kultura
HAICEAN CHORIA BEZALA
Iñigo Astiz
Ikertzaileek lehenagotik ere bazuten liburuaren berri: Europako hainbat liburutegitan topa daitezke aleak, eta sarean kontsultatzeko moduan jarrita dauka berea Bavierako estatu liburutegiak. Mintzoa argitaletxe nafarrak Italian topatutako ale bat erosi du asteotan, ordea, eta albiste bilakatu du horrek berriz ere lana.
Liburua ez da esku bete baino handiagoa, eta haren parte txiki bat soilik da euskarari buruzkoa. Sei orri, guztira. Salbuespenen distira dario laginari, ordea. Erosi duten alea egoera bikainean dagoela dio Aritz Otazu Mintzoa argitaletxeko arduradunak, gainera, eta, aitortu duenez, jadanik sei erosketa eskaintza jaso dituzte. «Harribitxi bat da», laburtu du. «Liburu honek erakusten du 1610ean Suitzan inprimatutako liburu batean euskarak bazuela garrantzia, eta ezaguna zela». Nafarroako Gobernuak erosiko duen zain daude argitaletxekoak orain, baina, bestela ere, alea Euskal Herrian geratuko dela ziurtatu dute.
Lau hamarkada daramatza argitaletxeak Nafarroako historiarekin lotutako antzinako argitalpenak salerosten, eta hamar urte zeramatzaten Turinen topatutako Waserren lanaren atzetik. Otazu: «Normalean ni neu joaten naiz halako liburuen bila, baina, pandemiaren eraginez, mezulari bidez heldu da harribitxia oraingoan». Onartu duenez, luze joan zitzaizkien liburua jaso arterainoko egunak, baina, azkenean, ongi egin dute Europako zeharkaldia Waserren ehun hitzek.
Hizkuntza basatiaren mitoa
Sekula baino oihartzun handiagoa lortu dute Mintzoa argitaletxekoek erosketa honekin. Baina nahasmendua eragin zuen albisteak hasieran. Liburua aurkikuntza modura aurkeztu zuten hainbat hedabidek, eta euskarazko txatala Waserrek txertatu zuela zehaztu gabe aipatu zuten Gessner egiletzat. Zehaztugabetasun horrek bultzatuta, hainbat azalpen idatzi zituen Ricardo Gomez filologiako doktoreak Filoblogia blogean, eta haiei esker heldu da lanari buruzko argazki zorrotzagoa. BERRIAri azaldu dionez, nolabaiteko ziurtagiri moduko bat izan ziren bere garaian halako publikazioak. «Halako laginek balio zuten frogatzeko euskara idatziz erabil zitekeen hizkuntza bat zela, eta ez ahozko hizkuntza basati bat, Erdi Aroan uste zen bezala».
Adituek lehendik ere bazuten lanaren berri, eta, Gomezek dioenez, euskarak Europan pizten zuen jakin-minaren lekukotza ematen du argitalpenak. Hori da haren interes nagusia. «Erakusten du euskarak Europako humanisten interesa piztu zuela XVI eta XVII. mendeetan, Errenazimentuan sortu zen herri hizkuntzei buruzko interesaren barruan».
Euskarari buruzko azalpen labur batzuk ere sartu zituen sarrera gisa Waserrek, eta, besteak beste, azaltzen du sasoi hartan Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak, Nafarroak eta Biarnok osatzen zutela euskararen lurraldea. Baina nondik heldu zen ikerlaria liburuko otoitzera eta ehun hitzeko bilduma horretara?
Hiztegiaren iturburua
Gomezek dioenez, ikerlariek zehatz identifikatuta dauzkate Waserren iturriak, eta, beraz, ez da zaila haren ibaian gora jota jatorriraino iristea. Interneten erosketa publiko egin eta berehala ohartu zen jendea Waserren liburuan zetorren aitagurea Leizarragaren Testamentu Berria-n zetorren bera zela, han bezala, hitanoan emana (1571): «Gure Aita zeruetan aizena, sanktifika bedi hire izena...». Liburuan bertan ere aipatzen du Waserrek Leizarragaren izena, baina, Gomezek dioenez, suitzarra zeharka heldu zen harenganaino: Bonaventura Vulcaniusek 1597ko argitaratutako liburuaren bidez, zehazki. Waserrek hari hartu zizkion otoitza eta hiztegia, eta hark, berriz, Leizarragari. Gomezek dioenez, ordurako Europa protestantean aski ezaguna baitzen haren lana. «Leizarragaren itzulpenek ikaragarri eragin zuten Europan euskarari buruzko ikuspegia aldatzeko, Jainkoaren hitza euskaraz adieraz zitekeela erakutsi zuen eta».
Zirrara moduko bat eragin du sarean, orain, Mintzoaren erosketaren albisteak. Izan da, adibidez, Waserren hitz zerrenda ikusi, eta haren grafia nabarmendu duenik, testuan, besteak beste, «tz» hizkia agertzen delako, baina Gomezek ez du nabarmentzeko moduko ezer ikusten hor. «Erratak gorabehera, iturrietan erabilitako grafia bera aurkitzen dugu. Ez du ezer berezirik alde horretatik». Hitz gehienak lehen kolpean identifikatu ahal izateak piztu du beste zenbaiten arreta, baina, Gomezen ustez, zirrara horrek ere ez du oinarri zientifiko handirik. «Hitz solte batzuek ez digute gehiegi esaten hizkuntzaren bilakaeraz, are gutxiago oinarrizko hiztegikoak badira». Gehitzen duenez, Waserren liburuan datorren gaztelaniazko aitagurea, adibidez, hurbilago dago gaur egungotik, euskarazkoa baino. «Hizkuntza guztiak aldatzen dira denboraren poderioz, eta euskara ez da salbuespena».
Mugimenduan diren hitzak
Mintzoa argitaletxeko Otazuk dioenez, ordea, ez da hori gertatzen Waserren liburuan datozen hizkuntza guztiekin. Asko desagertu egin dira, eta hor eten da haien bidea; eta, aldiz, Waserren liburua argitaratu zenetik lau menderen buruan, oraindik ere euskarak mugimenduan segitzen du, ibayan arraya, ceruän odeya, landan caldia edo haicean choria bezala, haren hitzekin esatearren.