astekaria 2020/06/12
arrowItzuli

bizigiro

Immunitate orokortua helmuga

Ion Orzaiz

Immunitate orokortua helmuga

Ohikoan, maratoi luze bat izaten da; orain, berriz, esprint bat. COVID-19a azaleratu zenetik eta, batez ere, pandemia izaera eman ziotenetik, izugarri bizkortu da txerto eraginkor bat ekoizteko prozesua. Horretara bideratu dira mundu osoko laborategi eta ikerketa zentroetako baliabide gehienak, eta ehunka talde ari dira, oraintxe bertan, birusari aurre egiteko estrategia berriak aztertzen. Lasterketa, baina, ez du bizkorrenak bakarrik irabaziko: trabaz beteriko bidea da, berez, talde immunizazio eraginkor eta seguru bat lortzeko prozesua, eta edozein oztopok alferrikako bihur dezake hilabeteotan eginiko lan guztia. Erlojuaren kontra aritzeak are gehiago zaildu dezake auzia.

Argia da orain arteko esperientzia zientifikoa: txerto bat garatu, ekoitzi eta banatzeko prozesua luzea eta konplexua da oso. Ebolaren kasuan, adibidez, 43 urte igaro ziren gaitza azaleratu zenetik OME Osasunaren Mundu Erakundeak txerto baten eraginkortasuna egiaztatu zuen arte -iaz izan zen-. Hiesa eragiten duen giza immunoeskasiaren birusa, berriz, 1981. urtean ezagutu zen, eta oraindik ez da haren aurkako txerto eraginkorrik aurkitu.

Batez beste, zientzialariak txerto bat ikertzen hasten direnetik produktua merkaturatzen den arte hamar bat urte igarotzen dira, baina SARS-CoV-2 birusaren aurkako txerto bat garatzeko prozesua askoz bizkorragoa izaten ari da, eta hamar urteko epea 12-18 hilabetera murrizteko helburua jarria dute munduko hainbat herrialdek. Are: AEBetako presidenteak iragarria du 2020. urtea amaitu aurretik lehen txertoa prest izanen dutela, sendabidea hauteskunde garaiko amu bihurtuta.

Hilabeteotan zientziak aurreranzko urrats «itzelak» egin dituela esan zion Ignacio Lopez Goñi Nafarroako Unibertsitateko mikrobiologoak BERRIAri apirilean. Hala ere, «zail» ikusten du epeak are gehiago laburtzea: «Txertoen gaineko araudia oso zorrotza da, berme handiak behar direlako. Eta horrek denbora eskatzen du. Tramiteak bizkortu daitezke, baina, proba zientifikoei dagokienez, urrats guztiak egin behar dira, bidezidorrik hartu gabe. Urte eta erdi, bi urte... Nekez helduko da txerto bat hori baino lehenago».

OMEk aste honetan argitaratutako txostenaren arabera, hamar proiektuk lortu dute jada fase klinikora iristea, eta gizakiengan duten eragina aztertzen ari dira orain. Horiez gain, beste 123 daude aurreko faseetan; laborategikoan, alegia.

Aurreratuen dauden hamar hautagaien artean, badira txerto klasikoen bidea hautatu duten ikerketa taldeak, baina baita orain arte inoiz erabili ez diren teknika esperimentalak ere.

INDARGABETURIKO BIRUSA
Errezeta klasiko eta eraginkorra, baina motela


Txerto mota ohikoena da eta, orain arte, eraginkortasun maila handiena erakutsi duena: birusaren bertsio inaktibo edo indargabetu bat txertatzean datza. Patogeno kamustu horrek -antigeno izenekoak- ez du gaixotasuna eragiteko gaitasunik, baina immunitate sistema aktibatzen du organismoan, birusa identifikatu, eta horren aurkako antigorputz espezifikoak ekoitz ditzan. Horrela, etorkizunean infekzio bera pairatuz gero, gorputza gai izanen da birusa azkar antzemateko eta suntsitzeko.

Multzo honetakoak dira gripearen, barizelaren eta elgorriaren aurkako txertoak, besteak beste. Are: gaur egun erabiltzen diren txerto gehienen oinarrian daude patogenoen bertsio indargabetuak edo kamustuak, frogatuta baitago immunizazio sendo eta iraunkorra eskaintzen dutela. Birusen bertsio inaktiboez osatutako txertoen erantzuna, alta, apur bat apalagoa izan ohi da: immunizazioa ez da hain iraunkorra, eta, zenbaitetan, beharrezkoa izaten da aparteko dosiak ematea.

Fidagarriena eta berme handiena eskaintzen duen metodoa izan arren, txerto klasikoak badu ahulgunerik, ordea: denbora. Txertoa ekoitzi ahal izateko, birusaren kultiboak era masiboan egin behar dira, eta luze joko luke COVID-19aren aurkako talde immunizazioa bermatzea.

Fase klinikoan dauden hamar hautagaien zerrendan, Txinako hiru proiektu dira SARS-CoV-2 koronabirusaren aurka txerto klasikoaren bidea hautatu dutenak: alde batetik, Sinopharm enpresak Pekingo eta Wuhango Ekoizpen Biologikoko institutuekin batera sustatutako biak, eta, bestetik, Sinovac enpresarena.

DNA ETA RNA BIDEZKOAK
Aurretik inoiz erabili ez den «eskuliburu genetikoa»


Txerto genetikoek -birusaren DNA edo RNA erabiltzen dutenek- ez dute organismoan birusaren bertsio indargabeturik sartzen: horren ordez, birusaren material genetikoa bakarrik erabiltzen dute, nanopartikula lipido artifizial baten barruan garraiatuta. Hartara, birusaren ordez, «birusaren eskuliburu genetiko bat» erabiltzen da, gorputzak alarma piztu eta immunitate sistemak antigorputzak sor ditzan. AEB Amerikako Estatu Batuetako Moderna enpresa izan da metodo hori gizakietan erabiltzen lehena, SARS-CoV-2 birusaren sekuentzia genetikoa ezagutzera eman zenetik 66 egunera. Horrez gainera, Inovio (AEB), Pfizer (AEB) eta BioNTech (Alemania) enpresak ere ari dira ikuspuntu bereko txertoak fase klinikoan ikertzen.

The Lancet aldizkariaren arabera, bide horretan lanean ari diren ikerlariak «plataforma teknologiko aurreratuenak» ari dira erabiltzen; hori da, hain zuzen, txerto genetikoen indarguneetako bat, baina, aldi berean, baita euren ahulgune nabarmenena ere. Izan ere, birusaren material genetikoa erabiltzeak arindu eta merkatu eginen luke txertoaren ekoizpen prozesua, baina, era berean, estrategia hori ez da aurretik erabili inongo txertotan. Ez dago argi, beraz, teoriaz gain, praktikan ere erabilgarria izanen ote den.

ADENOBIRUS TXERTOAK
SARS-CoV-2 eta birus ahul baten arteko nahasketa


Gizakiekin saio klinikoak egiten ari diren hamar ikerketa taldeen artean, bi dira adenobirus txertoen aukera aztertzen ari direnak: batetik, Oxford Unibertsitateak eta AstraZeneca multinazionalak elkarlanean sustatutako proiektua dago, eta, bestetik, CanSino enpresa txinatarrarena.

Bietan ala bietan, oinarri teorikoa bera da: zabaltzeko gaitasun urria duen birus bat hartzea -adenobirus bat, esaterako-, eta horretan SARS-CoV-2aren proteinak txertatzea, gorputzean erantzun immunitario bat eragiteko. Oxford Unibertsitateak, adibidez, txinpantzeei eragiten dien adenobirus bat hartu du txertoaren bektore gisara. Ikerketaren arduradunen arabera, adenobirus bidezko txertoak gai lirateke babes «iraunkor eta sendo bat» eragiteko eta, hala balitz, dosi gutxi beharko lirateke COVID-19aren kontrako talde immunizazioa lortzeko. Txerto genetikoen kasuan bezala, ordea, ez dago horren ebidentzia enpirikorik, adenobirusaren estrategia ez baita oraindik gizakientzako txertoetan aplikatu. Bai, ordea, animalientzako zenbait txertotan: besteak beste, amorruaren eta mukieriaren kontrakoetan.

PROTEINETAN OINARRITUAK
Birusaren aurkako babesa, birusa erabili gabe


COVID-19aren kontrako txertoa lortzeko lasterketan, badira birusaren proteinetan oinarritutako ikerketak ere. OMEk argitaratutako zerrendan, Novavax (AEB) enpresarena da aurreratuenen dauden proiektuetako bat.

Metodo horretan, giza organismoan txertatzen dena ez da birusa bera edo haren bertsio indargabetu bat, birusaren kanpoaldeko proteinak (edo proteinen zatiak) baizik. Proteina horietan zenbait moldaketa egiten dituzte ikerlariek, immunitate sisteman erreakzio bat eragiteko xedez. Beste txertoek ez bezala, proteinazko antigenoak ez dira gorputzeko zeluletan sartzen, eta odol-fluxuan gelditzen dira. Globulu zuriek detektatu egiten dituzte proteina horiek, eta birusaren aurkako antigorputzak sortzen dituzte, birusik ez badago ere.

Hautagai horietako bat (edo gehiago) immunizazio segurua eta eraginkorra bermatzeko gai dela frogatuko balitz ere, une hori ez litzateke lasterketaren helmuga izanen, beste bide baten hasiera baizik. Izan ere, erronkak ez dira ikerketa zientifikora mugatuko, eta galdera ugari sortuko dira aurrerantzean ere: nola ekoitziko dituzte talde immunizazioa lortzeko beharrezkoak diren 4.000 milioi dosiak? Zenbat iraunen du babesak? Norena izanen da patentea, erakunde publikoena ala multinazionalena? Doakoak izanen dira?

Hilabeteak falta dira oraindik galdera horiei erantzun zehatzak ematen hasteko, baina gakoetako bat aipatu du Penny Heaton ikerlari eta txertoetan adituak ekainaren 6ko The Lancet aldizkarian, «COVID-19aren aurkako txertoak unibertsala izan beharko du halabeharrez, bestela, ez baita benetako talde immunitatea bermatzerik izanen».

BERRIAn argitaratua (2020/06/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA