kirola
«Ez dugu sekula ahaztuko»
Julen Etxeberria
Herenegun jokatu zituzten finalak, Irunen (Gipuzkoa), Uranzu frontoian. Pilota gozoan, Iera Agirrek eta Maite Ruiz de Larramendik jantzi zuten txapela, Nagore eta Leire Galeano ahizpei nagusitasunez irabazita: 22-7. Lehen txapela dute. Argia izan zen Leire Garaik eta Olatz Ruiz de Larramendik Olatz Arrizabalagaren eta Gentzane Aldairen aurka lorturiko garaipena ere: 22-14. Garaik bigarren txapela du, iaz ere txapeldun izan baitzen Leire Etxanizekin. Ruiz de Larramendik lehena du.
Ruiz de Larramenditarrek eta Agirrek elkarrekin ospatu zituzten txapelak, Urnietan (Gipuzkoa). «Polita izan zen. Ondo ospatu genuen», dio Agirrek. «Oso berezia izan zen, lehen aldiz izebak eta biok irabazi baitugu txapela. Bagenuen gogoa», azaldu du Olatz Ruiz de Larramendik. «Elkarrekin jokatuta, ez genuen txapelik irabazi. Banatuta aritu behar izan dugu txapeldun izateko», gaineratu du Maite Ruiz de Larramendik. Garaik, ordea, etxean ospatu zuen, Gasteizen. «Ordu eta erdiko bidaia genuen Irundik, eta, horregatik, etxean ospatzea erabaki genuen. Baina ondo ospatu genuen. Egun polita izan zen».
Laurak bat datoz: koronabirusak eragindako egoera dela eta, «oso txapelketa berezia» izan da. «Ez dugu inoiz ahaztuko. Zorionez, aurrera egin dugu, eta txapelketa amaitu da, ondo amaitu ere».
Bat egin dute finalak aztertzerakoan ere. «Esperientzia garrantzitsua izan zitekeela ohartarazi genuen, eta hala izan zen. Hala ere, polita da ikustea gazteak indartsu datozela. Nagorek eta Leirek makina bat txapel irabaz ditzakete oraindik», esan du Agirrek. Iritzi berekoa da haren bikotekidea. «Finalera iritsita, denok nahi dugu irabazi, eta, horregatik, triste egongo ziren. Baina harro egon daitezke egin duten lanaz. Haien adinarekin, nik esku pilotan jokatzeari utzi behar izan nion. Haiei inork ez die esango ezin dutela esku pilotan jokatu».
Garaik eta Olatz Ruiz de Larramendik ere argi dute zein izan zen gakoa. «Gentzane kargatu eta Olatz saihestu nahi genuen, eta lortu genuen. Ondo atera zen plana», dio Ruiz de Larramendik. Garaik bikotekidearen lana nabarmendu du. «Ni urduri aritu nintzen, eta ez nuen onena eman. Denbora asko neraman jokatu gabe, eta, ordezko gisa sartu nintzen finalean, Miren Larrarteren ordez. Zorionez, Olatz bikain aritu zen, eta helburua lortu genuen».
Lau pilotari horiek eta beste zortzik txapelketa bat jokatuko dute uda osoan, ETB1eko Plazandreak saio berriaren barruan. «Albiste bikaina» dela diote.