politika
Olatuak suntsitu duena berriro altxatzeko asmoz
Joxerra Senar
ENPLEGUA
Goiz da langabezia noraino igo daitekeen jakiteko, baina maiatzean %25 egin zuen gora langabeziak, eta tasa %13ra ailegatu zen. Egoera berezi horretan, enplegua berriro sortzea eta kalitatea hobetzea dute xede alderdiek. EAJrentzat, enplegua hazkundeari loturik dago, eta kalitatea langileen prestakuntza «hobeari» eta «enplegatzaileen lehiakortasunari». Antzeko ildotik, PSE-EEk produktibitate handitzeari erreparatzen dio, batik bat «elkarrizketa soziala» azpimarratuz. EH Bilduk ondorioztatu du pandemiak sistemaren ahuldadeak bistarazi dituela. Elkarrekin Podemos-IUk Jaurlaritzaren «anbizio faltari» egotzi dio prekaritate handia.
EAJk helburu gisa jarri du lau urtean 150.000 lanpostu sortzea eta legealdi amaieran milioi bat landun izatea eta langabezia tasa berriro %10etik behera jaistea. COVID-19aren osteko suspertze planaren ardatzetako bat da enplegua, eta 9.300 milioi euroko aurrekontua izango lukeela dio. Gainera, 2030era bitartean enplegu plan berezia garatzeko asmoa azaldu du, 1.500 milioiko aurrekontuarekin. Lanbideren kudeaketa eredua aldatzeko beharraz hitz egiten du.
EH Bilduk «enplegua babesteko ekimen politiko sendoa» eskatu du, eta, horretarako, kalitatezko enpleguaren herri itun baten beharra nabarmentzen du. Neurri nagusietan, antzeko doinua dute EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren proposamenek. EH Bilduk 1.200 euroko gutxieneko soldataren eta 35 orduko lan astearen alde egiten du, eta EP-IUk eskatu du Espainian izan den igoera «euskal herritarren errealitatera egokitzeko, eta 34 orduko lan astearen alde egiten du. Biek dute xede, berriz, zaintza lanak duintzea eta genero arrakala gainditzea.
PSE-EEk mugarritzat du enplegu politikan gizarte elkarrizketaren instituzionalizazio, eta parte hartze instituzionalaren legea proposatu du, «enpresaburu elkarteen, sindikatuen eta administrazioaren arteko elkarrizketa arautzeko». Langileak enpresaren parte hartzean inplikatzeko eta enpresak gardentasun handiagoa izateko urratsak proposatu ditu. PP-Ciudadanosek azpimarra jarri du ekintzailetza legean eta autonomoentzako neurrietan.
INDUSTRIA - BERRIKUNTZA
Bidegurutze batean dago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industria. Erreferentziazko enpresa eta taldeak ditu, ekonomiatik tira egiten dute; baina, Europako herrialde nagusietan bezala, haien pisua ahulduz doa. EAJren irudiko, «funtsezko motorra» da, eta, hari zerbitzu ematen dioten jarduerak gehituta, ekonomiaren %40 izatea jarri du helburu. Aitzitik, EH Bilduk nabarmendu du 2008ko krisitik desindustrializazio bat eman dela, barne produktu gordinean lau puntu erori baita, %28tik %24ra; «eta jaitsiera ez da berreskuratu». Helburu gisa jarri du %28ra igotzea berriz, batik bat finantzaketan jarriz azpimarra: 800 milioi euroko inbertsio publikoa eta horren aldeko herri ituna proposatu du. Sozialistek egungo egoerari eustea jarri dute xede, industriaren pisua BPGren %25ekoa izatean jarrai dezan.
Industriaren erronketako bat 4.0 delakoa da. EAJk trantsizio teknologikoa bultzatzeko konpromisoa du, eta, besteak beste, proposatzen du 5G teknologia bultzatzea, datuen gune berri bat lantzea eta adimen artifizialeko aplikazioak garatzeko zentro bat eraikitzea. PSE-EEren ikuspegitik, trantsizio horrek «bidezkoa» izan behar du, desager daitezkeen enplegu eta enpresak kontuan hartuz, egungo proiektuak egokituz eta sor daitezkeen lanpostu profil berriak bultzatuz.
Desindustrializazioaren aurrean, EH Bilduk proposatzen du adimen ekonomikoko euskal zentro bat sortzea industria politikak berrikusteko eta krisian diren enpresentzat. Era berean, arreta protokolo bat ezarri nahi du, kinka larriko egoerei aurre hartuz eta zuzenean esku hartuz. Deslokalizazioen aurkako legea aldarrikatu du. PP-Ciudadanosen ustez, aldaketa teknologikora egokitzeko laguntza eman behar du alor publikoak. EAJren arabera, «kanpoko inbertsioa erakarri» behar da, eta nazioartekotzea bultzatu. Elkarrekin Podemosen aburuz, abagunea baliatu behar da produkzio ekonomia eredu berde bateranzko estrategiak garatzeko.
Guztiek ikusten dute ikerketa eta garapena bultzatzeko beharra. EH Bilduk salatzen du Urkulluren azken agintaldian esfortzu hori murriztu egin dela, BPGa %2,2tik %1,86ra jaitsi delako, 2018an. %3ra heltzea jarri du xede gisa, eta Elkarrekin Podemos-IUk bat egin du. EAJk «funtsezko» deritzo EAEk hautu hori egiteari, lankidetza publiko-pribatuaren bidez, «baina ekimen publikoak lidergoa hartuz». 2024rako inbertsio publikoa 600 milioi eurokoa izatea jarri du helburu gisa.
MERKATARITZA - TURISMOA
Pandemiak gogor jo die. PSE-EEren ikuspegitik, biak dira estrategikoak, lau langiletik batek sektore horietako batean egiten duelako lan, eta orotara 236.000 laguni ematen dietelako lana.
Turismoaren kasuan, EH Bilduren irudiko, egoera baliatu behar da «birpentsatzeko», orain arteko ereduak «masifikazioaren zantzuak» ageri baitzituen, eta, horregatik, sektorea martxan jartzeko, «naturak eta hiri guneak degradatuko ez dituen» eredu jasangarri baten aldeko apustua egiten du. Elkarrekin Podemos-IUk ere «ingurunera egokituko den turismoa arautzeko beharra» aldarrikatu du. EAJrentzat turismoa «lehentasuna» da: 2018an sei milioi gaualdi izan ziren, eta 6,5 milioira heldu nahi du. Euskadi Basque Country markaren sustapena indartu nahi dute.
EAJren ikuspegitik, merkataritza «aldaketa sakoneko prozesu batean murgilduta dago» eta COVID-19ak «bizkortu» egin ditu eraldaketak. Prozesu horretan, «teknologiak izan behar du oinarri eta zutabe», eta, besteak beste, enpresen digitalizazioa bultzatuko du. Glovo, Deliveroo edo Uberren moduko enpresekin, digitalizazioaren prekarizaziorako arriskuaz ohartarazi eta mugatzeko beharra azaldu du EH Bilduk. Tokiko merkataritza bultzatzeko baliabideak areagotzea eta pandemiari aurre egiteko autonomoentzako ekintza plana proposatu du. Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk gertuko merkataritzaren aldeko «apustu argia» egiten dute. Pandemiaren testuinguruan, kontsumorako bonuak sortzea proposatzen du PP-Ciudadanosek.
LEHEN SEKTOREA
Bitartekarien boterea ahultzeko, arrantzarentzat zein laborantzarentzat «gutxieneko prezioak» ezartzea aldarrikatzen du Elkarrekin Podemos-IUk, baita landa eremua husteko prozesua geldiaraztea ere. PP-CS koalizioarentzat, sektoreak gaztetu beharra, eta, horretarako ,inbertsiorako laguntzak handitu behar dira. EH Bilduk salatzen du EBko Nekazaritza Politika Bateratuko laguntzen erdiak onuradun handiek profitatzen dituztela (%10) eta ziklo berriari begira eztabaida bertan ere sustatu behar dela. Elikadura Burujabetzarako trantsizio legea proposatzen du. EAJk uste du funtsezkoa dela alor horretan politikak garatzeko erabaki ahalmen osoa izatea.
ZERGAK
Politika guztiak garatzeko, ezinbestekoa da nahikoa finantzaketa izatea, eta EAEk zerga autonomia badu ere, hori hiru aldundien eskuetan dago. Dena den, hauteskundeetan alderdiek euren proposamenak jaso dituzte. Jeltzaleek aldarrikatzen dute «egonkortasun helburuak bete» eta zerga politika «ziklo ekonomikora egokitzea», besteak beste, ekonomiaren garapenaren, enpresen errotzearen eta berrikuntzaren alde eginez. PPk zerga kenkari eta pizgarriak proposatzen ditu; pentsio plan pribatuen sustapenerako kenkari gehiago ezarri nahi ditu.
PSE-EEk proposatzen du karbonoaren gaineko zerga bat ezartzea «trantsizio energetikorako beharrezko neurriak ahalbidetzeko» eta «betiere Espainia osoarekin bateratuta». Elkarrekin Podemos-IUk proposatu du kontsumitutako energiaren arabera zergapetzea. Bai EH Bilduk, bai EP-IUk beharrezkotzat jotzen dute «Covid tasa» ezartzea enpresei eta errenta altuenei, zerga erreforma ezarri bitartean. Hiru Batzar Nagusietan aberastasunaren gaineko zerga jartzearen alde egiten dute. EH Bilduk, halaber, proposatzen du «lanaren eta kapitalaren diru sarrerak era bertsua zergagabetzeari bidea irekitzea».