astekaria 2016/03/04
arrowItzuli

politika

EUSKARA, BENETAKO ALDAKETAREN ZAIN

Ion Orzaiz

EUSKARA, BENETAKO ALDAKETAREN ZAIN

Euskararekin harremana duten auzi guztiak —baita ezdeusenak ere— eztabaida, liskar eta polemika iturri bihurtu dira azkenaldian. Eta ez soilik oposizioaren eta gobernuaren artean. Baita akordio programatikoa sinatu duten alderdi eta koalizioen artean ere, gobernuaren kezka nagusi bihurtzeraino. Adostasun eta desadostasun puntuak aztertu dituzte aldaketaren ordezkariek.

Euskararen kontrako estrategia politikoa espero al zenuten?

MARIA SOLANA: Espero genuena izan da, bai, erregimenak beti erabili baitu euskara arma edo bazterketarako tresna gisa. Gure asmoa zen euskara mintzagai bihurtzea, baina lokatzetara eraman dute beste batzuek. Azken hilabeteotako gertaerek argi eta garbi islatzen dute zein asmo duten UPNk, PSNk eta PPk euskarari buruz. Oso kezkagarria da.

DABID ANAUT: Nire ustez ere, espero zitekeen egoera hau. Egiaren aitortzeko, euskararen kontrako erasoak pixka bat lehenago hasiko zirela uste nuen. Hasieran, oposizioko alderdiek kontu identitarioekin bueltaka ibiltzea leporatzen ziguten, baina gehiegi zehaztu gabe. Denbora tarte bat pasatuta, ordea, diskurtsoa gogortu dute. Aldaketaren ondoren, estrategia politikoa finkatzeko denbora hartu zuten, antza, eta gobernua higatzeko ardatz batzuk hautatu zituzten. Jakina, euskara da ardatz edo ahariburu horietako bat.

JOSEBA EZEOLAZA: Analisi bat egiteko tenorean, ordea, bi faktore hartu behar ditugu kontuan: batetik, abertzaletasunak, historikoki, gaizki ulertu duela nafar nortasun propioa; bestetik, UPNk eta PPk frontismoa areagotu dutela. Bi sute horien artean gaudenok erantzukizunez jokatu beharra daukagu, euskara normalizatu eta zabaltzeko, bai, baina errealitate soziolinguistikotik abiatuta betiere. Testuinguru politiko hori aintzat hartu behar dugu, egun gertatzen ari dena ulertzeko, hortik baitator ernegazioa.

LAURA PEREZ: Bada, nik uste dut egungo egoeraren jatorria UPN eta PPren jarreran bilatu behar dugula. Euskararen mamua astintzen hasi dira euren kudeaketa kaskarra estaltzeko, eta, eztabaida gaizto horretan, ñabardura guztiak ezabatu dituzte: onak eta txarrak, gu eta haiek... Ahal Dugu ere euren lubakian sartu nahi izan dute, eta hori ez dugu inolaz ere onartuko. Argi utzi nahi dugu euskararen normalizazioaren alde gaudela eta horren alde eginen dugula lan.

D.A.: Ni ez nator bat inondik ere Ezkerrak egiten duen planteamenduarekin. Horren arabera, mutur batean legoke abertzaletasuna; bestean, eskuina; eta erdibidean, arrazoia dutenak leudeke, ezta? Bada, halakorik ezin dugu onartu, argazkia ez delako hain sinplea. Herri honetan ez daude bi jarrera, askoz gehiago daude, eta Josebak esaten badu abertzaletasunak nafar nortasuna gaizki ulertu duela agian argitu beharko liguke zein den benetako nortasun hori. Dena den, bereziki kezkatzen nauena hau da: Ezkerrak euskara eta abertzaletasuna lotu nahi izatea. Duela gutxi, prentsaurreko batean, nazionalismoaren agenda baztertu eta aldaketaren agendari heltzera premiatu zenuten Nafarroako Gobernua, oker ez banago. Iruditzen zait euskara eta abertzaletasuna nahasten dituzuela, Joseba, eta askotan esan dugu ez direla gauza bera. PPko Ana Beltranek ere askotan egiten du hori: euskara hitza aipatu eta, segituan, nacionalismo esaten du. Bada, errepara diezaiela UPNko parlamentariei. Hortxe ditu euskara hutsean mintzatzen diren bi legebiltzarkide, bere ideia politiko bertsuak defenditzen. Euskararen alde egin baitezake abertzale batek zein espainiar nazionalista batek. Baina hau guztia azaltzen ibili beharra ere...

Polemika hauek kalte egiten al diote euskarari?

M.S.: Argi dago euskara atera egin behar dugula liskar eta zarata mediatikoaren zurrunbilotik. Bestela, jai dugu. Urtetan, euskararen eta abertzaletasunaren arteko lotura mantendu nahi izan dute batzuek, interes alderdikoiengatik edo auskalo zergatik, baina hori eten egin behar dugu.

L.P.: Ados nago horrekin, eta gainera, Podemos Ahal Dugu izan daiteke horren adibide. Gu ez gara abertzaleak, baina bai euskaltzaleak. Oso arriskutsua da gizartea bi frontetan banatzen duen joera hori. Errespetua zor zaio euskarari, eta inertzia hori bukatu beharra dugu, hizkuntzaren mesederako. Eta barkatuko didazu, Joseba, baina Ezkerra ere behin baino gehiagotan sartu da joko horretan, eta salagarria da, Hezkuntzako lan eskaintza publikoaren auzian astindu zenituzten banderak ez dituzuelako astindu beste gai garrantzitsu batzuetan. Zer pentsatua ematen du horrek.

J.E.: Gauza batzuk argitu egin behar ditugu. Noiz sortu da euskararen inguruko kalapita hau guztia? Noiz tenkatu dira gehien abertzaletasunaren eta eskuinaren arteko harremanak? 2016an. D eredua Nafarroa osora hedatzea erabaki den abagunean. Eta zergatik izan da orain, eta ez lehenago? Jakin badakigu zein den UPNren jarrera euskararekiko, baina, horrez gain, orain arte, ezker abertzaleak galarazi egin du oinarrizko eskubide hori bermatzea, arrazoi sinbolikoengatik. Ezker abertzaleak ardura hori dauka, eta ezin duzue ukatu.

Adostasuna behar al da hizkuntza politikako kontuetan?

J.E.: Ni Mariarekin bat nator, zarata mediatikoa euskararentzat txarra dela. Adostasunerako eta akordiorako esparru izan beharko lukete bai hezkuntzak eta bai euskarak ere. Euskara suspertu eta indartu behar dugu erakunde publikoetan eta hezkuntzan, hiru balio oinarri hartuta: askatasuna, borondatea eta errealitate soziolinguistikoa. Bada, hari horretatik tira egin dezagun, korporatibismoak alde batera utzita. Hori da gure filosofia.

D.A.: Adostasunaren ideiak oso polita dirudi, eta oso ongi gelditzen da lerroburuetan, baina geure buruari galdetu behar diogu: Zertarako? Hizkuntza politika adostu behar al dugu PSNrekin eta UPNrekin, adibidez? Demagun baietz. Haiek berehala esanen digute zeintzuk diren euren marra gorriak, eta ezinen dugula euskararen aldeko neurri eraginkorrik hartu. Eta orduan, zer? Gutxieneko oinarri bat behar dugu zenbait alorretan akordioak lotzeko, eta hizkuntza politikaren esparruan, ematen dugun aurrerapauso txiki bakoitza inposizio bat dela esaten digute. Testuinguru horretan, nola eraikiko dugu adostasuna?

Bestalde, hizkuntza politika borondatearen gainean eraiki behar dela aipatu duzu, Joseba; baina, euskaldun gisa, non gelditzen da nire borondatea, administraziora jotzen dudanean? Erdaldunena bermatuta dago, beren eskubide guztiak ziurtatuak dituztelako inolako eragozpenik gabe. Baina 82.000 bat euskal hiztun gara Nafarroan, eta, orain arte, gure borondatea ez da errespetatua izan.

Erabakiak gizarteratzeko garaian huts egin al du gobernuak?

M.S.: Jakina. Gauzak beste modu batera egin beharko ditugu aurrerantzean... Tira, hobeki esanda, egin beharko ditugu, orain arte, egin-egin, gutxi egin dugula aitortu behar baitugu. Hamaika arrazoi egon dira tartean, baina hala da. Mikel Arregiren agerraldian [Euskarabideko zuzendari-kudeatzailea] azaldu ziren gobernuaren lan ildoetako batzuk, baina asmo horiek ez dira oraindik zehaztu. Dena den, neurriak gorpuzten ditugun heinean, erabakiak jendarteratzeko moduaz ere hausnarketa egin beharko dugu. D eredua eremu ez-euskaldunera zabaltzeko erabakiak, adibidez, ahalegin berezia eskatzen zigun, eremu horren errealitatea kontuan izanda: pedagogia, sentsibilizazio kanpainak... Aldez aurretik jorratu beharreko kontuak dira horiek, eta ez genuen halakorik egin. Egia da egutegia baldintzatu digutela hainbat faktorek, eta Euskarabideak tarte eskasa izan duela lanean hasteko, baina errealitate gordina horixe da: D ereduaren aukera ematera azaldu garela eremu ez-euskaldunean, aurretiazko lan guztia egin gabe.

L.P.: Gure alderdiak nahiko garbi du indarrean dagoen Euskararen Legeak lehen eta bigarren mailako herritarrak sortzen dituela, eta, alde horretatik, diskriminazio positiboa sustatzeko neurri eta erabaki gehiagoren falta sumatu dut nik. Agian, euskara ikasteko laguntzek handiagoak beharko lukete izan Erriberan, edo diru sail berriak ezarri beharko lirateke aurrekontuetan... Argi dago plangintza orokor bat behar dela, herritar guztien eskubideak aitortzeko. Tuteran, Elizondon nahiz Iruñean izan.

J.E.: Frontismoak dena kutsatu du, eta, tamalez, bidezkoak diren aldarrikapenak polemika iturri bihurtu dira. Baina desadostasunez gain, lortu ditugun adostasun puntuak nabarmendu beharko genituzkeela uste dut, eta horretan datza gure akatsetako bat: oso traketsak gara gure lorpenak azaltzeko orduan. Iruñeko haur eskola euskaldunen edota Euskalerria Irratiaren lizentziaren kasuan, adibidez, bat egin dugu aldaketaren lau alderdiok, eta izugarri ona izan da. Horrekin esan nahi dut gure arteko akordio zehatzak egon badaudela, eta horretan egin behar dugula indarra. Badakigu non dauden adostasunak eta non egonen garen aurrez aurre. Bada, egin dezagun ahalegin berezia batzen gaituen horretan: hezkuntza publikoaren aldeko apustuan, euskarazko hedabideen auzian...

Lan deialdi publikoetan euskara eskakizun izatea «inposizioa» al da?

J.E.: Euskararen alde lan egiteko bi eredu daude orain mahai gainean. Eredu horietako bat da Altsasukoa: han, langabeen %80 erdaldunak izan arren, lanpostu publiko guztietan euskara eskakizun gisa ezarri du udalak, baita garbiketa zerbitzuan ere. Beste adibide bat: Baztango Udalaren gai ordena euskara hutsean ematen da. Horiek ez dira nire ereduak, frontismoa areagotzen dutelako.

D.A.: Frontismoaren argudioa ateratzen ari zara behin eta berriz, baina hori ez da gakoa. Nafarroan bi hizkuntza daude; bata hegemonikoa eta bestea menpekoa. Eta egoera desberdinean diren bi hizkuntza parekatu nahi badira, ezin zaizkie neurri berberak aplikatu. Beraz, lehenbizi, galdera honi erantzun beharko genioke: zer egin nahi dugu euskararekin Nafarroan? Sustatu behar al dugu? Hedatu? Agian, gogoeta egin beharko genuke guztiok, ea zerbaitetan ados jartzea posible den. Izan ere, nago batzuek euskararen alde hitz egiten dutela, baina, egiazki, erreserbara mugatu nahi dutela hizkuntza. Zulotxoan gorde. Hau da, badute nolabaiteko tolerantzia, baina normalizazioaz ez dute ezer jakin nahi. Aldiz, argi badugu gure jarrera euskara sustatzearen eta laguntzearen aldekoa dela, hizkuntza politika eraginkor bat diseinatu beharko dugu. Eta horren gainean eraikiko da negoziazio aberasgarria. Beraz, argitu dezagun auzia behingoz, eta esan dezagun zein aldetara tiratuko dugun, ezin baitugu zalantzan jarri hizkuntza eskubideen errespetua. Herritarrek berezkoak dituzte eskubide horiek; ez da erretorika kontua. Euskararen sustapenerantz jotzen badugu, Ezkerrak gustuko ez duen eremu batean sartuko gara: funtzio publikoa, lanpostuen hizkuntza eskaerak... Nire ustez, administrazioaren betebehar nagusia baita herritarrei zerbitzua ematea, eta horrek esan nahi du neurri zehatzak hartu beharko ditugula herritar euskaldunek ere zerbitzua euren hizkuntzan jaso dezaten.

M.S.: Lanpostu publikoen hizkuntza eskaerez hitz egiten dugunean, gainera, ahaztu egiten zaigu euskaldun guztiok menperatzen dugula gaztelania eta, beraz, zerbitzu hori ere eman dezakegula. Josebak aipatu du Altsasuko lanpostuen adibidea. Bada, Ezkerraren diskurtsoa aplikatuz, errealitate soziolinguistikoa oinarri gisa hartu beharko luke administrazioak lan deialdiak egiterakoan, eta Sakanako errealitate soziolinguistikoak argi erakusten du euskara eskakizuna egitea logikoa eta ulergarria dela. Eta zer gertatuko da kaltetuekin? Bada, askotariko neurriak har litezke; besteak beste, pertsona horien euskalduntzea. Hori litzateke normalena eta koherenteena, baita Ezkerrak darabilen diskurtsoarekin ere. Baina halako erabakiak hartzen direnean, batzuk berehala hasten dira espantuka: «Hori derrigortzea da», «inposizioa», «bazterketa», eta abar. Ea argi gelditzen zaigun behingoz: gutxiengo baten eskubideak onartzeak ez dakar gehiengoari eskubideak murriztea. Gauza batek ez du bestea baztertzen.

L.P.: Nire ustez, lan eskaintzaren eta herritarrei eman beharreko zerbitzuaren arteko oreka mantentzeko aukera badago, baina horretarako baliabide gehiago eskaini behar dira. Sakonki aztertu beharreko gaia da hori, egungo eredua zalantzan jartzera behartzen gaituelako etengabe. Alegia, zergatik ematen diogu lehentasun handiagoa erkidegoaren zorra ordaintzeari, herritarrek dituzten premia eta beharren gainetik? Beraz, hori da gakoa: nola eginen dugun baliabide handiagoak lortu eta guztion eskubideak bermatzeko.

J.E.: Bat nator Laurarekin. UPNk urtetan eginiko murrizketak eta doikuntza neurriak ezin ditugu ontzat eman. Iruñeko haur eskolen auzian ere argi ikusten da hori, erregionalistek euskararen gaia erabili baitute euren kudeaketa penagarria eta murrizketa bortitzak estaltzeko. Eztabaida euren eremura eraman dute: ez dugu hitz egin eraikinen egoera kaxkarraz edo baliabideen eskasiaz, hizkuntza ereduaz baizik.

Nafarroako Gobernuak ez du Euskararen Legea indargabetu. Zergatik?

L.P.: Ahal Dugu-n uste dugu euskarak izaera ofiziala izan beharko lukeela Nafarroa osoan, herritar guztiek eskubide berberak dituztelako. Tamalez, itun programatikoa negoziatzeko garaian ezin izan genuen puntu horretan adostasunik erdietsi, baina gaiari heldu beharko diogu goiz ala berandu, indarrean dagoen legearekin ez baita posible euskaldunon eskubideak bermatzea.

J.E.: Gu ere zonifikazioa gainditzearen aldekoak gara, baina gauzak egin litezke Euskararen Legea indargabetu gabe ere. Horren adibide dira D eredua eremu ez-euskaldunera hedatzea, baita euren herrietatik lekualdatu behar duten ikasle euskaldunentzako garraioa eta jantokia ordaintzeko diru laguntzak ere. Oso politika interesgarriak iruditzen zaizkigu horiek. Arazoa beste bat da. Gaur egun, 2016an, Cascante, Arguedas, Tutera, eta horien gisako herrietan, euskarazko zerbitzuen eskaria oso murritza da, eta, beraz, ez dauka zentzurik hango udalak euskara teknikari bat kontratatzera derrigortzea. Egungo errealitate soziolinguistikotik abiatuta, ez du logikarik. Nire ustez, zonifikazioa gainditzera jo behar dugu, eta horretan denak gaude ados, baina daukagun egoeratik abiatuta, egoera artifizialetan oinarritutako eskakizunik egin gabe.

L.P.: Baina zer zentzu du horrek? Inoiz ez dugu etxea eraikiko, lehen harria jartzen ez badugu!

D.A.: «Zonifikazioaren kontra gaude» esatea erraza da, baina, horretarako aukera izan zenutenean, ezezkoa eman zenuten. Eta hori esan beharra dago, Euskararen Legea bertan behera uztea galarazi zuelako Ezkerrak, itun programatikoa negoziatzen ari ginenean. Jose Miguel Nuinek berak harro esan zuen Ezkerra dela Euskararen Legea indarrean segitzeko bermea. Beraz, hemen bakoitzaren merituak aipatu behar baditugu, esan beharko dugu zuen alderdiari zor diogula zonifikazioaren mantentzea.

Guk planteatu genuena zera izan zen: Euskararen Legea indargabetzea eta ofizialtasuna herrialde osora hedatzea. Beste gauza bat da, ofizialtasuna oinarri hartuta, toki bakoitzean egin daitekeen planifikazioa eta estrategia soziolinguistikoa. Baina euskarak lege berria behar du, zonifikazioa eraitsi nahi badugu.

Neurri eraginkorrak har daitezke Euskararen Legea kendu gabe?

J.E.: Bai. Horixe planteatzen dugu guk: egin ditzagun inkesta soziolinguistikoak herri guztietan. Horrek emanen digu hiztunen unibertsoaren irudi errealago bat, eta, hortik abiatuta, berma ditzagun hiztunen eskubideak. Bestela, neurri batzuk artifizialak izanen dira.

M.S.: Benetan artifiziala egungo egoera bera da. Etxarrin, adibidez, pediatra euskaldunik ez egotea. Hori da aldatu behar dena. Gobernuak Cortesen edo Tuteran hizkuntza eskakizuna jarriko balu ere, langileak elebidunak izanen lirateke, eta, beraz, zerbitzua gaztelaniaz ere eskainiko lukete, orain arte bezala.

D.A.: Nik adibide bat jarriko dizut, Joseba: 1982an onartu zen euskararen ofizialtasuna aldarrikatu zuen legea, Euskal Autonomia Erkidegoan. Garai hartan, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba ez ziren linguistikoki homogeneoak ere. Arabako Errioxan, esate baterako, Nafarroako hegoaldean dugun egoera bertsua zeukaten. Hala ere, hizkuntzaren ofizialtasuna onartu zen, eta inork ez zuen espantu handirik egin. Normala zen. Eta antzeko zerbait gertatu zen Galizian, Katalunian eta beste hainbat tokitan. Han ere badituzte eremu erdaldunagoak, baina oso gauza arrunta da hizkuntza bati estatus ofiziala ematea, lurraldea linguistikoki homogeneoa izan ez arren. Gaur egun ere, Ondarroan, Goizuetan eta Arabako Errioxan egiten duten hizkuntza politika ez da berdina, funtzio publikoan aplikatzen dituzten irizpideak berberak ez diren bezalaxe. Baina hori logikoa da. Ezaugarri komunbat dute: hizkuntza eskubideak bermatuko dituen lege bat; euskaldunen eskubideak, baina baita erdaldunek euskara ikasteko edo seme-alabak euskaraz eskolatzeko duten eskubidea ere. Eta ofizialtasunak bakarrik berma dezake hori.

L.P.: Sinbolikoki ere garrantzi izugarria du ofizialtasunak. Nahiz eta gero, eremuaren arabera, plangintza eta garapen ezberdinak aplikatu, ezinbestekoa da hizkuntzari maila hori ematea.

J.E.: Bai, baina Ezkerrak onartzen du hori guztia. Koofizialtasuna eskatzen dugu, eta hauteskunde programan aipatzen genuen.

M.S.: Hori benetan hala bada, nik ezin dut egoera ulertu. Zonifikazioaren aurka eta koofizialtasunaren alde zaudete, baina ez duzue Euskararen Legea ukitu nahi ere...

J.E.: Ukitu dugu. Hortxe duzu D ereduaren zabaltzea.

M.S.: Bai, baina hori moldaketa txiki bat da. Esparru zehatz batera mugatu nahi izan duzue lege aldaketa: hezkuntzara. Eta nik ez dut esaten hori garrantzitsua ez denik, baina beste alor askotan ere ezinbestekoa da aitorpen hori. Zer esan nahi duzue, eremu ez-euskalduneko euskaldunen eskubideak hezkuntzaren esparrura soilik mugatu behar ditugula? Eremu horretako haurrak etorkizuneko euskaldunak izanen dira. Hazten direnean, ukatu eginen dizkiegu eskubide horiek? Nik dakidala, inork ez du esan lege berriak nolakoa izan behar duen, nolakoa izanen den aplikazioa... Hori guztia eztabaidatzeko dago, eztabaidari ere uko egin diolako Ezkerrak.

Ez dut uste, dena den, itun programatikoa sinatu genuen lau alderdien oniritziarekin nahikoa izanen denik. Gustatuko litzaidake beste indar batzuk ere adostasunera erakartzea, euskararen gisako gai garrantzitsu batek ahalik eta babes handiena izan dezan. Hemen ordezkaturik dauden lau indarrek duten gehiengo txikia nahikoa izan liteke egitasmoa abian jartzeko; baina Euskararen Lege berri bat onartzeko, konpromiso handiagoa lortu beharko genuke, gure agintaldia bukatuta gobernua beste norbaiten eskuetan gelditzen bada, egindako guztia desegiteko tentaldia izan ez dezan. Inportantea da hori ere, eta D eredua zabaltzeko erabakian, adibidez, lortu genuen PSNren babesa ere. Berme handiagoa ematen du.

J.E.: Euskara, ikurrak, hezkuntza... Gai delikatu horietan, adostasun zabalak lortzeko joera izan beharko genuke, eta, hori ezinezkoa denean, gu lauron akordioetara mugatu. Baina perspektibaz jokatu behar dugu, eta akordio zabalak lehenetsi. Eztabaida osasuntsu eta eraikitzaileak sustatu behar ditugu gurekin bat ez datozenekin, garai bateko tik autoritarioak baztertze aldera.

D.A.: Polita litzateke orain sua pizten ari diren indar politiko horiek lasaitzea eta elkarlanera batzea, baina ez dut uste hori izanen denik euren kalkulua. Zein izan da PSNren jarrera azken eztabaidetan? Betiko mantra errepikatzea: «Inposizioa, inposizioa, inposizioa». Beraz, nik panorama nahiko garbi ikusten dut: ongi betor adostasuna, ofizialtasuna bermatzeko bada, baina oposizioko alderdi horiek gutxienekoa onartzeko gai ez badira, daukagun indarrarekin egin beharko dugu aurrera.

BERRIAn argitaratua (2016/02/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA