politika
Euskara. Nolako ideologia, halako irizpidea
Maddi Ane Txoperena Iribarren
Egitasmo horietako anitzek jarraipena izan dezakete heldu den legealdian, aldaketa handirik ez bada. Baina zer dago oraindik egiteke? Euskalgintzako eragileek behin eta berriz salatu dutenez, koronabirusaren pandemiak agerian utzitako zuloetako bat administrazioaren euskalduntzearena da. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak salatu du, erraterako, 205 kexa jaso dituela konfinamenduan hizkuntz eskubideen urraketekin lotuta, eta jasotako lau kexatik bat Eusko Jaurlaritzari eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bertzelako erakunde publikoei loturikoak izan direla. Tartean anitz dira Osakidetzari eta Ertzaintzari egindakoak. Euskararen alorrean, administrazioan jarri beharreko hizkuntz eskakizunena izan daiteke kanpainako eztabaidagai garrantzitsuetariko bat: nolako hizkuntz ideologia, halako irizpidea gailentzen baita alderdietan.
Administrazioan, euskaraz
EAEko administrazioetan euskararen erabilera arautzen duen dekretua 1997koa da, eta berritzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak. Lanpostu publikoetarako hizkuntza eskakizunak nolakoak izan, hortxe dago koska. Duela lau urteko kanpainan polemika sortu zuen PSE-EEk zabalduriko bideo batek, hizkuntza eskakizunak diskriminatzailetzat jo baitzituen alderdiak. Aurten, Arabako Vox izan da halako bideo bat zabaldu duena: 12 urteko ume baten kontakizuna azaltzen du bideoan, zeinari gurasoek ezin baitiote lagundu etxerako lanekin, euskaraz ez dakitelako. Euskararen «inposizioa» salatu du Voxek, eta halako umeak «hezkuntzatik kanporatuak» direla adierazi du.
PPk eta Ciudadanosek osaturiko koalizioak ere ildo beretik jo du hauteskunde programan. Azaldu dutenez, atzera bota nahi dute udalei «herritarrengana euskaraz soilik zuzentzeko modua ematen dien» dekretua, eta herritarrak «arrazoi linguistikoengatik baztertzeari» uko egin nahi diote. PPren eta C's-en ustez, «injustua» da administrazioan «hizkuntza baten ezagutza espezializazio baten ezagutzaren aurretik jartzea»; injustua lanpostu publikoak lortu nahi dituztenentzat, baina baita «zerbitzu publiko ona» nahi duten herritarrentzat ere. Koalizioak uste du «elebitasun uniformea onartezina» dela, eta hori egiten saiatzeak «lortzen ezinezkoa den ahalegin bat» eskatzen duela, zeinak «frustraziora» baitaramatza horretara irits ez daitezkeenak: «Zerbitzu publikoaren eta askatasun sozialen gainetik elebitasuna erdigunean jartzeak mugatu eta pobretu egiten gaitu». «Inposizioaren» aurka, enplegu publikorako eskaintzaren irizpideak aldatu nahi dituzte PPk eta C's-ek, euskarari balioa kenduta. Uste dute, adibidez, herritarrekin harremanetan aritzen ez diren langileek ez dutela hizkuntz eskakizunik behar, «kalitatea» lehenetsi behar dela, eta euskarazko zerbitzuak eskaeraren arabera egokitu behar direla, «lurralde bakoitzeko errealitate linguistikoarekin bat eginez».
PSE-EEk hizkuntzaren erabilera orokorrean jarri du arreta aurten, «administraziotik harago»: «Euskarari buruzko politikak administrazioarekin zerikusia duten gaiei buruzkoak izaten dira, baina euskal sozialistok askoz harago joan nahi dugu». Azaldu dute ez dutela «kosta ahala kosta» eginen den «euskalduntze hedatzaile» baten alde egiten, baizik eta euskararen irudi «atsegin, dinamiko, erakargarri eta integratzaile bat sustatzearen alde». Ez dute neurri jakinik proposatu administraziorako.
EAJk «aurrera» egin nahi du administrazioa euskalduntzearekin, eta zehaztu du «kasuen %100ean» errespetatu nahi dituela hizkuntz eskubideak, «herritarren hautuaren arabera zerbitzua euskaraz zein gaztelaniaz emango zaiela bermatzeko». Euskara normalizatzeko hurrengo plangintzaldiari begira jarri da horretarako -2022 eta 2026 artekoa da-, eta zehaztu du aldi horren amaierarako «hamabost puntuan handitu» nahi duela «euskararen erabilera lan hizkuntza gisa, normalizazio planetan aurreikusitako adierazle guztietan». Horretarako, administrazioan euskararen erabilera sustatzeko dekretua «garatu eta ezartzea» agindu dute.
EH Bilduren ustez, azken legealdian Jaurlaritzak ez du urrats «kualitatiborik» egin administrazioa euskalduntzeko, eta salatu du, erraterako, Osakidetzako eta Ertzaintzako euskararen erabilera normalizatzeko azken bi planak ez direla bete. Horren aurka, planak betetzeko «baliabideak» jartzea proposatu du, baita administrazioa euskalduntzeko planen «amaiera datak zehaztea» ere. «Horren bidez, administrazioko atal eta erakunde bakoitzak zehaztuko du, jendaurrean, noiz amaituko duen bere euskalduntze prozesua, betiere hiru legealdiko epemugarekin». EH Bilduren arabera, euskalduntzeak erran nahi du «arduradun eta langile guztiek beren lanposturako adinako euskara gaitasuna ziurtatuta izatea, euskaraz lan egiten hasia izatea, ele bietan edo euskaraz lan egitea, dokumentazio guztia euskaraz ere sortzea eta bere zerbitzu guztiak euskaraz ere eskaintzea». Lan eskaintza publikoetan gaztelerari eta euskarari «trataera bera emateko neurriak» hartzea proposatu du, «gaur egungo langileen egoera eta lanpostuaren izaera kontuan hartuta eta salbuespenak aurreikusita».
Elkarrekin Podemosek eskubideekin lotuta landu du euskararen gaia, eta euskara ikasteko doakotasunarekin lotu du administrazioarena, zuzenean. Haren arabera, pertsona guztiek dute eskubidea administrazio publikoan «bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan komunikatzeko, harremanak izateko eta arreta jasotzeko»; baina ez dute nahi «herritarren zati bat baztertzen duen politika ekonomikorik, eta, horregatik, neurri ekonomiko zehatzak sustatu» nahi dituzte euskara eta gaztelera ikasi nahi dituztenek horretarako aukera izan dezaten, «inposaketarik eta baldintzapenik gabe».
Doakotasuna
Euskaraz ikasteko doakotasuna izan daiteke datorren legealdiko bertze gai nagusietako bat. EH Bilduk B2 mailara arteko euskara ikasketak doan izatea «bermatzeko» lege proposamen bat erregistratu zuen 2018ko azaroan, eta Elkarrekin Podemosen babesa du. Biek ala biek jaso dute programan horixe bera, baina urrunago joan dira: C1 mailara arte nahiko lukete bi taldeek matrikula doan izatea, hasieratik. EH Bilduk legez bermatu nahi du «euskaraz ikasteko eskubidea», «herritarren arteko desberdintasunak bukatu» eta «laguntza sistematik eskubideen markora» pasatzeko. Elkarrekin Podemosek kontziliaziorako neurriak gehitu dizkio doakotasunari, ordutegi malguak jarrita, eta C2 mailarako ere diru laguntzak nahi ditu.
Ezberdina da EAJren eta PSE-EEren iritzia, orain arte harturiko neurriei lotuta. Joan den otsailean, bi alderdiek gidaturiko Jaurlaritzak iragarri zuen matrikulazioaren dirua itzuliko zietela B2 mailako azterketa gainditzen zuten ikasleei, eta %75eko asistentzia eskatu zuten horretarako, azterketa gainditzeaz gain. Era berean, PSE-EEk programan zehaztu du «C1 mailara arteko doakotasuna» ezarri nahi duela euskaltegi publikoetan, «behin egiaztagiria lortu ondotik». EAJk ere antzeko bidetik jo du, eta zehaztu du «HABEren C1 maila gainditzen duten 16 eta 30 urte bitarteko gazteei» emanen dietela dohainik ikaste prozesua, «legegintzaldian zehar apurka-apurka irekiz». Bertze adinetarako ez du zehaztapenik egin. Euskaltegiekin batera lan eginda, helduentzako euskara ikastaroen eskaintza areagotzea ere bildu du EAJk programan. EH Bilduk euskaltegien sarea garai berrietara egokitzeko neurriak hartu nahi ditu: «Mapa aztertuko dugu, mapa berria definitzeko, ordenatzeko; finantzaketa zehazteko».
Hautagai euskaldunak
Lehen aldiz, euskaldunak izanen dira Eusko Legebiltzarrerako bortz lehendakarigaiak: IƱigo Urkullu (EAJ), Maddalen Iriarte (EH Bildu), Miren Gorrotxategi (EP), Idoia Mendia (PSE-EE) eta Carlos Iturgaiz (PP+C's). Eusko Legebiltzarraren jarduna ez da euskara hutsean egiten, ordea. Programak ere ez dituzte ele bitan kaleratu alderdi guztiek: oraingoz, EH Bilduk eta EAJk soilik argitaratu dute programa euskaraz. Bertze hiru alderdiek gaztelera hutsean dauzkate programak euren webguneetan.