politika
Ziurtasunik gabe ekinen diete bidaiei
Maddi Ane Txoperena Iribarren
«Esan digute eskularruekin eta maskararekin joan behar dugula, baina ez dakigu probak egingo dizkiguten sartzerakoan». Elias Minerrek Imanol anaia du kartzelan, eta joan den urteko azaroan ikusi zuen azkeneko aldiz. «Martxo hasieran joatea egokitzen zitzaigun, eta bertan behera utzi behar izan genuen. Apirilean genuen beste bat, eta bertan behera». Asteburu honetan jasoko du haren anaiak konfinamendua hasi zenetik lehen bisita, bikotekidearena; baina ez traba gutxirekin. «Arazo dezente eduki ditugu, aste erdian jarri digutelako, bi pertsonara murriztuta, segurtasuna mantenduta... Eta komunikazioa arrunta izango da: kristalean. Bisean bisekorik ez daukagu». Hainbertze denboraz ikusi gabe egon ondoren, ezinen du ukitu, ez besarkadarik eman. Joan eginen da, halere; uztailean. Ez, haatik, ziurgabetasun gutirekin. «Argi daukagu joan nahi dugula, baina ez dakigu neurriak nolakoak izango diren».
Granadan dauka anaia Minerrek, eta Espainiako Estatuko espetxe ia gehienetan antzekoa da egoera. Urtzi Errazkin Etxerat-eko bozeramaileak azaldu duenez, Espainiako Espetxe Erakundeek agindua eman dute senideak euren probintzia berean ez dituzten presoei bisitak asteburuetan jartzeko, bidaiak errazago egin ahal izateko. «Baina espetxe bakoitzak bere protokoloari jarraitzen dio. Ez dute aintzat hartu Espetxe Erakundeen agindua, eta hainbat senideri aste barruan jarri dizkiete bisitak. Batzuentzat ezinezkoa da aste barruan joatea». Bertze batzuetan, eguna ez ezik, ordutegia ere aldatu diete. Mirentxin Gidarien furgonetak antolatzeko zailtasunak ekarri dizkie horrek: «Bidaiatu dezakegu, baina ez digute koordinatzeko aukerarik ematen».
Errazkinek azaldu duenez, Frantziako espetxeetan kristalik gabekoak dira bisitak, beti. Baina hor ere, orain, segurtasun neurri zorrotzak jarri dizkiete. «Ezin da kontakturik egon, baina ez dago barrerarik: bisitetara joaten den orok sinatu behar du paper bat esanez maskararekin egongo dela momentu oro, eta inongo kontaktu fisikorik izan gabe». Arauak hautsiz gero bisita etengo luketela salatu du Errazkinek, eta presoa hamabortz egunerako bakartuko luketela. «Hiru hilabeteren ondoren aurrean eduki eta ezin ukitu ahal izatea... Egoerak oso gogorrak dira».
Eta, gainera, urrun
Minerrek eta Errazkinek gogoratu dute ez dutela presorik askatu COVID-19arekin loturiko arrazoiengatik, nahiz eta nazioarteko erakundeek gomendio hori egin dieten gobernuei. «Frantzian ia 10.000 preso askatu zituzten, baina euskal preso politikoak aparte utzi zituzten erabaki horretatik. Sei presori zegokien onura horiek hartzea. Espainiaren kasuan, zero: ez dio inongo gomendiori kasurik egin». Hurbilketak ere «gutxi» izan direla salatu dute, eta ez Euskal Herrira. «Itxurakeriazko pausoak», Minerren ustez.
Horrek guztiak berekin ekarri du pandemiaren eragozpenei urrunketarena gehitzea. «Martutenen egon balira, gu orain dela hiru aste hasiko ginen bisitak egiten», salatu du Minerrek. Izan ere, kartzelak bisitak baimentzen hasi ziren, baina ez, ordea, probintzia batetik bertzera mugitzea. «Urruntasunak, beste behin ere, ikaragarri zaildu du guztia», Errazkinen hitzetan.
Orain ere kezkatzen ditu urruntasunaren gaiak. «Baditugu bidea, betiko arriskua, kilometroak, orduak eta hori guztia, baina horri gehitzen zaio espetxe barruan eta bidean bertan kutsatzearen arriskua». Presoena «inoiz baino gehiago gizarte arazo bat» bilakatu dela uste du Minerrek. Espainiako Gobernuari egin dio ohartarazpena Errazkinek: «Asteburuero 400 bat euskal herritar penintsula osoan zehar ibiliko dira bidaiatzen, jaten, lo egiten, bisitak egiten. Ja ez da bakarrik preso eta senideentzako arriskua, baizik eta penintsula guztian gaixotasuna zabaltzearena. Gobernu batentzat, horrelako arrisku bat hartzeak ez dauka inolako zentzurik, pasatu duguna pasatu eta gero». Minerren ustez, soluzio sinple bezain zaila du kontuak: «Borondate politikoa». Errazkin: «Kalera atera behar dugu, presio egiteko».