astekaria 2020/07/10
arrowItzuli

kirola

JON ANDER PEñA

«Konfiantzaz gainezka nago momentu honetan»

Iñigo Lasa

«Konfiantzaz gainezka nago momentu honetan»

Profesionaletan hasiera zaila izan ostean, partidaz partida bere gaitasuna erakusten ari da Jon Ander Peña pilotaria (Tolosa, Gipuzkoa, 1997). Oinatz Bengoetxearen lekua hartu du behin-behinean Masters Caixabank txapelketan, eta Martijarekin bikote «sendoa» osatu du.

Konfinamenduaren aurretik itxura ona ematen ari zinen. Onenean zeundela harrapatu al zintuen itxialdiak?

Konfinamenduaren aurretik ondo ari nintzen, gustura. Niretzat txarra izan zen, baina azken batean denontzat da txarra horrelako geldialdi bat. Lan egin dugu bai konfinamenduan eta bai hurrengo bi hilabeteetan ere, eta jokoarekin bueltatzea lortu dugu.

Bikain ari zarete Martija eta zu Caixabank Mastersean. Bitik bi partida irabazi dituzue, gustura egongo zara, ezta?

Bai. Azkenean, Oinatzen [Bengoetxea] lesioa dela eta, niri aukera eman didate, eta oso gustura nago.

Espero zenuen enpresak zu aukeratzea hura ordezkatzeko?

Zalantza handiak neuzkan. Pilotari handiak daude hor: Victor, Laso... Niri aukera eman zidaten, eta, esan bezala, ni oso gustura.

Bi partida zail izan dituzue txapelketari ekiteko, Olaizola II.a-Zabaletaren aurka, eta Laso-Irribarriaren aurka. Kontrarioak ziren faboritoak, eta zuek atera zineten garaile. Txapelketa hasierako ezustea zaretela uste duzu?

Nik uste dut baietz. Aurreneko partidan, behintzat, Olaizola eta Zabaleta oso-oso faboritoak ziren gure aldean. Inork ez zuen espero guk irabaztea partida hori. Oso neurketa biribila egin, eta irabaztea lortu genuen. Bigarrenean ere beste bikotea zen faborito, eta, halere, guk irabazi genuen.

Olaizolarekin entrenatzen zara zu, baina haren kontra jokatzea ezberdina da...

Bai, txiki-txikitatik goi mailan ikusi duzun pilotari baten kontra jokatzea berezia da beti. Partida irabazita, are bereziagoa.

Martijarekin ondo moldatzen zara kantxan. Nolakoa da harekin jokatzea?

Adin berekoak gara, eta afizionatu mailan elkarrekin asko jokatutakoak. Kontra ere asko jokatu dugu. Oso pilotari sendoa da, hau da, oso pilota gutxi galtzen dituena, langilea, eta orain, gainera, fresko dago. Plazera da harekin jokatzea.

Hurrengo partida Artolaren eta Rezustaren aurka duzue, eta etxean ariko zara, Beotibarren. Haiek ere jokatutako bi partidak irabazi dituzte. Nolako neurketa espero duzu izatea astelehenekoa?

Partida oso gogorra izatea espero dut. Maila handian dauden bi pilotari dira, eta ikaragarrizko abiadura ematen diote pilotari. Oso partida zaila daukagu, baina ea partida gogor eta on bat egiten dugun, eta irabazteko aukera daukagun.

Olaizolaren eta Zabaletaren aurkakoa pilotakada askoko partida izan zen. Nola erantzun dizute eskuek?

Esku aldetik ondo nago. Egia esan, aurreko asteazkeneko partida oso gogorra izan zen. Eskuez gain, gorputz guztia neukan kargaturik, baina buelta ematea lortu dut, eta oraingoz ondo nago.

Pixkanaka-pixkanaka, pilotari onenen artean zure lekua egiten ari zara. Konfiantza aldetik nola ikusten duzu zeure burua?

Konfiantzaz gainezka nago momentu honetan. Enpresak aukera ematen dizu, eta zuk erantzun egiten duzula ikusten duzu. Nik uste dut bide onetik goazela. Lanean jarraitzeko gogoarekin sentitzen naiz.

Nolakoa da zale gutxiagorekin eta udako partidek izan ohi duten jai girorik gabe jokatzea?

Kantxa tristeagoa da zalerik gabe. Badakigu telebista bidez ikusten gaituztela, eta horrek gogoa pizten digu.

Aurten udan jokatzen duzuen txapelketa garrantzitsuena da Mastersa. Txapelketa eredua gustuko duzu?

Bai. Pilotariari partida asko ziurtatzen dizkion txapelketa bat da, luzea. [Itxialdiaren etenaren ostean] Bi partidarekin ez duzu ezer egiten, eta hemen hamalau dira. Pilotarientzat oso egokia da txapelketa hau.

Zer aurreikuspen dituzu uda honetarako?

Uda hau oso berezia da. Koronabirusa dela medio, partida gutxiago daude, eta enpresak ere justu samar dabiltza. Ni, orain, partidaka joango naiz. Hurrengo asteko partida bakarrik daukat buruan. Etortzen diren beste neurketak ere ongi etorriak izango dira.

Koronabirusa zela eta, partida garrantzitsu bat bertan behera geratu zitzaizuen Arangureni eta zuri: Promozioko finalerdiak. Hitz egin al duzu harekin partidari buruz?

Bera ere oso bikain ari da orain. Oraingoz ez dugu hitz egin, ez baitakigu nola joango den hurrengo asteetan egoera. Jokatzen bada, ilusioz hartuko dugu partida.

Bengoetxea lesiotik bueltatzen ez bada, enpresak esan dizu zer asmo duen zurekin Promoziokorako?

Oraindik ez dugu enpresarekin hitz egin. Asteleheneko partidan nago zentratuta ni orain. Gero, dena delako egoerari aurre egingo diogu etortzen den bezala.

Promozioko binakakoa jokatuko balitz, txapela jantzi eta 2017an galdutako finalaren arantza hori kentzeko aukera duzu aurten...

Polita izango litzateke. Ez dakit egoera nola egongo den hemendik bi hilabetera, eta hori enpresak erabaki beharko du.

BERRIAn argitaratua (2020/07/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA