mundua
MIGUEL LAGO
«Bolsonaro ez da gai tamaina honetako krisi bati aurre egiteko»
Jone Bastida Alzuru
Nolakoa da Brasilgo egoera?
Hemen bizitzen ari garen egoera oso zaila eta konplexua da. Kasu berrien hazkunde gogor bat ikusten ari gara. Munduko zerrendan, gero eta gorago gaude. Orain dela aste batzuk ez geunden kutsatu gehien dituzten lehenbiziko hamar herrialdeen artean, eta, orain, munduan kasu gehien dituen bigarren estatua gara; hildakoei dagokienez, berriz, hirugarrena. Gainera, ez dirudi egoera aldatuko denik, ez baitago inolako erantzunik. Ez dugu konfiantzarik aldaketa esanguratsu bat egoteko.
Egoera larria den arren, OME Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi zuen Brasilek oraindik ez duela goia jo. Kezkatuta zaude zer etorriko ote den?
Bai, oso. Brasilgo osasun sistemak indarguneak ditu, baina baita beste egiturazko arazo batzuk ere. Ospitaleko ikuspuntutik aztertzen badugu, arazo larriak ditu banaketan: ZIUko oheak, arnasgailuak... Brasilgo biztanleen %10 bizi diren eskualdeetan ez dago ZIUko ohe bakar bat ere. Gainera, osasun arloko langileei erreparatzen badiegu, medikuei eta besteri, nabaritzen da lurralde nazionalean oso banaketa desberdina dugula. Estatu askotan, osasun langileak falta dira. Beraz, gure osasun sistemak hauskortasun larri horiek ditu; ahultasun garrantzitsuak dira. Hori dela eta, aurretik ere panorama epidemiologikoari ezin izan zaio behar bezala erantzun, eta, pandemia garaian, defizit estrukturala oraindik problematikoagoa da. Brasilgo hiri asko kolapsatu egin ziren krisiaren hasieran: Manaus, Fortaleza... Orain, Rio de Janeiro ere kolapsatzen ari da. Oso larria da gertatzen ari dena.
Non egon da akatsa?
Brasilgo osasun sistema publikoak lehen mailako arreta politika oso ona du; programa erraldoi bat da, eta modu adimentsuan erabili ahal zuten COVID-19 kasuak atzemateko eta positiboak eta sintomak zituztenak bakartzeko. Baina ez zuten halakorik egin. Ez zituzten erabili abantaila horiek, eta gobernuak ez du zentzuz baliatu hori. Beraz, kasik, gure ahultasunekin soilik geratu gara.
Kurba apaltzen saiatzeko estrategia eraginkor baten hutsunea egon da?
Bai, eta arrazoi asko daude horren atzean: hasteko, oso zaila da urruntze sozialeko politikak bultzatzea garapen bidean dagoen herrialde batean; desberdinkeria handia baita, eta baldintza oso prekarioan bizi baita jendea. Beste herrialde askorekin alderatuta, zailtasun erantsi bat da hori. Baina Brasilek bazuen pobreenei dirua transferitzeko modu azkar bat, horiek etxean geratzeko, eta lanera joan beharra berebizikoa ez izateko. Hain zuzen, gutxieneko errenta politika bat onartu dute ehun milioi pertsonarentzat, baina Kongresuaren erabaki bat izan da, eta ez presidentearena. Hori dela eta, askoz gehiago luzatu da. Kongresuak behartu egin du estatuburua, baina ezartzeko prozesua asko berandutu da.
Horrek zaildu egin du herritarrek konfinamendua betetzea, ezta?
Bai, noski. Brasilek inguruko herrialdeak baino baldintza hobeak zituen politika horiek ezartzeko, baina ez da gai izan, eta gaizki ezarri dira. Astebetean egin beharrean, hilabeteak behar izan dituzte. Hori arazo handia izan zen. Nola egingo duzu bakartze politika bat, eta konfinamendua ezarri, bermatu gabe pertsona pobreenak ez direla gosez hilko? Horiek lanera ez joateko, ekonomikoki konpentsatu behar dira.
Gaitasun falta handia izan da maila horretan. Gainera, errepublikako presidenteak berak osasun krisiaren kontrako erantzuna politikoki kapitalizatzea erabaki du, ez sufritzeko krisi ekonomikoaren ondorioak. Osasun krisia eta krisi ekonomikoa jada errealitate bat dira, ezin dira eragotzi. Bolsonarok egin duen kalkulua hau izan da: ez da ezer gertatzen, osasun krisia onartuko dut, baina ez naiz krisi ekonomikoaren erantzule izango. Orduan, ikuskizun hau egiten hasten da: enpleguak mantendu behar ditugu, ekonomia ezin da gelditu, berraktibatu egin behar da... Horrela, hauteskundeetako galera hain handia ez izatea lortu nahi du, bi krisialdiak behar bezala eta gaitasunez borrokatzen saiatuz gero izango lukeena.
Uste duzu Bolsonaro zientzia gutxiesten ari dela?
Bai, erabat. Klorokinaren erabileraren inguruko eztabaida oso bat sustatzen ari da. Berak ez du uste, baina jendeari sinetsarazten dio birusa gainditzeko hori dela egokiena. Donald Trumpek AEBetan bezala. Gobernuko bi Osasun ministroekin liskartu da, estatuburuak haiei exijitzen zielako klorokina ospitale publiko guztietan erabiltzeko gomendatzea. Ez zuten onartu, bi mediku zirelako. Bestalde, pandemiari aurre egiteko neurri zorrotzagoak hartu nahi zituzten. Orain, militar bat du Osasun ministro gisa: hori da egungo egoera. Bolsonarok medikua eta teknikoa ez den Osasun ministro bat behar du, zientziarekin inongo konpromisorik ez duena, eta bere diskurtsoarekin bat datorren norbait izatea.
Osasun ministroen kontua aipatu duzu. Hain zuzen, Luiz Henrique Mandetta Osasun ministroa kargutik kendu zuen, eta, handik gutxira, haren ordezkoak dimisioa eman zuen. Bolsonaroren arduragabekeriaren beste adibide bat da?
Bai, guztiz. Ez dut beste herrialde bakar bat ezagutzen krisian hiru Osasun ministro izan dituena. Eta ez bakarrik ministroak, ministerioko kupula osoa bota du: idazkari nazionalak, Zainketa Sanitarioko idazkaria... Erokeria bat da. Osasunaren inguruan ezer ez dakien jendea jartzen ari da, eta ministerio hori teknikoa da. Jende teknikoa behar du pandemiari aurre egin ahal izateko.
Horrez gainera, militarizazioaren alde ere egin du.
Bai. Bolsonaroren historikoak gutxi du demokratikotik; edo antidemokratikoa da. Miresmen handia die figura faxistei. Bueno, ez nuke faxista ere esango, Bolsonarok ez baitu historiaren ezagutza nahikoa ulertzeko pertsonaia faxistak direla. Baina bai, torturatzaileak eta beste miresten ditu. Asko hitz egiten du Brasilgo diktadura militarrari buruz, baina inoiz ez da mintzatzen gure jeneral edota presidenteei buruz, diktadoreez; baizik eta torturatzaileen inguruan hitz egiten du: jende ikaragarriena.
Brasilgo diktadura ez zen horren itxia izan. Torturak egon ziren, baina ez zegoen adostasun erabatekorik armadaren barruan. Gatazkak zeuden indar armatuko kideen artean ea hori onargarria zen edo ez. Aktore anker batzuk zeuden, Ustra koronela, esaterako, diktadura osoko tortura zentrorik handienaren buru zena. Haurrak, emakumeak eta abar torturatu ditu. Eta hori da Bolsonaroren idoloa. Kontzentrazio esparruetan gas ganberan aritzen dena gustatzen zaio; psikopatia maila hori du gustuko.
Espero zenuen Bolsonarok horrela kudeatzea pandemia eta horrela jokatzea?
Bai. Bolsonarok, beti, polarizatzea behar du. Pandemia bat duzunean, zer irabaziko duzu? Dibidendu politiko elektoraletan soilik pentsatzen du, eta zer irabaziko zuen Bolsonarok ezagaia izanda, hala baita, eta osasun krisiari erantzun ona ematen ahaleginduta? Ezer ez. Heriotzen erruduntzat joko zuten berdin-berdin. Orduan, erabaki du erokeria den estrategia bat bultzatzea, baina, oraingoz, funtzionatzen ari zaio.
Gehiago ari gara eztabaidatzen hark ekonomia eta enpleguak babestu nahi dituela, eta ez krisiari aurre egiteko haren erabateko ezgaitasunaren inguruan. Ez du inongo kondiziorik tamaina honetako krisi bat ondo kudeatzeko, eta sortu duen konbergentzia faltsu eta fikziozkoaren inguruan aritzea oso modu ona du bere burua babestu ahal izateko.
Pandemiaren ondorioz, gobernuan zatiketa izan da?
Bueno, txikia. Barneko manifestazio batzuk egon dira, baina beste arrazoi batzuengatik: Bolsonaro saiatzen ari zelako Polizia Federalaren jardunean esku hartzen, eta haiek autonomia dutelako. Egiten ari zena guztiz ilegala zen. Justizia saihestu nahi zuen. Hori irten zen, justu, pandemiaren erdian. Baina ministro gutxi irten dira, eta Bolsonarok entzute gutxi galdu du pandemia hasi zenetik. Egia esan, uste dut nahiko ondo ateratzen ari zaiola krisiaren inguruko jokaera osoa, hauteskundeei begira behintzat. Lortu du biztanleen %20 eta %30 artean bere diskurtsoaren oso hurbilekoak izatea, erabat leialak.
Beraz, babes handia du oraindik ere?
Herritarrek haren jarrera gaitzetsi dute, baina oraindik badago gizarteko sektore oso indartsu bat harekin ados dagoena; Bolsonarok egindako guztiarekin bat egiten dute. Hala ere, protestak izan dira haren jardunaren kontra, nahiz eta zaila den halakoak egitea pandemiak orain duen hedapenarekin.
Bestalde, presidenteak astero dei egiten du gobernua babestera elkartzeko. Hark ez duenez pandemiaren larritasuna aintzat hartzen, kalera irteten dira. Oposizioak, ordea, ezin du modu horretara jokatu.
Orduan, krisiaren kudeaketa honek nola eragingo dio, zure ustez?
Nire iritziz, politikoki, Bolsonaro indartsuago dago sektore batzuetan, eta ahulago beste batzuetan. Ez dut uste horren modu bortitzean eragingo dionik; ez, behintzat, imajinatu zitekeen bezala, edo pasatu behar lukeen bezala. Uste dut Bolsonarok gero eta motibatuago eta mobilizatuago mantentzen duela Brasilgo gizartearen oinarri zabal bat, eta haientzako eta haiekin gobernatu nahi du. Besterik ez.
Testuinguru horretan, Brasilgo estatu batzuk hasiak dira murrizketak arintzen. Azkarregi jokatzen ari dira?
Bai, Brasilgo egoera kontuan hartuta. Begira Argentinari. Hango osasun sistema askoz ahulagoa da, baina hasieratik erabaki zuzenak hartu dituzte. Martxoaren erdialdetik, erabateko konfinamendua egin dute, adostasun politiko handi batekin, nahiz eta herrialde polarizatua den. Baina denak batera ari dira lanean arazoa konpontzeko, eta neurri zorrotzak onartu dituzte. Argentinan izan zen Latinoamerika osoko lehen hildakoa, eta, orain, inolaz ere ezin da alderatu Brasilekin. Uste dut Brasilek ez duela nahiko neurri hartu, eta gobernadoreek ezartzea lortu zuten konfinamendu apurra indartu egin behar da. Ez da murrizketak laxatzen hasteko garaia.
Neurrien arintze hori presio ekonomikoaren ondorioa izan da?
Presio ekonomikoa hor dago, baina gehiago esango nuke presio politikoaren ondorio izan dela. Bolsonarok asko polarizatu du, eta sektore handi bat itzultzeko eskatzen ari da. Egun, oso zaila da gobernadore batek itxialdia ezartzea presidentea modu horretan jokatzen ari den bitartean.
Zer ondorio izango ditu osasun krisi honek Brasilen?
Zalantzarik gabe, kosta egingo zaigu hemendik ateratzea. Denbora luzez egongo gara krisi honetan, ez zaiolako erantzun egoki bat eman. Hala ere, badaude erreparatu behar diegun gauza positibo batzuk ere. Esaterako, Brasilgo biztanleek zailtasunak zituzten herrialdeko osasun sistema publikoa zerbait inportantea eta kalitatezkoa dela ikusteko. Orain, koronabirusarekin, garrantzi soziala hartu du: jendeak ulertzen du osasun sistema publikoa izateak duen pisua, eta hori beharrezkoa da sistema indartuz joateko.
Horrez gain, klase sozialen arteko solidaritate handiagoa sumatzen dut. Gobernuak gutxieneko errenta azkar ezarri ez izanak berekin ekarri du klase ertaineko jende asko donazioak egiten hastea, janaria, dirua..., eurak baino larriago daudenei laguntzeko helburuarekin. Normalean baino solidaritate handiagoa ikusi da.