astekaria 2020/07/03
arrowItzuli

bizigiro

Ur uherren detektibeak

Ion Orzaiz

Ur uherren detektibeak

Dagoeneko, argi dago nola sartzen den SARS-CoV-2 koronabirusa giza gorputzean: arnas tanten bidez eta infektatutako pertsonen jariakinekiko kontaktuaren bidez, nagusiki. Baina, atera? Nola ateratzen da birusa organismotik? Bada, beste substantzia, mikroorganismo eta patogeno askoren gisara: gorotzetan. Handik, komuneko zulotik behera doa, estoldetara.

Hori dela eta, hondakin urak ikertzeko proiektu ugari abiatu dira azken hilabeteetan. Estoldetako uretan birusaren trazak topatuz gero, izurriari aurrea hartzeko aukera handiagoak daudela frogatu dute mundu osoko ikerlariek. Euskal Herrian, aitzindari da EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateak sustatutako egitasmoa. Apirilean jarri zuten martxan, eta aurki espero dituzte emaitzak. Prest eduki nahi dute protokolo bat, COVID-19aren bigarren olde bat etorriko balitz.

«Ikerketaren helburu nagusietako bat da SARS-CoV-2a detektatzea eta informazio hori alerta goiztiar gisara erabiltzea», azaldu du Gorka Oribe EHUko Farmazia katedradunak. Haren esanetan, ur zikinetan birusa antzemateak adieraziko luke «transmisio komunitarioa gertatzen ari dela une horretan» eta, ondorioz, «ia ziurra» dela kasu asko azaleratzea hurrengo egunetan edo astebeteren buruan, lehen sintomak agertzearekin batera. «Zazpi egun arteko aurreikuspena eman diezaguke sistema honek». Alemanian, adibidez, hondakin uretan antzeman zituzten COVID-19aren lehen zantzuak, aurreneko kasua diagnostikatu baino lehen.

EHUko lantaldeak Gasteizko Krispiña araztegiko hondakin uretatik hartu ditu laginak orain arte, eta horiek aztertzen ari dira orain. Nafarroan, Nilsa eta Nasertic enpresa publikoak ari dira gisa bereko egitasmo bat garatzen. Geroago hasi ziren laginak hartzen [maiatzaren 25ean], baina gehiago zabaldu dute ikerketaren esparrua, herrialdeko araztegirik handienetako bateko hondakin urak aztertu baitituzte.

«Aspalditik genuen martxan ur horniduraren kalitatea neurtzeko proiektua eta, horren barruan, uraren bidez zabaltzen diren mikroorganismoak aztertzen genituen», azaldu du Fernando Mendozak, Nilsa enpresako kudeatzaileak. «COVID-19ak jo ostean, horretara bideratu genituen gure baliabide eta indar guztiak».

Nilsako langileak arduratzen dira araztegietako uretatik laginak hartzeaz, eta Nasertic enpresari igortzen dizkiote, beren laborategietan azter ditzaten. «Nilsak 150 araztegiko sarea kudeatzen du, baina, lehen fase honetan, Tuteran, Lizarran, Tafallan eta Arazurin (Iruñea) egin ditugu ikerketa lanak, birusaren presentziarik handiena, nonbait egotekotan, han egonen delako», esan du Mendozak.

PCR probak ur zikinei

Ikerlariek estoldetan ikertzen dutena, baina, ez da SARS-CoV-2 birusa bera, patogeno horren materiale genetikoa baizik. «Hondakin uretan bilatzen duguna da koronabirusaren RNA edo egitura. Arrasto bat da. Ez du jada aktibitaterik, ezta gaixotasuna eragiteko gaitasunik ere», azaldu du Oribek. Hala ere, neurri eta protokolo zorrotzak ezarri dizkiete zientzialariei nahiz araztegietako langileei, «segurtasun erabatekoa bermatzeko».

Laginak aztertzeko erabiltzen den metodologia, berriz, «PCR proba baten oso antzekoa da», eta hori «abantaila bat» da, Nilsako buruaren irudiko, «PCRak egiten dituzten laborategi guztiak erabil daitezkeelako bestelako ikerketa hauek ere egiteko».

Hiri eta herrietako estoldetan birusaren RNA aurkitzea «oso garrantzitsua» dela azpimarratu du Oribek: batetik, denbora aurrezteko eta osasun sistema ongi prestatzeko balio dezake; bestetik, erantzuna bera tokian tokiko beharretara egokitzeko. «Birusaren detekzio bizkor bati esker aurrezten ahal diren orduak eta egunak oso baliotsuak izan daitezke osasun sistemarentzat: aurretik presta daiteke egitura osoa, eta gaixoei ematen ahal zaie behar dituzten baliabideak, denbora eta arreta. Pandemiaren hasieran izan ez genuena, alegia».

Mendozarentzat ere «alarma pizteko botoia» izan daiteke hondakin uren ikerketa, baina baita «prebentzio neurriak zorrozteko modua» ere: «Nafarroako araztegi nagusien sarea kontrolatzen dugunez, aukera dugu tokian tokiko diagnostikoa egiteko. Zer esan nahi du horrek? Bada, jakin dezakegu non ari den birusaren presentzia nabarmen handitzen, eta, horren arabera, neurri zehatzagoak har daitezke auzo bakar batean, herri batean...».

Orain arte jasotako laginen artean, «SARS-CoV-2aren arrasto gutxi batzuk» agertu direla nabarmendu du Nilsako kudeatzaileak, baina hori «albiste ona» dela uste du: «Emaitza horiek adierazten digute, batetik, ongi ari garela eta birusa detektatzeko gai garela; eta bestetik, birusaren presentzia urria aintzat hartuta, izurriaren hedatze maila oso apala dela oraintxe».

Askotariko erabilerak

Ur zikinen epidemiologia «oso kontzeptu interesgarria» dela dio Oribek, COVID-19 zantzuak antzemateaz gain, aukera ematen duelako, besteak beste, «uretan dauden substantzia toxikoak (alkohola, marihuana eta bestelako droga batzuk) eta farmakoak neurtzeko, patogenoak identifikatzeko edota toki bateko biztanleen jokabide toxikologikoak ezagutzeko».

Nilsak ere bestelako ondorioak ere atera ditu, azken asteotako ikerketa lanei esker. Adibidez, Nafarroako araztegien eraginkortasun maila «ona» dela jakin dute: «Guk jakin nahi genuen ea araztegietan urari ezartzen zaizkion tratamenduak egokiak diren, ohiko bakterio eta mikroorganismoen kontra ez ezik baita COVID-19aren kontra ere. Orain, badakigu hala dela, eta handik ateratzen den ura, nekazaritzan erabiltzekoa, adibidez, erabat garbia dela. Birusaren trazarik ere ez da ageri».

Gasteizen nahiz Nafarroan, alta, proiektuaren lehen fasea da martxan jarri dutena, eta argi dute probak ugaritu eta bizkortu beharko dituztela datozen aste eta hilabeteetan, COVID-19aren detekzio neurri gisa erabili nahi badituzte. «Aurrera begira, argi dago jarraitutasun bat beharko dela, eta hori guztia zehazteko dago oraindik», azaldu du EHUko irakasle eta ikerlariak: «Ez du zentzurik laginak behin bakarrik hartzea. Astero hartu beharko ditugu, edo astean bitan, alerta sistema hori ezarriko badugu».

Oriberekin bat dator Mendoza: «Ikerketaren lehen fase honetan, zazpi astez hartuko ditugu laginak, eta, horren ostean, bilera eginen dugu hainbat erakundetako ordezkariekin, orain arteko emaitzak aztertu eta datozen hilabeteetarako plana diseinatzeko». Hori, ordea, ez dago zientzialarien esku, ordezkari politikoen ardura baita: «Osasun Departamentuari dagokio lidergoa hartzea eta plana diseinatzea. Gu prest gaude, osasun sistema publikoari laguntzeko».

BERRIAn argitaratua (2020/06/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA