astekaria 2020/07/03
arrowItzuli

kultura

Kultur ekitaldiak, birusari erne

Amaia Igartua Aristondo

Kultur ekitaldiak, birusari erne

Koronabirusak gogor jo du kulturaren esparrua azken hilabeteotan. Aretoen itxiera medio, sortzaileek bestelako estrategiak, gehienak Internet bidezkoak, topatu behar izan dituzte bizirik iraun ahal izateko. Jada ireki dituzte aretoetako ateak berriro, baina udako kultur aurreikuspenek ez dute antz handirik izango aurreko urteetakoekin. Urteroko saio saihestezin asko bertan behera geratu dira birusaren eraginez: hala gertatu da, bi adibide esanguratsu jartzearren, Getxoko (Bizkaia) jazz jaialdiarekin eta Gasteizko Azkena Rock festibalarekin; 2021. urtera arte itxaron beharko dute zaleek haietan berriro gozatu ahal izateko. Hala ere, eginak behar zuten jaialdi batzuen atzerapenari esker, udazkenean ekitaldi jendetsu horien bigarren bolada etorriko da: martxoan egitekoak ziren Iruña Rock eta Gasteizko Cosmic Fest, besteak beste, urriaren 9tik 11ra eta azaroaren 7an egingo dituzte, hurrenez hurren.

Irudia nabarmen aldatuta ere, Euskal Herriko uda kulturalak emango du zeresana aurten ere. Hainbat ekitaldi mantendu egin dituzte, horretarako neurri bereziak hartuta, garbitasunari lotutako beste neurri orokorrez gain. Fiteroko (Nafarroa) Barranco festibalaren antolatzaileek ekitaldia hilabete bat atzeratzea erabaki dute, udalditik atera gabe, halere: ohiz, uztailean izaten da, baina, aurten, abuztuaren 21ean eta 22an egingo dute.

Alternatiben artean, programazioa murrizteko hautua egin dutenak ere badaude. Donostiako Jazzaldiak erabaki hori hartu du aurtengo edizioa egin ahal izateko: aurreikusita zeuden datak mantenduko dituzte (uztailaren 22tik 26ra izango da), baina doako kontzertuak bertan behera utzi dituzte, eta Euskal Herriko nahiz Europako artistak arituko dira soilik. Ezarri berri den mugen irekierak aurretik iragarritako tokiko musikariei izen gehiago gehitzea ahalbidetu du. Antolatzaileek kontzertu gehiago egongo direla jakinarazi dute, doako kontzertuen hutsunea beteko dutenak, oraindik izenik eman ez duten arren. Donostiakoa udako jazz jaialdi bakarra izango da, Gasteizkoak eta Getxokoak ez baitute aurten ediziorik izango.

Bestalde, Donostiako Tabakaleran antolatzen den Dantz festibala aurten ere egin egingo dela baieztatu dute antolatzaileek, baina aldaketak ekarriko ditu bai formatuan baita datetan ere. Aurreko urteetan abuztuaren bukaeran egin izan da, baina oraindik ez dituzte jakinarazi aurtengo datak. Hala ere, alternatiba gisara, Dantz Terrace egitasmoa sortu dute: Tabakalerako TABA tabernako terrazan tokiko DJen ikuskizunak egongo dira udan zehar.

Musika klasikoaren zaleek, aldiz, faltarik gabe izango dute urteroko zita Donostiako Musika Hamabostaldiarekin. Abuztuaren 1a eta 29a bitartean egingo dute. Nazioarteko artista gutxiago izango da aurten —Euskal Herrikoak izango dira gehienak—, eta ganbera kontzertuak izango dira aurtengo protagonistak. Lehenago, uztailaren 3tik 5era bitartean, Guitaralde festibala hartuko du Hendaiak (Lapurdi). Bederatzigarren edizioa duen honetan, ordea, lekuz aldatuko da kontzertuen kokalekua, segurtasun arrazoiak tarteko: Bidasoa zabaltzan egingo dira emanaldi guztiak.

Koronabirusak kinka larrian jarri ditu jendetza biltzen duten musika ekitaldietako antolatzaileak, baina beste batzuen irudimena hauspotzeko ere balio izan du. Horren adibide da aurten lehen aldiz egingo den Urmuga festibala, egoera berriaren ezaugarrietatik sortu dena. Jaialdiak bederatzi kontzertu antolatu ditu, hemeretzi eguneko tarterako, baina musika jaialdia ez ezik, euskal mendietan barrena ibiltzeko aukera ederra izango da, parte hartuko dutenek Aizkorriko tontorra edo Iratiko basoa izango dutelako oholtza, besteak beste. Uztailaren 14an hasiko da Bizkaiko Angulo mendian, eta abuztuaren 1ean izango du itxiera Hiru Erregeen Mahaia nafarrean. Donostiako Orfeoia eta Eñaut Elorrieta eta Mikel Urdangarin abeslariak arituko dira, baita Et Incarnatus orkestra ere, jaialdiaren bultzatzaileetako bat dena.

Nafarroako Kultur festibalak ere ohiko oholtzetatik ateratzen du musika. Ekitaldiak, Urmugakoak ez bezala, urteak ditu jada, eta aurten ere egingo dute, dagokion data baino hilabete geroago, hori bai. Koronabirusaren krisiak uztailaren 18ra atzeratu du hasiera, eta irailaren 13ra arte iraungo du. Diziplina anitzeko festibala izan arren, musika izan du oinarri azken urteetan, eta aurten ere hura izango da egitasmoaren haria. Folka, jazza, popa eta baita koruak ere entzun ahal izango dira Zugarramurdiko kobetan, Leireko monasterioan eta antzeko beste toki berezi batzuetan.

Musikaz harago

Behin konfinamendua eta alarma egoera bertan behera gelditu direla, aretoak irekitzen hasi dira, eta, ondorioz, kultur eskaintza ugaritu egin da. Hala, azken hilabeteetan bisitatu ezin izan diren museoak, galeriak, kontzertu aretoak, antzokiak eta bestelakoak erabilgarri daude jada. Martxotik ikusi ezin izan diren erakusketak ikusgai egongo dira udan, baita estreinatu berri direnak ere. Musika jaialdiez gain, areto askotan kontzertu solteen sorta bat izango da aukeratzeko, bertan behera geratu diren musika festibal handien nostalgia baretu dezaketenak.

Film eskaintza oparoa ere eskuragarri egongo da aurtengo udako orduak betetzeko. Arlo horretako ekitaldirik esanguratsuenak, Donostiako Zinemaldiak, 68.a izango du 2020ko edizioa. Irailaren 18tik 26ra bitartean egingo dute, eta Zinemaldia bera hizpide duen Woody Allenen Rifkin's Festival komedia erromantikoaren estreinaldiarekin hasiko da. Viggo Mortensen aktore estatubatuarra ere etorriko da, aurtengo Donostia saria emango diotelako, batetik, eta, Allenek bezala, pelikula bat estreinatuko duelako: Falling, bere lehen lana dena zuzendari bezala.

BilboArtek, bestalde, pandemia dela-eta bertan behera utzi behar izan zuen Art House zinema zikloari ekin dio berriro. Asier Altunaren Bertsolari filmarekin hasi zuten zikloaren udako edizioa, ekainean, eta haren Amama pelikularekin emango diote bukaera, irailaren 22an. Bitartean, asteartero emanaldi bat egongo da, 19:00etan.

Bilbon egingo dute, era berean, Caostica film laburren eta bideoklipen nazioarteko festibalaren 18. edizioa. Uztailaren 13tik 20ra bitartean, Sail Ofiziala osatzen duten 61 ikus-entzunezko pieza labur ikusi ahal izango dira Bilborocken. Horiez gain, bestelako jarduerak ere izango dira. Lehenengo egunean, esaterako, beldurrezko filmak izango dira festibaleko protagonistak: emakumezko sortzaileen lana bultzatzea helburu duen Mexikoko Macabro Coven proiektuko lau egileren ekoizpenak erakutsiko dituzte. Hurrengo egunetan, komiki bat aurkeztuko dute, eta hitzaldiak ere egongo dira; haietako bat, konfinamendu garaian ekoizteko orduan izandako arazoen ingurukoa. Ekintzetako asko Internet bidez jarraitu ahal izango dira jaialdiaren webgunean.

Film laburren zaleek Gasteizen ere izango dute gustuko egitasmorik. Biak ala biak segidan datoz, bi eguneko tartearekin: Gasteizkoa Bilbokoaren aurretik egingo dute, uztailaren 8tik 11ra. Korterraza jaialdiaren 11. edizioan musika eta zinemagintza uztartuko dituzte beste behin, aurten berezitasun batekin, ordea: parte hartzeko gonbidapena eskatu beharko da festibalaren webgunean. Goizez eta arratsaldez kontzertuak egongo dira, eta 22:15ean film laburrak proiektatuko dituzte Iparraldeko parkean.

Gasteizko pantaila erraldoitik, Erriberriko (Nafarroa) oholtzetara. Uztailaren 17tik abuztuaren 2ra bitartean, espainiar literaturako olerkigile klasikoak eta europar antzerkigile esanguratsuak omenduko ditu Erriberriko antzerki jaialdiak, aurten haiek izango baitituzte inspirazio iturri. Antzerkia ez ezik, musika, dantza eta zirkua ere biltzen ditu jaialdiak, eta, besteak beste, Teresa de Jesus, Federico Garcia Lorca eta Bertolt Brecht gogoan izango dituzte. Beste jaialdi batzuetako antolatzaileen gisara, Erriberriko antzerki jaialdikoek tokiko artistak lehenetsi nahi izan dituzte, eta ikuskizunetako hamar Nafarroako antzerki konpainien esku egongo dira.

Alternatibak

Kultur eragileak ohikotasunera itzultzeko saiakerak egiten ari dira, nahiz eta ekintza asko bertan behera geratu diren, eta aurrera jarraitu dutenek segurtasun neurri zorrotzekin egin behar izan duten. Antolatzaile batzuek erdiko bidea hautatu dute; alegia, egitasmoarekin aurrera jarraitzea, baina ez zuzeneko modu batean. Konfinamenduan kultur ekitaldi asko halaxe egin ahal izan dira: artistak eta ikusleak beraien etxeetatik ateratzeko beharrik gabe batu dituzte, Interneten bidez. Orain ere, streaming bidezko emanaldiak dira konponbidea antolatzaile batzuentzat.

Aurretik aipatutako Caostica jaialdiak, adibidez, nahiz eta zuzeneko ekintzak antolatu, haietako asko Internetetik ikusteko aukera ere eskainiko du. Beste batzuek, ordea, Internetetik ikusteko aukera baino ez dute aurreikusita. Bilboko BBK Live jaialdiak bide hori aukeratu du azkenean, hasieran 2020ko ediziorik ez zela egongo iragarri arren. Aurreikusita zeuden datetan, hau da, uztailaren 9an, 10ean eta 11n, sei zuzeneko emanaldi egingo dituzte, publikorik gabe, eta Internet bidez emango dituzte, baita jaialdiaren historiako kontzerturik garrantzitsuenak ere. Guztira, musikaz betetako hamabi ordu eskainiko dituzte hiru egun horietan zehar, 21:00etan hasita. Doako zerbitzua izango da, eta ez dute ikusle mugarik ezarriko.

Internet modernoaz baliatu dira gehienak kultur ekintzak aurrera eraman ahal izateko, baina iraganeko konponbideak ere erabilgarriak egin zaizkie batzuei. Distantzia sozialaren ezarpenarekin, ia desagertuak zeuden autozinemetan topatu dute askok zinemaz gozatu ahal izateko aukera. Getxokoa ez da izan zehazki koronabirusaren krisiaren zeraginez sortutako espazio berri bat, 2015etik baitzen martxan, baina orain sona handiagoa lortu du. Maiatzean itzuli ahal izan zen, aretoak artean itxita zeudenean.

BERRIAn argitaratua (2020/06/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA