kirola
Zelaitik ikasgelara
Ainara Arratibel Gascon
Aurreko sasoi amaieran erabaki zuen Alvarezek honetan hartuko zuela erretiroa: «Jakitun nintzen zein rol izango nuen taldean, azken denboraldietan gutxi jokatu baitut. Hori barneratua nuen, baina azken denboraldia zela jakinda, beste filosofia batekin hartu nuen, eta asko disfrutatu dut entrenamendu bakoitza, baita taldekideez ere. Gainera, ez nuen neure burua 35-40 urterekin futbolean jokatzen ikusten». Taldekideei, konfinamenduan lan saio fisikoak egiteko izaten zituzten bideo deietako batean eman zien bere erabakiaren berri. «Ez nekien lehiara edo entrenatzera itzuliko ginen, eta horregatik erabaki nuen esatea. Bueltatuko ginela jakin izan banu, orain esango nien, nahiago nuelako aurrez aurre esan. Espero zuten, askok bazekitelako aspalditik zer zebilkidan buruan». Azken hiru asteetan entrenatzera joatea «oso berezia»izan dela nabarmendu du. «Zamudion entrenatu gara, eta Galdakaotik Zamudiora autoz egindako joan-etorri bakoitzean asko pentsatu dut. Uste dut urte hauetako momentu bakoitza gogoratu dudala. Oso berezia izan da». Materialeko arduradunak takillan zituen gauzak eman zizkionean itxi zuen zirkulua. «Guztia etxean gordeko dut. Txoko bat jarri dut horretarako. Nire ibilbideko museo txikia izango da. Taldekideei, gainera, elastiko bat eman diet guztiek sinatzeko, eta han jartzeko asmoa dut». Aste hauetan asko hitz egin du taldekideekin, baina batez ere taldekide ohi batek egin ditu konfidente lanak: Alazne Gomezek. «Bera ere Galdakaokoa da, txikitatik jokatu dugu elkarrekin. Lesioengatik utzi behar izan zuen futbola, eta oso ondo ulertzen nau, antzera pentsatzen baitugu. Asko animatu nau, eta pozik dago ondo ikusten nauelako».
Asebeteta doa: «Gazte noa, baina ametsa beteta: nire bihotzeko taldean jokatzeko aukera izan dut 15 urte nituenetik, eta harekin liga bat irabaztekoa. Ezin dut askoz gehiago eskatu». Izugarri gozatu du. «Ez nuke ezer aldatuko, ezta izan ditudan lesio larriak ere. Momentu bakoitzak pertsona zein futbolari moduan hazten lagundu dit». Izan ere, bi aldiz apurtu du lotailu gurutzea. Lehenik, Athleticera iritsi berritan, eta bestea 2016-2017ko denboraldi hasieran. «Aurrenekoa oso gaztetxotan, eta, larria zela esaten zidaten arren, ez nintzen jabetzen zer zetorkidan. Bigarrena, ziurrenik, kolpe gogorragoa izan zen, banekielako zeri egin behar nion aurre. Bi kasuetan, futbolean segitzeko nuen ilusioa funtsezkoa izan zen aurrera egiteko».
Baina nahiago du gauza onekin geratu. Kirol ikuspegitik irabazitako liga aukeratu du. «Pertsonalki, gainera, nire sasoirik onena izan zen». Baina hortik harago, urte hauetan guztietan izandako taldekide, entrenatzaile eta klubeko langileekin geratu da. «Ez naiz beste talde batean egon, baina esango nuke oso zaila dela beste batean halako giro eta eguneroko bat egotea. Denak etxekoak gara, klubak filosofia berezia du, eta hori antzeman egiten da. Futbol talde bat baino gehiago, lagun talde bat gara».
Ikasgelan hasteko gogoz
Ilusioz ekingo dio aro berriari. «Futbolak asko eman dit, eta izugarri gozatu dut. Baina gauza ugari ere kendu dizkit: familiarekin eta lagunekin igarotzeko denbora, adibidez. Hori gero eta pisu handiagoa hartzen ari zen. Gainera, asko jokatzen ez nuela ikusita, nire etorkizunean ere pentsatzen hasteko beharra sentitzen hasi nintzen. Alde horretatik, erabakia ez zen zaila izan. Gehiago jokatu izan banu, agian, gehiago kostatuko zitzaidan». Emakume futbolarien patua ere badela uste du. «Nahiz eta gure baldintza eta eskubideetan aurrerapausoak eman diren, gizonezkoen kasuan ez bezala, futbola uztean gu ezin gara urte hauetan irabazitakoaz bizi. Lehenago hasi behar dugu gure lan etorkizunean pentsatzen, eta hori prestatzen».
Izan ere, lan mundura eskarmenturik gabe iristen dira. «Curriculumean futbolari izan garela baino ez du jartzen, eta horrek, adibidez, eskola batean lanean hasteko ez du askorako balio». Bere helburua, hala ere, ahalik eta azkarrena lanean hastea da. Irailetik ari zen prestatzen irakasleentzako lan eskaintza publikoa. Berez, hil honetan zen egitekoa, baina koronabirusaren pandemiak bertan behar utzi du.Irakasle moduan lehen eguna nola izango den galdetuta, argi du. «Egon ziur, berdegunera atera baino urduriago egongo naiz, baina ilusio handia dut».