astekaria 2016/03/04
arrowItzuli

gizartea

Euskara da Nafarroako zaborra

Iñaki Petxarroman

Euskara da Nafarroako zaborra Iñaki Petxarroman

Nafarroako azken bi asteotako jarduera politikoak erakutsi du, lehendik garbi ez bazen, zein izango den aldaketaren gobernua higatu eta ahultzeko oposizioak astinduko duen bandera nagusia: euskara.

Hezkuntzako lan eskaintza publikoaren eta, bereziki Iruñean euskarazko bi haur eskola gehiago irekitzeko udalak hartutako erabakiaren harira, kanpaina politiko-mediatikoa abiatu dute azken hamarkadetan erregimena sostengatu duten indarrak. Kontzeptu bat darabilte haien diskurtsoaren ardatz moduan: inposizioa. Haien arabera, euskara «inposatzen» ari dira gobernuaren aldeko indarrak, «helburu politiko nazionalistak» aurrera eramateko, «Nafarroako errealitate soziala aintzat hartu gabe», eta herritar ez-euskaldunak «baztertuz». Horra egunkarietako analisietan eta oposizioko alderdietako buruzagien iritzietan azaldutako ideia nagusia.

Eskuliburuko estrategia da: kaosaren sentsazioa hedatu eta gizartean kezka, aztoramena eta beldurra zabaltzea. Nafarroako errealitate sozialean euskarak ez du beste herrialde batzuetan daukan babesa, eta horri etekina atera nahi dio oposizioak, nahiz eta gobernuak martxan jarri duen hizkuntz politika oso ahula den eta, esate baterako, Euskararen Legea aldatzeko asmorik ere ez duen azaldu.

Zaila da paralelismorik ez aurkitzea aurreko agintaldian Gipuzkoan EAJk eta PSE-EEk ?eta haiekin bat egin zuen esparru mediatikoak? Bilduren gobernuaren aurka aurrera eraman zuten higatze kanpainarekin. Kasu hartan, bandera nagusia hondakinak izan ziren.

Aldeak badira, jakina. Bat oso garrantzitsua: Bilduk ez zuen gehiengorik Gipuzkoan, eta gutxiengoan gobernatzeak oztopo handiak eragin zizkion Batzar Nagusietan eta Donostiako Udalean. Nafarroako aldaketaren aldeko indarrek badute gehiengoa, bai parlamentuan, bai Iruñeko Udalean. Baina gehiengoa ez da nahi bezain erosoa, eta zenbait eztabaidatan, gainera ?euskaran eta hezkuntzan, adibidez? jadanik azaldu dira desadostasun nabariak gobernuari babesa ematen dioten lau alderdien artean.

Hiru hankako estrategia

Aldaketaren aldeko erakundeak ahultzeko estrategiak hiru hanka ditu. Lehenengoa hanka politikoa da, eta oposizioko indarrak ditu oinarri. Haien helburua gobernuan tentsioa, desadostasunak eta kontraesanak sortzea da, ezegonkortasun itxura erakusteko. Egunotan etengabe azaldu dira haien adierazpenetan kontzeptu hauek: obsesioa, sektarismoa, inprobisazioa, eskubideen zapalketa, inposizioa... Gipuzkoan Bilduren aurka erabilitako hiztegi bertsua da, funtsean. Estrategia horretan Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilaria hartu dute jomugan, besteak beste, aste honetako haren aurkako gaitzespen mozioak erakusten duenez. Gipuzkoan ere, hondakinen politikaren harira, Juan Karlos Alduntzin astindu zuten, zentsura mozio batez etxera bidali arte. Iruñeko alkate Joseba Asiron ere helburu nagusietako bat da, Donostian Juan Karlos Izagirre izan zen antzera.

Estrategiaren bigarren hanka hedabideek osatzen dute. Azken bi asteotan editorial, tertulia, analisi eta iritzi artikulu andana bat argitaratu eta emititu dituzte aldaketaren gobernuaren aurka. Gipuzkoan Bilduren instituzioen aurka bete zuten eginkizuna dakar gogora horrek ere. «Bilduk gaztelania ordezkatu du euskararekin bi haur eskoletan». Diario de Navarra-k euskarazko haur eskolak zabaltzeko albisteari emandako izenburua oso adierazgarria da. Izan ere, aldaketaren aldeko erakundeei ez diete deitzen euren izenez ?Iruñeko Udala, esaterako? Bilduren edo cuatripartito-aren izenez baizik, horrek legitimitatea kentzen baitie haien erabakiei. Gipuzkoan sistema bera erabili zuten, EAJk eta PSE-EEk erakundeak berreskuratu dituzten arte.

Estrategiaren hirugarren hanka herritarrak eta mobilizazio soziala dira. Gipuzkoan ere atez ateko hondakinen bilketaren aurka hainbat herritan hedatu zen dinamika, zenbaitetan indar dezenterekin. Nafarroan ere azken asteotan gaztelaniazko irakaskuntzaren aldeko elkarretaratze ugari antolatu dira ?ez oso jendetsuak, oraingoz?, eta pankartetan kritika garratzak egin dizkiete agintariei, batez ere Asiron alkateari.

Gipuzkoan gertatu zen antzera, higatze estrategia horri gizartetik eta arlo politikotik erantzun sendoa eman ezean, egoerak okerrera baino ezin du egin aldaketaren aldeko indarrentzat, bereziki bat eginda erantzun ezean. Aldi berean, herri mugimenduak bakarrik uzten baditu aldaketaren aldeko politikak, ahulezia eta noraeza sakondu daitezke. Gauzak hala, besteak beste, euskalgintzak eginkizun funtsezkoa du heldu diren hilabeteotan.

BERRIAn argitaratua (2016/02/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA