz hitz egin, baizik eta erregimen faxista baten kontra erresistentzia egiten duten alderdi demokratikoez.

Turkian bigarren greba eguna da (atzo). Larunbateko martxa antolatu zuten sindikatuek deitu dute. Zein da erantzuna?

Masiboki erantzun du herriak. Gobernuak jarraitzen du militarrekin manifestazioak trabatzen, baina herriaren erantzuna eredugarria da. Ikasleak, langileak, eta funtzionarioak... Denak atera dira kalera. Gobernuaren kontrako jarrera, oro har, oso handia da.Gobernua ataka larrian dago masakre honen ostean.

Eta Ipar Kurdistanen?

Estatua dena egiten ari da herri kurduaren askatasun borroka zapaltzeko, eta jazarpena ankerra bada ere, ezin izan dio balazta jarri desio horri. Setio egoera ezarri dute hainbat hiritan, eta armada guztia bidali arren, gudu orgak barne, ezin izan dute herria kontrolatu. Ipar Kurdistanen boterea eskuratu dugun arren, armadaz, poliziaz eta zerbitzu sekretuez beteta daude herriak, hiriak eta bailarak.

Berriz bake negoziazioak abiatzeko moduko egoerarik izango al da bozen ostean?

Dolmabahçeko Akordioa zapuztu zuen Erdoganek. Gerrari ekin zion berriz. Baina irtenbidea ez dago gerran; auzi kurduaren jatorria politikoa da, eta irtenbideak politikoa behar du. Negoziatzea beste biderik ez dago; PKK eta gobernua mahai berean esertzea.

BERRIAn argitaratua (2015/10/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA