astekaria 2020/07/03
arrowItzuli

gizartea

IKUSEZIN, BAINA ZUTIK ETA HARRO

Maider Galardi F. Agirre

IKUSEZIN, BAINA ZUTIK ETA HARRO

Lesbiana feministak, «bollerak», disidente sexualak dira Pilar Mendibil Pilon, Biki Pozo eta Eva Perez-Pons. Norbaitek deituko zien inoiz marimutil, desbideratu edo homosexual; bereizketarik egin gabe. Helduenetik gazteenera badago 30 urteko tartea. Baina, iraganean zein orainean, sentitzen dute lesbianek ikusgaitasun gutxi dutela. Zer den lesbiana izatea, ordea, luzerako eztabaida da haientzat: «Desiratik harago doan zerbait», Pozorentzat. «Bizi praktika bat», Perez-Ponsentzat. «Lesbiana da beste emakume batzuekiko desira sentitzen duen emakumea», Mendibilek, baina zehaztu egin du: «Ados nago besteek esan dutenarekin: ni lesbiana feminista naiz. Politikoa. Horrela ulertzen dut».

LGTBIaren L-a dira, baina ikusezinak oraindik. «Zenbat politikari lesbiana ezagutzen ditugu?», bota du galdera Mendibilek; «egon badaude, baina...». Orain dela 40 urte hasiak ziren kalera irteten gaurko egunez, sexu askatasunaren aldeko aldarria egitera, eta orain ere hartzen dute plaza, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean. Baina ez gaur bakarrik. Kalean dira Martxoaren 8an eta Apirilaren 26an ere —Lesbianen Ikusgaitasunaren Nazioarteko Egunean—. Izatez, kalean dira egunero. Eta, areago, egunero irten behar dute apur bat gehiago armairutik: «Beti da pixka bat gehiago», dio Pozok. «Heterosexualitatearen presuntzioa da hori», nabarmendu du Mendibilek. Atzokoaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egiteko batu dira BERRIA FM podcast saioan.

Ongi gogoan ditu Mendibilek 1980ko hamarkadako Ekainaren 28ko manifestazioak: «Oso zaila eta gogorra zen. Armairutik ateratzea arrisku handiko kirola izan da beti, eta, lehen, askoz gehiago». Gogoan du nola batzen ziren mugimendu feministako lesbianak, EGHAMeko kideak eta Donostiako Malmaison klubeko trabestiak protesta egiteko: «Inoizko manifestaziorik azkarrenak eta laburrenak ziren. Protestan baino jende gehiago zegoen guri begira eta gu hatzarekin seinalatzen».

Gaurko egunez egiten diren mobilizazioak apurka joan dira lekua hartuz gizartean, baina «asimilazioa» ez ote den gertatu, gogoeta egin du Perez-Ponsek: «Esango nuke kapitalismoak irentsi egin duela apur bat aldarrikapena. Halere, egin dira azken urteetan memoria historikoa bultzatzeko zenbait saiakera». Izatez, 1969an New Yorkeko (AEB) Stonewall tabernan izandako istiluetan du jatorria sexu askatasunaren aldeko egunak. Poliziak sarekada egin zuen han bildutako LGTBI komunitatekoen aurka, eta horrek protesta piztu zen ondorengo egunetan. Gaur egun ere, «faxismoaren gorakadak» jomugan jarri ditu komunitate hori eta mugimendu feminista, Pozoren ustez: «Sorgin ehizaren arora itzuli gara. Beldurtu egiten nau horrek. Jomugan gaituzte».

Mendibilek gogora ekarri du joan den astean bere buruaz beste egin zuen LGTBI aktibista bat, Sara Hegazy egiptoarra: «Munduko zer tokitan jaiotzen zaren, egoera larriagoa izan daiteke. Gu pribilegiatu batzuk gara. Horrek ez du esan nahi bidegabekeriak bizi ez ditugunik, baina ikuspuntu zabalagoa izan behar dugu». Hain justu, bere sexualitatea aske bizi ahal izateko Mendibilek eta belaunaldi horretako kideek egin zuten lana goretsi du Pozok: «Izan zirelako gara. Bestela, nekez biziko ginateke orain aske».

Indarkeriaren ertzak

Izan ere, 1980ko hamarkadan indarkeria handia bizi izan zutela azaldu du Mendibilek: «Lagunak eta familia galtzeko arriskua zenuen; ezin pentsatzekoa zen irakasle izatea eta lesbiana zinela esatea, jendeak lana galtzen baitzuen. Lagunak galdu ditugu bidean. Inkontrolatuak gure atzetik zebiltzan: autoa espaloira sartzen zuten gu harrapatzeko». Garai hartako sasi-terapia psikologikoetan erabiltzen ziren metodoak ere «lazgarriak» zirela dio Mendibilek: «Elektrodoez ari naiz». Eta, halere, zutik segitzen dutela dio: «Hori dena hortxe dugu, hortik gatoz, eta hemen gaude; ez da hainbeste denbora pasatu».

Lorpenak bai, baina indarkeria sinbolikoak hortxe segitzen du, Pozoren ustez. Bera eta bere bikotekidea ama dira, eta haurdunaldiaren prozesua eta erditzearen ondorena «bakarrizketa bat» osatzeko modukoak direla dio. Osasun sistema publikoan egin zuten prozesua, eta, hortaz, uste du txalotzekoak direla orain arte emandako aurrerapausoak. Bidean topatutako oztopoak, ordea, ez dira gutxi izan: «Medikuak galdetu zidan ea hor nengoen ama izan nahi nuelako eta nire bikotekidea homosexuala zelako. Zer naiz ba ni, orduan? Galdetu zidan ea inoiz sexu harremanak izan nituen, jakiteko ea zakil bat sartu den nire aluan inoiz». Haurra jaio ostean ere, arazoak izan dituzte, beste amaren abizena jarri nahi izan dutelako aurrena: «Esaten zuten ezinezkoa zela, nire bikotekidea ez zelako ama biologikoa. Kalean topatutako edozein gizon eramango banu erregistrora, arazorik gabe ipiniko zuten hura zela aita».

Perez-Ponsek salatu du hegemonikoak ez diren harreman eta bizi ereduak baztertuta daudela: «Adierazi behar dugu bizi eredu horiek bizigarriak direla. Adibidez, bollera transak, okupak, lumadun butch-ak, familia nuklearrean bizitzea erabaki ez dutenak... LGTBI pertsonen artean ere egiten da hierarkia, eta horrek ekar dezake bazterketa. Homosexualitate mota bakarra da sistema heterosexuala betikotzen duena nolabait». Haritik tiraka, ohar egin du Mendibilek: «Berdintasuna ez da asimilazioa, ez da integrazioa». Gogora ekarri du Espainian 2005ean onartu zela sexu berekoen arteko ezkontza: «Guretzat lorpen handi bat izan zen ezkontza lortzea, baina ni ezkontzaren kontra nago. Zergatik izan behar du bikote batek eskubide gehiago? Hori lortu ezean, ordea, ez ditugu besteen eskubide berak izango. Hor dago koxka». Pozok ere berdin uste du: «Bikotekidearekin ezkondu egin behar izan nuen haurraren tramitazio guztia errazago egiteko. Eta ohartu gara haurra dugunetik, familia nuklearra osatu dugunetik, ezkonduta gaudenetik... beste errespetu batekin begiratzen digutela bizilagunek. Bestela ez dut merezi aintzatespen hori, ala?»

Feminismoaren abaroan

Horra iristeko, ordea, bide luzea egin dute Mendibilek, Pozok eta Perez-Ponsek. Pozok, esaterako, «bakarrik» egin zuen prozesua: «Nik uste nuen aske nintzela, baina luzea izan da neure burua lesbiana izendatzeko prozesua». Inguruan ez zuen LGTBI mugimenduko erreferenterik, eta Donostia aldeko militanteei begira ibili bai, baina gutxitan hurbildu zen haiengana: «Mugimendu feministari zor diot gaur egun naizena».

Mendibil ere mugimendu feministako militante izan da luzaro. Aitortu du batzuetan ika-mikak izan dituztela mugimendu feministako kide heterosexualekin: «Garai hartan. garrantzi handia zuen abortuaren auziak, esate baterako. Beste behin, kanpaina bat egin genuen, heterosexualak interpelatzeko: Zu zergatik zara heterosexuala? zioen leloak, eta erresistentzia asko egon ziren». Lesbianen antolaketa politikoa indartzeko asmoz, Euskal Herriko lesbianen lehen jardunaldiak egin zituzten 1983an, Zamalbiden (Gipuzkoa). EGHAMeko eta mugimendu feministako 250 bat lesbiana elkartu ziren bertan, elkarrekin saretzeko. LGTBI mugimenduaren barruan ala mugimendu feministan saretu, eztabaida izan zuten egun haietan, eta bertatik sortu ziren lesbiana feministen lehen koordinakundeak.

Horren «beharra» du Perez-Ponsek ere: «Bollera feministak batzeko beharra». Mugimendu feministan hasi zen aurrena, eta, Bilbora ikastera joan zenean, ikasle mugimendura egin zuen salto. Orain, Arratiako (Bizkaia) mugimendu feministan dabil, baina sentitzen du lesbiana feministekin elkartu eta saretu beharra: «Ez genuen inolako harremanik LGTBI mugimenduarekin; horregatik sortu zitzaidan beharra lesbiana talde batean aritzeko. Duela gutxi hasi naiz».

Hain justu, Mendibilek proposatu du Euskal Herriko mugimendu feministako lesbianak batu daitezen: «Distantziatik, ikusten dut lesbiana pila bat daudela mugimendu feministan, baina ez dagoela talderik, eta hori, nire arkeologiatik begiratuta, iruditzen zait zerbaiten seinale dela. Arrisku handia dugu pertsonalki ondo bizitzeko gure burbuilan. Baina diskurtso horri ez badiogu aldamioa jartzen, sistemak jan egingo gaitu».

Perez-Ponsek harago jo du: «Uste dut herri mugimenduek eta baita mugimendu feministak ere desheterotze prozesu bat behar dutela. Askotan aldarrikatzen dugu, baina gero kostatu egiten da praktikan ezartzea. Zergatik daude erresistentziak? Mugimendu feministak transfobia eta homofobia salatzen ditu, baina aberasgarria litzateke sexualitateari ere agentziarako gaitasuna aitortzea, pribatuaren eta publikoaren arteko bereizketa hori gainditzeko eta dimorfismo sexuala amaitzeko».

Ikusgaitasunaren ezinak

Aniztu dira diskurtsoak, eta aberastu eztabaidak lesbianen kolektiboen barruan, baina Mendibilek, Pozok eta Perez-Ponsek uste dute oraindik ere ikusgaitasun gutxi dutela: «Lesbianon arazo kroniko bat da». Kalean eta herri mugimenduetan ari dira, baina baita sare sozialetan ere, «gerra ematen»: «Sarea bada erreferentzialtasunerako beste leku bat».

BERRIAn argitaratua (2020/06/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA