astekaria 2016/03/04
arrowItzuli

kirola

Txikonen oinatza historian

Julen Goikoetxea - Imanol Magro

Txikonen oinatza historian

Gogoangarria izango da Alex Txikonek Pakistanen egindako. Aurrerantzean, alpinista lemoarraren izena ere egongo da zortzimilakoen neguko lehen igoerak egin dituzten alpinista handien zerrendan. Guztiak baitira alpinista eta izen handiak: poloniarrak gehienak (Krzystof Wielicki, Jerzy Kukuczka, Adam Bielecki...), Simone Moro italiarra, Denis Urubko kazakhstandarra eta Cory Richards estatubatuarra. Txikonek Nanga Parbaten (8.125 metro) neguko lehen igoera lortu du, Simone Mororekin eta Ali Sadpara pakistandarrarekin batera. Espedizioko laugarren kideak, Tamara Lunger italiarrak, atzera egin zuen gailurrera iristear zela.

Atzo, 11:30 pasatuta iritsi ziren gailurrera (15:30 Pakistanen). Goizaldean, 05:30 aldera (Pakistango ordua) abiatu ziren laugarren kanpalekutik, 7.200 metrotik. Irteera atzeratu egin zuten, goizaldeko muturreko tenperatura hotzak saihesteko. Berez, eguraldi ona espero zuten atzo, baina gaur hobea, haize ahulagoekin. Hala ere, atzo saiatzea erabaki zuten. Eta asmatu.

Hamar ordu behar izan zituzten igotzeko eta sei laugarren kanpalekura bueltatzeko. «Abailduta baina pozik gaude», esan zien Txikonek laugarren kanpalekura iritsi bezain pronto beheko kanpalekuko espediziokideei. «Oso egun gogorra eta luzea izan da». Gailurreko trapezioa ?iaz bidez okertu ziren lekua? uste baino tenteagoa dela eta bidea uste baino izoztuagoa zegoela. Laurak zeuden laugarren kanpalekuan, Lunger barne. Gaur jaitsiko dira beheko kanpalekura.

Lungerrek gailurretik gertu eman zuen amore. Oso nekatuta zegoen, eta botaka ere egin zuen lehen orduetan. Atzo Nanga Parbat igoz gero, lehen emakumea izango litzateke zortzimilakoen lehen igoeren zerrendan.

Txikonek eta sokalagunek zortzimilako bat igo dute, Txikonen hamaikagarrena. Ez dute bide berri bat zabaldu. Haien lorpena ez da neurri horretakoa. Mendi ezagun bat igo dute, bide ezagun batetik ?Kinshofer bidetik, Diamir isurialdetik?, Hermann Buhl austriarrak 1953an lehen aldiz igo eta sei hamarkada geroago. Baina neguan igo dute. Hotza hotzago denean, haizea haizeago eta ekaitza ekaitzago. Eta zortzimilakoen beheko kanpalekuetan kanpadenda gutxiago pilatzen direnean, jende gutxiago dagoenean lanerako. Mendia bera da, baina neguak aldatu egiten du. Badira, dena den, zortzimilakoen neguko igoeren balioa auzitan jartzen dutenak, haien ekarpen bakarra neguan igotzea delako.

Goi mailako alpinismoa neurri batean urruntzen ari da zortzimilakoetatik, zortzimilakoetatik beherako erronka berrien bila, zortzimilakoetan egin daitekeen gehiena eginda dagoelako. Hala ere, zormitzilakoetan lortzeke zeuden erronken artean baziren bi nabarmen: Nanga Parbaten eta K2ren neguko igoerak.

28 urte, 29 espedizio

Txikonek, Morok eta Sadparak lortutakoaren neurria ematen du Nanga Parbaten neguko igoeraren hutsune luzeak: 28 urte behar izan dira neguan igotzeko. Ez saiatu ez direlako. 29 espedizio ahalegindu dira. Gehienak poloniarrak. Neguan igotako hamahiru zortzimilakoetatik hamarretan poloniarren bat egon da lehen igotzaileen artean. Berez, Txikonen espedizioan ere bazen poloniar bat, ez edozein: Janusz Golab, Gasherbrum Ien neguko lehen igoera lortu zuen alpinista, Adam Bieleckirekin batera. Azkenean, baina Golabek ez du espedizioan parte hartu. Ezta Ferran Latorre kataluniarrak ere.

Espedizioa, beraz, hankamotz iritsi zen beheko kanpalekura, bi kide garrantzitsu gabe. Gainera, Nanga Parbaten bertan, Daniele Nardik ere utzi egin zuen espedizioa, Txikonekin desadostasunak izan eta gero.

Neguko igoerak borroka psikologikoak direla esan izan du Alex Txikonek. Pazientzia kontua. Eguraldiak lanerako eta tontorrera igotzeko aukeraren bat noiz emango zain, beheko kanpalekuko hoztasunean. Elur jausiei aurre egiten, egun batzuk lehenago egindako lanak berriro egiten, animaliek altuerako kanpalekuetatik lapurtutako janaria osatzen, espedizioa luzatzen ari delako janaria errazionatzen...

Horrela joan dira urteak Nanga Parbateko beheko kanpalekuan. Espedizioak bata bestearen atzetik joan dira bertatik, pazientzia eta itxaropenak agortuta. Bakarren bat hurbildu da 8.000 metrora, baina gehienek askoz ere beherago eman dute amore. Hala gertatu zitzaien iaz Txikoni, Nardiri eta Sadparari. Berez, gailurrera iristeko moduan ziren, baina goian bidez okertu ziren, eta, konturatu zirenerako, Sadpara gaizki zegoen, eta behera egin behar izan zuten. Txikonek urtebete eman du iazko akatsa gogoan, amorrua baretzen, eta aurten ere berriz itzuli da Nanga Parbatera.

Txikonekin batera tontorra zapaldu dute beste bi alpinistek oso soslai ezberdinak dituzte. Simone Moro oso ezaguna da. Zortzimilakoak ditu pasio, baina neguan. Alpinista poloniarren miresle sutsua da. Eskarmentu handia dauka zortzimilakoetan neguan: Gasherbrum II.aren, Makaluren eta Shisha Pangmaren neguko lehen igoerak egin zituen.

Sadpara, protagonista

Ali Sadpara pakistandarra da. Normalean pakistandarrek ?baita nepaldarrek ere? lan zikina eta ikusezina egin ohi dute mendebaldeko espedizioentzat eta alpinistentzat, bai beheko kanpalekura bidean (zamaketari), bai beheko kanpalekuan (sukaldari...), bai beheko kanpalekutik gora (altuerako zamaketari). Sadparak ere egin ditu altuerako zamaketari lanak besteentzat, bideak prestatzen, eta kexu da, normalean ez diotelako aitortu izan egindako lana. Hala ere, ibilbide propioa ere osatu du: Pakistango bost zortzimilakoetatik lautara igo da (K2 falta zaio), bide berriak zabaldu ditu zazpimilakoetan... Marmola erauzten eta saltzen lan egiten zuen, 1999an lagun batek mendi erraldoiei eta elurtuei buruz hitz egin zion arte. Zamaketari hasi, eta altuerako zamaketari bihurtu zen.

Sadpara eta Txikon espedizio bereko kide ziren. Geroago gehitu zitzaizkien Moro eta Lunger. Rupal isurialdetik igo nahi zuten Nanga Parbat, baina hango zailtasunak ikusita, Diamir isurialdera jo zuten. Beheko kanpalekuan bat egin zuten Txikonekin, Sadpararekin eta Nardirekin, lana, baliabideak eta eskarmentua partekatzeko.

Nanga Parbat igota, K2 baino ez da geratzen neguan igotzeko. Ez da kasualitatea. Txikonek berak, Denis Urubkok eta Adam Bieleckik prestatu zuten espedizio bat 2014ko abenduan, Txinatik igotzeko, baina Txinako Gobernuak baimena ukatu zien.

BERRIAn argitaratua (2016/02/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA