astekaria 2020/07/10
arrowItzuli

bizigiro

Ur eta baso ederrak

Iker Tubia

Ur eta baso ederrak

Pandemia garaietarako eremu zabalak dira egokienak, distantziak mantentzeko parada eskaintzen baitute. Horietako bat da Urbasa-Andia natur parkea. Sakana hegoaldean eta Lizarrako merindadeko iparraldean dago (Nafarroa), eta 21.408 hektareako parkea da. Mendi ibilbideak egiteko eta Urederra ibaiaren iturburu liluragarriarekin gozatzeko leku aproposa da.

Ezbairik gabe, Urederraren iturburua da natur parkean gehien bisitatzen den lekua. Urbasa-Andiako mendigune karstikoan sortutako ur geruzaren irteera natural nagusia da hori: milioika urtez isuri diren urek sortu dute arroka anfiteatro eder hori. 1987an natur erreserba izendatu zuten iturburua. Oinez joan behar da bertara, Bakedanotik aterata (Nafarroa). Joan-etorria 6,2 kilometroko bidea da, bi ordu eta erdian egin daitekeena. Bisitari kopuru handiengatik sarrera mugatua da; beraz, aldez aurretik erreserba egitea beharrezkoa da www.urederra.navarra.es webgunean. Egunero 500 lagunek bisitatu dezakete Urederra. Gainera, bidearen azkenengo zatia itxi egin dute segurtasunagatik eta ingurumena berreskuratzeko. Bestalde, bisitariak hartzeko ordutegiak paratu dituzte, COVID-19k sortutako egoerarengatik.

Ibilaldiak

Urederraren gainean dago Ubabako behatokia edo Pilatosen Balkoia. Mugape inguruan dago Ameskoako ikuspegi panoramiko ederrak eskaintzen dituen balkoia. 300 metroko amildegiko harkaitzetan saiak hegan ikus daitezke. Haren magalean, zuhaitzen gerizpean aurrera egiten du Urederrak, eta haren uren bidea aditu liteke Ubabatik. Mugapen ez da hainbeste jenderik ibiltzen; beraz, ibilaldiak egiteko toki aproposa da. Gizakiaren eragina ez da askorik sumatzen inguru horretan, eta landaredia erruz hazten da han eta hemen.

Urbasa eta Andia iparraldean daude, eta jende gehiago joaten da hara. Hala ere, 16.000 hektareako gunea da bi horiek osatzen dutena. Kanpina, sutegiak eta seinaleekin ongi markatutako ibilbideak daude: mendizaleen ibilbidea, iturrietako ibilbidea eta artzainena. Olatzagutitik (Nafarroa) abiatuta egin litezke hiru ibilbideak.

Arafe, Gortasoro, Arafezulo, Oxbarreta eta Basauntziturri dira ikus daitezkeen iturri nagusiak, eta aipatutako bide horietan daude ere Ama Birjinaren pagoa edo Seberinoren borda, txondor baten erreplika eta guzi. Eta, noski, beste hamaika txoko berezi ere badaude pagadi artean gorderik. Baina horiek bisitariak aurkitu beharko ditu.

BERRIAn argitaratua (2020/07/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA