iritzia
Satorrak
Pilar Kaltzada
Koronabirusaren pandemiak makina bat tontortxo sortu ditu gurean, eta lanean ari dira lanean ari direnak gauzak lehengoratzeko. Krisiari aurre egin behar zaiola diote (nork esan lezake kontrakoa?), baina oraindik ez dakigu nola, zer egiten eta zer egiteari utzita, biak ala biak behar izango baitira. Itsura ari gara gure errealitatearen hauskortasuna agerian laga duten satorren kontra.
Egingo dugunak eta egingo ez dugunak gure etorkizunaren ingerada marraztuko dute, maiz ahaztu egiten bazaigu ere, ez baitago etorkizun bat eta bakarra. Batzuek lehengo molde berberera itzultzea nahi dute, gure bizitza Txinan gaixotasun berri baten zantzurik ez zegoen 2019ko abendura, adibidez. Zaila (edo ezinezkoa) dirudi atzera jenioa botilan sartzeak behin gure zaurgarritasunaz ohartu garenean, eta, gainera, traumak eta dramak urteak behar izango dituzte arintzeko. Jakin beharko genuke hori, ez baita lehen aldia: izuaren krisia bizi izan genuen 2001. urtean, finantzena 2008an eta migrazio eta populismorena nagusitu zen 2016an. Osasunaren krisi honek adar berri bat ireki du lur azpiko krisien labirintoan eta guztiaren baturak iradoki lezake etengabe abailtzeko zorian gaudela, beti amildegiaren ertzean ez erortzeko ahaleginak egiten. Hau da, krisia ez dela salbuespena, eta gurea etengabeko larrialdien aroa izango dela.
Erantzun azkarrak behar ditugu: neurriak behar dira eraginik bortitzenak gelditu edo biguntzeko, baina alferrik izango da hori, ez bada luzera begira lan egiten, ez badira arrakalak estaltzeko neurri zehatzak hartzen. Tempoak egoki bereizi behar ditugu, eta etapa desberdinetan jomuga desberdinak ezarri: epe laburrera eutsi behar diogu, ertainera indartu egin behar gara eta luzera satorrek atsegin izango ez duten ingurune aproposa sortu behar dugu, bizigarria izango dena denontzat.
Nola egin aurre desberdintasunen labirintoan jatorria duen askotariko krisi honi? Nortzuek parte hartu behar dute plana diseinatuko duen estrategian? Nola gobernatu? Izango garena, neurri handian, galdera horiei emango dizkiegun erantzunen baitan dago. Krisiari zentzu kolektiboa emateko eta etorkizun hobe baterako ideiak aztertzeko aukera dugu; ez, ordea, desafiorik gabea. Arriskurik handiena ez da asmatzea edo batere ez asmatzea, aurrez aurre dugun errealitateaz jabetu gabe erantzutea baizik. Tontortxo horien artean inolako loturarik ez balego bezala, satorrarena egitea, alegia.