astekaria 2020/06/26
arrowItzuli

kultura

Prest, zinemazaleen zain

Ainhoa Sarasola

Prest, zinemazaleen zain

Itxialdia hastearekin batera itxi zituzten Euskal Herriko kultur aretoak. Alarma egoeraren faseek aurrera egin ahala, aldatuz joan da haien egoera ere, eta, pixkanaka, atzera ireki dituzte hainbat antzoki, kultur etxe, museo eta bestelako azpiegitura. Zinema aretoak ere hasiak dira bide hori ibiltzen. Orain aste bi zabaldu zituzten gutxi batzuk, eta badira ateak geroago irekiko dituztenak ere, baina gaur itzuliko dira filmak beste askoren pantailetara. Higiene neurri zorrotzak hartuta ekingo diete berriro emanaldiei; zinemazaleen erantzuna ikustea besterik ez da falta.

Azkoitiko Baztartxo (Gipuzkoa) eta Durangoko Zugaza (Bizkaia) zinemak izan ziren irekitzen lehenak, hilaren 5ean, eta handik astebetera zabaldu zituzten ateak, besteak beste, Errenteriako Niessenek eta Beasaingo Usurbek Gipuzkoan, eta Gasteizko Florida eta Etxebarri Ibiñako Gorbeia aretoek Araban. Alarma egoera ezarri aurretik, martxoaren 12an itxi zituzten Gorbeia aretoak, Sandra Martinez zinemen arduradunetako batek azaldu duenez, eta, beraz, hiru hilabete itxita eman dituzte. «Ziurgabetasun handiz aritu ginen lanean, batez ere hasieran, eta denbora pasatu ahala egoera gero eta gehiago konplikatzen ari zela ikusten genuen».

Saltoki eta aretoak irekitzeko daten dantza handia izan zela azaldu du, eta zinemak negura arte ez ote ziren irekiko zalantza egon zela une batean. «Gero, aldiz, irekitzeko aukera maiatzaren 25era aurreratu zenean, goizegi zela iruditu zitzaigun. Batetik, egoera ez zegoelako guztiz argi, eta, bestetik, kostu handia zekarrelako edukieraren herenarekin eta estreinaldirik gabe irekitzeak». Film banatzaileen artean ere ziurgabetasuna zen nagusi. «Zinemak noiz irekiko zain zeuden haiek, eta zinemak, haien estreinaldiak noiz iritsiko». Areto gehienen ustez, edukiera mugengatik eta estreinaldien eskasiagatik, irekitzea ez zen bideragarria ekainaren erdialdera edo bukaera aldera arte, Martinezen hitzetan.

Bitartean, segurtasun protokolo bat zehazten jardun zuen EZAE Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Osasun sailekin harremanetan. Eta bertan jasotako neurriak hartuta ireki zituzten azkenean Gorbeia aretoak. Estreinaldirik ezean, eskaintza «erakargarria» osatzean jarri zituzten indarrak. «Martxoan ongi funtzionatu zuten hainbat film erreskatatu genituen; batzuk astebete soilik egon ziren ikusgai, eta bide bat egin dezakete oraindik». Aspaldiko lan ezagun batzuk gehituz, «publiko guztientzako kalitatezko film sorta bat» osatu zuten. Eta, oraindik data guztiak argi ez badaude ere, estreinaldiak aurki iritsiko dira.

«Bai langileentzat, bai publikoarentzat egoera berezia» izanagatik, ikusleen erantzunarekin pozik da Martinez. «Sentsazioa oso ona da, eta aurrera jarraitzeko indarra ematen digu. Egia da publikoa ez dela saldoan etorri, baina halakorik ere ez genuen espero; pixkanaka joango da: jendeak denbora behar du egoera berrira ohitzeko. Baina etorri direnak oso gustura atera dira». Haren ustez, «proba erabakigarria» estreinaldiekin iritsiko da, orduan ikusle gehiago hartzea espero baitute. Ez du ukatzen zinema aretoentzat «urte konplikatua» izango dela, baina denek arduraz jokatuz gero, ziur da hobera joango dela. «Guk gure esku dagoen guztia egingo dugu horretarako. Baikorrak gara, eta aldi berean errealistak».

Ipar Euskal Herrian, zinema gelak joan den astelehenetik daude irekita. Baionan, CGR Circuit Georges Raymond zinema izan zen lehena. Haurrentzako filmak, beldurrezkoak, komediak eta dramak ditu ikusgai. Horien artean dira Yann-Arthus Bertranden Women dokumentala, eta Marjane Satrapiren Radioactive. Atalante zinema gela, berriz, herenegun ireki zuten. Hainbat film han ere: tartean, Nora Fingscheidten Benni eta Mehdi Barsaouiren Un fils. Aipagarria da Atalante zinemak azken hiru hilabeteetan ez zuela jarduera arrunt utzia, publikoari filmak etxetik ikusteko aukera eman baitzion.

Hainbat segurtasun neurri bete beharko dira guztietan. Maskara ezartzea ez da behartua izanen, baina gelan aulki bat biren gain hutsik utzi beharko da. Hala, usaiako pertsona kopuruaren erdia baizik ez da sartzen ahalko.

Egoera berrian, elkarrekin

EZAE elkartea osatzen duten zinemetako bat da Gorbeia. Aretoen artean loturak estutzeko eta euskaraz sortutako edo bikoiztutako lanak elkarrekin sustatzeko sortu zen EZAE, eta, egun, hogei bat kide biltzen ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hiru hilabete inguru itxita egonik, areto guztiek eta haietako langileek «oso egoera larria» izan dutela adierazi du Iñaki Elortza elkarteko idazkari eta Donostiako SADE zinemen arduradunak.Eta legez maiatzean irekitzeko aukera bazuten arren itxarotea erabaki zutela azaldu du hark ere: «Protokoloak landu gabe zeuden oraindik, gehienezko edukiera %30ekoa zen, eta pelikula falta ikaragarria zegoenez, hilabete osoa egon beharko genuen estreinaldirik gabe. Gainera, orduan jendeak zuen beldurrak ez du zerikusirik oraingo egoerarekin. Hala, denok ados ginen ekainaren 26a inguruan irekitzeko».

Itxialdia iritsi aurretik, hurrengo asteetarako hainbat film zituzten loturik, baina programazioak hankaz gora joan zitzaizkien. Hala, bilera ugari izan dituzte asteotan, bai beren artean, bai banatzaileekin, aurrera begirako eskaintza zehazteko. «Zinemek ez dute zentzurik filmik gabe, eta film interesgarriak izan behar dira. Guk konpromisoa hartu genuen zinema gehienak hilaren 26an [gaur] irekitzeko, protokolo guztiekin. Eta banatzaileei eskatu genien esfortzua egiteko film interesgarriak lehenbailehen ekartzeko. Ezin dugu martxoko filmekin denbora asko jarraitu; publikoak estreinaldi indartsuak eta lan interesgarriak nahi ditu».

Hori guztia bideratzea kostatu zaiela aitortzen du Elortzak, baina uste du lortu dutela udarako eskaintza erakargarria osatzea. Lehen egunetan, aurrez ematen ari ziren lan batzuk eta berriak diren beste batzuk egongo dira zinema aretoetan, baina bi-hiru asteren buruan estreinaldiek hartuko dute egitarau osoa. Askotariko publikoentzako lanak helduko dira, lehenago edo geroago, aretoetara: tartean, Tenet (Christopher Nolan), First Love (Takashi Miike), Mulan (Niki Caro) eta Pinocho (Matteo Garrone). SADE zinemen kasuan, Elortzak azaldu du Principe gaur irekiko dutela, astebeteko egitarau berezi batekin —zinemari omenaldia egiteko, hainbat film «mitiko» emango dituzte—, eta hurrengo astean hasiko dela estreinaldiak hartzen; Trueba eta Antiguo Berri, berriz, uztailaren 10ean irekiko dituzte, «programazio guztiz berriarekin».

Jada zabalik dauden zinemetan bezala, gainerako guztietan ere segurtasun eta higiene neurri zorrotzak hartuko dituzte. Ikusleek maskara jantzi beharko dute, eta eskuak garbitzeko gel desinfektatzaileak nonahi izango dira. Halaber, aretoen edukiera %60ra mugatuko dute, distantziak gorde beharko dira, eta ikusle bakoitzak eserleku bat hutsik izango du alde banatan —etxe berean bizi direnak elkarrekin eseri ahalko dira—. Emanaldien artean, aretoa desinfektatuko dute; hala, hiru saio jarri beharrean bi programatuko dituzte gehienek. Jendea sarrera-irteeretan ez pilatzeko moduan antolatu dituzte ordutegiak, eta erosketa guztiak txartelarekin ordaintzea bultzatuko dute. Sarreren online salmenta sustatuko dute bereziki, deskontuekin —bestela hainbat promozio ere jarriko dituzte martxan—. «Neurri hauek guztiak ikusleak eta langileak babesteko dira», nabarmendu du Elortzak.

Ikusleen zain daude orain. Elortzaren ustez, hainbatek zinemara itzultzeko pixka bat gehiago itxarongo dute oraindik, eta gogo handia dutenak laster hurbilduko dira. «Guk mezu eta dei asko jaso ditugu noiz irekiko dugun galdetzeko. Bakoitzak bere sentsibilitatea du; beraz, batzuek berehala joan nahiko dute, eta beste batzuek pelikula oso interesgarri bat etortzen denean planteatuko dute. Guk espero duguna da jendea etortzea, ikustea leku seguru bat dela, eta neurriak denon artean betetzea». Ardura indibidual zein kolektiborako deia egin du. «Gure esku dagoen guztia egingo dugu guk, eta espero dugu jendeak ere horrela erantzungo duela».

Autotik aretora

Nafarroan ere jada zabalik daude hainbat zinema. Joan den astean ireki zuten Tuterako Moncayo, adibidez, eta martxan da Muskaria zineklubaren jarduna ere. Iruñeko —zein Bilboko— Golem aretoetara joan nahi dutenek, aldiz, beste astebete itxaron beharko dute, uztailaren 3an zabalduko baitituzte atzera. Neurri bereziekin irekiko dituzte ateak horiek ere, eta egunotan norabide horretan ari direla lanean azaldu du Carlos San Julianek, programazio arduradunak. Oso bestelako formatu edo testuinguru batean bada ere, dagoeneko aukera izan dute hainbat neurri probatzeko.

Izan ere, segurtasun eta higiene neurri bereziekin dago martxan, joan den maiatzaren 25etik, Nafarroa Arenako auto zinema. Osasungintzako langileentzako doako emanaldi batekin abiatu zuten egitasmoa, eta haren bidez «zinemaren sua pizturik» mantendu ahal izan dutela adierazi du San Julianek. «Oso pozik gaude ikusleek egin dioten harrerarekin; iluntzeko emanaldi ia guztiak beteta egon dira». Kultur eskaintza hain urria izan den asteotan, gainera, publikoaren esker oneko mezu ugari jaso dituztela jakinarazi du. Ikusleek, besteak beste, Gremlins, Joker, Pulp Fiction eta La La Land ikusi ahal izan dituzte auto barrutik. Aretoak zabaltzen dituztenean, berriz, hainbat estreinaldi izango dituzte zain.

BERRIAn argitaratua (2020/06/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA