gizartea
Auzitegiak biktima gisa ezagutu du Lola Villabriga
Oihana Teyseyre Koskarat
Izan ere, epaileak onartu zuen Lola Villabriga parte zibil egitea; hala, biktima gisa ezagutua da neska gaztea. Zigor arinak haserrea eragin zuen kanpoaldean. Sophie Bussiere abokatuak, berriz, baikortzat jo zuen Villabriga «biktima gisa ezagutua izatea». Edonola ere, datorren irailaren 17an kalte-ordainen estimazioa egiteko txostena eskatuko du abokatuak. Saioaren ondotik, poliziak biktimarekin hitz egiteko gogoa adierazi zuen, eta «damutzen» dela esan zion. «Pixka bat eztiturik» atera zen gazte miarriztarra auzitegitik.
2018ko abenduaren 18an izan ziren gertakariak, Miarritzen (Lapurdi): G7koen goi bilera antolatzeko bisita bat egin zuen Jean-Yves Le Drian Frantziako Atzerri ministroak. Protestak izan ziren. Neska gaztea aulki baten gainean zutik zegoela LBD40 jaurtigailuarekin egin zion tiro poliziak. Haustura hirukoitza eragin zion aurpegian. Poliziaren abokatu Guillaume Sapatak «istripuz gertatu» zela argudiatu zuen atzo. «Poliziak jasaten duen bortizkeria» ere ekarri zuen gogora, eta gaineratu zuen Polizia beharrezkoa dela gizartearen «segurtasuna bermatzeko».
Villabrigaren abokatu Bussierek salatu zuen, berriz, poliziek erabiltzen dituzten armek «askatasuna murrizten» dutela eta «manifestatzeko askatasuna arriskuan» jartzen dutela. Lekukotasun morala eman zuen Ian B. Desarmons Les kolektiboko kideak. LBD jaurtigailuak «gerrarako baliatzen diren armak» direla esan zuen. Azaldu zuen Frantziako Estatuan azkarki emendatu dela Poliziak zauritutakoen kopurua: «Urte bakarrean, 29 pertsonak galdu dute begia. Aurreko hogei urteetan, 35ek».
Zaurituak, justiziaren zain
Ereduarentzat Mutilatuak kolektiboko hainbat kide, eta, dozenaka jaka hori joan ziren Villabriga miarriztarra sostengatzera. Horien artean, Antoine Boudinet: eskua galdu zuen Bordeleko (Okzitania) manifestazio batean granada baten ondorioz; eta, Vanessa Langard: begia galdu zuen LBD40 jaurtigailu tiro batengatik, Parisen. Justizia eskatzeko oihuak izan ziren nagusi.
Bestalde, bertaratu ziren hainbat lagun identifikatu zituen Frantziako Poliziak.