astekaria 2020/07/03
arrowItzuli

bizigiro

KORO LOPEZ DE SABANDO

«Beti izan naiz behean sinadura jartzen zuena»

Iker Tubia

«Beti izan naiz behean sinadura jartzen zuena»

Iruñeko Irrintzi dorrean izan da hitzordua. Handik zabaltzen dira Euskalerria irratiko uhinak, eta han idazten dira BERRIAko zenbait orri. Biak maite ditu Koro Lopez de Sabandok (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1946), eta harro aldarrikatzen du bien zalea dela. Euskararen haziak ereiten aritu da Nafarroan, hizkuntza biziberritzeko eta normalizatzeko borrokan jo eta ke. Dena den, umiltasun osoz onartu du elkarrizketa: «Nik ale txiki bat jarri dut, besteek handiagoa».

Nola gogoratzen duzu sorterria, nolakoa zen Etxarri Aranatz?

Eskolara joan ginenean, maisu guztiak kanpotik ekarri zituzten; orduan, euskara debekatuta zegoen. Ez ginen alfabetatu. Mojetan, gauza bera; euskara etxean landu dugu. Herri gehienetan bezala: kalean den-dena erdaraz zen, baina etxean euskaraz.

Euskaltzaletasuna etxe barruan geratu zen, beraz?

Frankismoaren bukaeran, herriko bi gazte atxilotu zituzten, arrazoirik gabe, eta hori izan zen nolabait Etxarrin... zerbait esnatu zen, eta hortik hasi zen euskararekiko eta gure nortasunarekiko kontzientzia bat. Piztu zuen barruko zerbait. Agian, horri esker hartu genuen ikuspuntu desberdin bat.

Zer eragin izan zuen frankismoak Etxarrin?

Txikitan Guardia Zibilaren etxera joaten ginen jostatzera. Atxiloketa haiekin dena aldatu zen. Baina, hori bai, euskara debekatuta zegoen. Ez gintuzten zigortzen, baina debekua onartzen genuen.

Etxean beti euskaraz?

Zazpi anai-arreba ginen. Mahai inguruan zerbait erdaraz esaten bagenuen, aitak esaten zuen ez zuela ulertzen. Gero, osaba Luis ere oso abertzalea zen: osaba Luis deitzen bagenuen, paga ematen zigun. Horrek ere pizten dizu zerbait; agian, interesagatik, ez dakit.

Etxarri Aranaztik Lizarrara joan zinen. Zer dela eta?

Lizarrara ezkondu nintzen, 24 urterekin. Senarrari esan nion seme-alabak etorriko balira euskaraz egingo nuela haiekin. Ados zegoen, abertzalea zen. Garai hartan, Lizarra basamortu bat zen.

Ikastolaren sorreran aritu zinen. Nola izan zen hori?

1970ean ezkondu nintzen, eta, handik gutxira, guraso batzuk elkartu ziren lehenengo ikastola sortzeko. Jende konprometitua zen; Lizarran, karlismoarekin eta hori dena. Sei umetxorekin hasi ginen, Bizkaiko andereño bat eta biok. Udalak frontoiaren goiko pisuko gelatxo bat utzi zigun, eta han. Umeen artean bazen bat Ruiz de Alda abizenarekin. Guardia Zibila astean behin etortzen zen zerrenda ikusteko, eta hura jartzen genuen lehenbizi, nahita, frankismoan erreferentziazko abizena zelako. Horrekin baimen moduko bat genuen.

Nola izan ziren hasierako lanak?

Ba, pentsa, ze baldintza eskasak. Baina gurasoek lan asko, baina lan asko, egin zuten, eta oztopoak ere asko, asko, asko. Lan zoragarria egin zuten, ze meritua, eta, horiei esker, begira nola dagoen Lizarrako ikastola.

Andereño zenbat denbora eman zenuen?

Urte bat bakarrik. Lehenengo semea jaio zen, eta Lizarran ez zegoen modurik pertsona euskaldun bat aurkitzeko nire semearekin geratzeko. Semeak etxean euskaraz hazi nahi nituenez, ikastola utzi nuen. Garai hartan, umearekin kalean euskaraz aritzen nintzen, eta la vasca deitzen zidaten.

Semea ikastolara eramanen zenuen, ezta?

Bai, Mikel zen zaharrena. Hasieran, ez zuen hitzik egiten, bazirudien mutua zela. Senarraren ama kezkatuta zegoen. Jose Mari Satrustegik, garai hartan Urdiaingo apaiza zenak, esan zigun: «Lasai, ume horiek eremu erdaldun batean daudenean beraien burua erabat kokatu arte mutu daude; baina 3 urterekin hasiko da zurekin euskaraz eta gainontzekoekin erdaraz». Hala izan zen.

Lizarrako gainerako jendeak nola hartu zuen?

Ez dugu esango begi onez ikusten zutela. 1972an, lehenengo Olentzero atera genuen. Olentzero oso prekarioa zen, eta pixka bat itsusia. Jende gehienak bizkarra ematen zuen, baina, aizu, argi genuen hori zela gure bidea, eta jarraitu genuen. Etsaiak bai, izan ditugu.

Gogorra izanen da.

Bai, eta jende askok la vasca deitu, eta ez zidan hitzik egiten. Garai hartan, Marilo Montero nerabea zen. Denborarekin esan izan du: «Gogoratzen naiz Olentzero Lizarran atera zutenean ze itsusia zen eta ze beldurra ematen zuen». Ba, bai, hala zen, baina egin genuen gure bidea, eta harro.

Noiz utzi zenuten frontoia?

Bi urtean, txiki geratu zelako. Frontoiaren parean bazen etxe bat, lokal handi bat, sukaldearekin, eta hori alokatu zuen ikastolak. Sekulako gorakada izan zen. Gehienak musu truk, baina, badakizu, gustuko lekuan aldaparik ez. Emakume batek etxetik ekartzen zuen janaria, prestatuta.

Bederatzi urteren ondotik, Lizarra utzi zenuten. Zer aurkitu zenuen Iruñean?

Gogorrena Etxarritik Lizarrara joatea izan zen, aldaketarik handiena. Ezkondu aurretik, Imenasan egin nuen lan, beraz, ezaguna nuen Iruñea. Bigarrenez etortzean saiatu nintzen jende euskalduna aurkitzen, Karrikiri hor zegoen, Euskalerria irratia sortu zen... Beti izan naiz behean sinadura jartzen zuena. Euskararen inguruan beti prest edozer egiteko.

Karrikiri elkartearen hasieratan ibili zinen?

Bai, sartu nintzenean Silvia, Ondarru-eta bazeuden, Aitor Etxarte ere han zegoen. Hizkuntza Eskolan ingelesa ikasten hasi nintzen, eta, garai haietan, zuzendaria Andres Iñigo zen. Haren semea eta nirea San Fermin ikastolara joaten ziren, eta proba pilotu bat egin zuten: etxetik euskara zutenen gela antolatu zuten. Hor guraso guztiak euskaldunak ginen, eta joan ginen gauzak lotzen.

Zer behar zegoen Iruñean halako elkarte bat izateko?

Beharrak guztiak. Orain denda dagoen etxean bazen bulego ilun bat, kobazulo baten antzekoa, hezetasun handiarekin, eta hor hasi ziren lanean. Garai ilunak izan dira, baina beti baikor, pentsatzen gurea aurrera aterako zela.

Zein zen Karrikiriren lana?

Hasieran, bazkideak lortzea, baina izan behar zuen jende euskalduna eta konprometitua. Eta pixkanaka gauzak egitea, baina oso mantso: buletin xume bat ateratzen zen... Dena oso polita izan da.

Euskalerria irratia nola sortu zenuten?

Andres Iñigok esan zidan proiektu bat zegoela euskarazko irratia aurrera ateratzeko. 900 bazkide behar ziren, diruarekin Eugenio Arraizak ere lan handia egin zuen. Noski, bazkide egin nintzen, Egunkaria-rekin bezala. Pixkanaka hor ere sartu ginen.

Nola izan zen hasiera hori?

Zer gauza egin behar genituen dirua lortzeko, zer gauza! Behin, Korrika Iruñetik pasatzen zela, eta Goiatxo lagunak zakuto urdin batzuk prestatu zituen dirua eskatzeko. Ze lotsa! Hor jarri ginen, Baiona etorbidean: «Euskalerria irratiarentzako dirua!». Nahiko diru polita atera zen, baina zaku bat desagertu zen. Horrelakoak asko. Gero, ikasturte bukaeran, AEKrekin batean antolatzen zen Larreko saria, eta afaria egiten zen. Kartelak jartzen genituen Iruñe guzian, eta biharamunean dena desagertu, eta berriz jarri.

Zer eragin izan du Iruñean horrelako proiektuak sortzeak?

Lorpen handia izan da. Hasieran, Euskalerria irratian esaten zuten Iruñean 25.000 euskaldun ginela, baina hori ez zen kalean sumatzen, inondik inora ere. Billabesan semearekin beti euskaraz aritzen nintzen, eta jende asko aurpegi txarrarekin begira. Nahita, ozenago egiten nuen, izorratzeko. Esan izan didate ea zergatik ez dudan gazteleraz egiten. Behin, ea zergatik ez nion ingelesez egiten, eta ingelesez erantzun nion. Hark ez zekien. Baina, gaur egun, jendeak eskerrak ematen ditu euskara entzutegatik. Hori lortu dugu.

Jarraitzen duzu Karrikirin?

Orain egiten dudana da hilean behin buletinari pegatina jarri, baina besterik ez.

Nola ikusten duzu elkartea?

Kobazulo ilun hartan erabaki zuten Karrikiri kalera atera behar zela. Mailegua eskatu zuten, etxabea erosi eta denda jarri. Hasiera oso gogorra izan zen, baina orain badu bere lekua Iruñean. Pixkanaka aurrera egin dugu.

Ez zenuten pentsatuko noraino ailegatuko zineten.

Ez, baina beti-beti baikorrak izan gara. Beldurra eta kezka bai, baina beti baikor. Lan handia egin dugu pentsatuz hazia jarriko genuela.

Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak urte luzez euskararen kontra izandako jarrera nola bizi izan zenuten?

Diru laguntzak eskatzean, Iruñeko Udalak beti atzera botatzen zuen Karrikiriren aurrekontua. Nafarroako Gobernuak berdin. Baina hor egon gara beti ziria sartzen, eta azkenean lortu dugu. Gero, aldaketa handia izan zen Uxue Barkos iritsi zenean: irratiaren lizentzia emateko, publizitatea emateko... Orain, Maiarekin jaitsi da, baina oinarria, nolabait, jarria dugu.

Ziri horiek beharrezkoak ziren?

Ez genuen beste biderik. Ondarruk esaten du gu euskaldunak garela, baina eleganteak. Beti duintasunez, horrela ibili gara.

Nola ikusten duzu euskalgintza hemendik aurrera?

Espero dezagun UPN ez dadila berriro Nafarroako Gobernura irits, hori da gure erronka. Eta Iruñeko Udalean gauza bera. Urte oso gogorrak izan dira, saiatu dira izorratzen: zer oztopo, zer gezur... baina hemen jarraitzen dugu, eta jarraituko dugu. Ni hilko naiz, baina hemen jarraituko dugu.

BERRIAn argitaratua (2020/06/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA