astekaria 2020/06/12
arrowItzuli

kirola

Pilota, pareta jotzeko prest

Julen Etxeberria

Pilota, pareta jotzeko prest

Koronabirusak iluntasunera kondenatu du pilota denbora luzean. Baina pixkanaka-pixkanaka, iluntasunetik atera, eta argia ikusten hasi da. Diziplina gehienek badute itzultzeko eguna: ondo bidean, erremontea hilaren 20an hasiko da, Hernanin (Gipuzkoa); Emakumezko Master Cup, hilaren 21ean, Elgoibarren (Gipuzkoa); pala, hilaren 29an, Sopelan (Bizkaia); eta esku pilota profesionala, uztailaren 1ean, Irunen (Gipuzkoa).

Esku huskako pilotari profesionalak ere ilunpetik argitarako bidea egiten ari dira azken hilabetetik hona: lehenbizi, kalean entrenatu ahal izan ziren; gero, frontoira bueltatu ziren, baina bakarka aritzeko aginduarekin; aste honen hasieratik, taldeka entrena daitezke; azkenik, Aspek eta Baiko Pilotak azken bi egunetan jakinarazi dute hurrenez hurren hilaren 15ean eta 19an utziko dituztela bertan behera aldi baterako erregulazioak.

«Albiste ona da, baina zehaztapen bat egin nahi dut: enpresak Interneten jarritako ohar baten bidez izan dut erabakiaren berri», azaldu du Unai Lasok (Bizkarreta, Nafarroa, 1997). Hala ere, aitortu du «argia» ikusten ari direla pixkanaka-pixkanaka. «Momentu batean, oso beltz ikusi genuen dena. Enpresak esan zigun koronabirusak eragindako egoerak luze joko zuela. Noizbait ere aipatu zen agian ez genuela datorren urtera arte jokatuko. Akabo uda, pilotarion garairik onena, baita txapelketa guztiak ere. Zorionez, egoera hobetuz joan da, eta gero eta gertuago dago itzulera».

Arintze prozesuan, adibidez, Lasok «izugarri» eskertu du taldeka entrenatzen hastea. «Mariezkurrena anaiek [Iker eta Jonek] Berriozarko [Nafarroa] frontoiko giltzak dituzte, eta haiek, Asier Agirrek eta nik egunak daramatzagu bertan entrenatzen. Horrez gain, aitarekin ere joaten naiz Iruñe aldeko zenbait herri txikitako frontoietara. Harekin ari naiz teknika lantzen».

Uztailaren 1eko lehen jaialdi horretan, Aspeko eta Baikoko pilotariek bikote mistoak osatuko dituzte. Lasoren ustez, «ideia polita» da hori. «Garai ona da gauza berriak probatzeko eta pilota eguneratzeko». Berehala atera zaio desio bat: Julen Martijarekin jokatzea. «Txikitatik aritu izan gara elkarrekin, eta ilusio handia egingo lidake harekin bikotea osatzeak. Nire iritziz, pilotariok gustura jokatuko genuke beste enpresakoekin nahastuta». Ondo bidean, ikusleak egongo dira estreinako jaialdi horretan: Uranzun sartzen den kopuruaren erdia, 350 pasatxo —718 sartzen dira—. «Albiste ona da hori: pilotariok zerbait nahi baldin badugu, zaleen aurrean jokatu nahi dugu. Baina, horren gainetik, lehenbailehen hasi nahi dugu jokatzen. Ni prest nengoke ateak itxita jokatzeko».

Hasiera zehaztuta dago, baina ez ondorengoa: noiz jokatuko den binakakoa, noiz banakakoa... Aukeran, Lasok nahiago luke lehenbizi udako partida arruntak jokatzea. «Denbora asko egon gara geldirik, eta onena udako partidak jokatzen hastea litzateke, lehiaketarako errimoa hartzeko. Gero binakakoa jokatzeko modua legoke. Niri mesede handia egingo lidake udan asko jokatzeak, oraindik heldu gabe bainago. Iaz, adibidez, asko jokatu nuen, eta gorakada handia izan nuen».

Gorakada horri esker lortu zuen toki bat binakakoan. Gero, bikain aritu zen Jon Ander Albisurekin bikotea eginez. Koronabirusak dena hankaz gora jarri zuenean, finalerdietako ligaxkan ari ziren. Galdu egin zuten lehen partida, 22-10 Aimar Olaizoaren eta Aitor Arangurenen aurka. «Baina sentipen onak genituen». Hain zuzen ere, neurketa hori da jokatu den azkenekoa, martxoaren 8an. «Pena da, oso ondo ari baikinen. Baina horrela tokatu da. Pandemiak ezin dira aurreikusi».

Lasaitua hartua

Lasok bezala, Iker Irribarriak ere (Arama, Gipuzkoa, 1996) azpimarratu du «argia» ikusten ari direla. «Albiste ona da poliki-poliki aurrerapausoak ematea. Egia esan, azken hilabetean asko aldatu da egoera». Aitortu duenez, Aspeko pilotariek «lasaitua» hartu dute enpresak duela bi hilabete pasatxo ezarritako aldi baterako erregulazioa bertan behera uzteko akordioa lortuta. «Bi aldeek egin dugu esfortzua ados jartzeko. Guretzat, pilotariontzat, garrantzitsua da jakitea partidak hasi aurretik gutxienez bi aste izango ditugula enpresako entrenamenduak egiteko. Hori jakinda, lasaiago ariko gara, entrenatzen eta sasoia hartzen izango baitugu bakarrik burua. Izugarri eskertuko dugu».

«Ezinegona» izan baitute azkenaldian. «Aldi baterako erregulazioan ginen, eta, lesionatuz gero, inolako bermerik gabe ginen. Orain, aldiz, normal entrena gaitezke, eta, ezbeharren bat izanez gero, asegurupean gaude».

«Sufritu» egin du, eta «beltz» ikusi du egoera zenbaitetan. «Oso gaizki pasatu nuen lehen bi asteetan, etxean sartuta. Gainera, ez genekien ea noiz edo nola itzuliko ginen. Baina, hala ere, ezin zara geldirik egon: sasoiari eutsi behar diozu, ariketa fisikoak egin, elikadura zaindu... Baina konfinamenduan zaude, etxean sartuta egotera derrigortua, eta horrek dena zailtzen du. Horrek buruari eragiten dio bereziki. Zorionez, aurrera egin dugu, eta gero eta gertuago dago itzulera. Asko eskertzen da argi hori ikustea».

Irribarriak oraindik ez daki Irunen izango ote den. Gustatuko litzaioke; are gehiago, ondo bidean harmailan ikusleak egongo direla kontuan hartuta. «Albiste oso ona litzateke harmailan ikusleak izatea. Guk zaleen aurrean jokatu nahi dugu, zalantzarik gabe». Baina argi du horretarako «osasun eta segurtasun baldintza guztiak» bete behar direla. Bestela, bera ere «prest» legoke ateak itxita jokatzeko. «Egoerarik onena litzateke zaleen aurrean jokatzea, baina, ezingo balitz, aukera ona litzateke ateak itxita jokatzea, eta partida telebistaz eskaintzea, ahal bada, zuzenean. Pilotazaleak eskertuko luke».

Hasiera zehaztuta dago, baina ondorengoa falta da zehazteko. «Inork ez daki nola joango den uda». Hiru hilabeteko etenaldiaren ondoren, «zail» ikusten du «berehala» binakakoa jokatzea. «Tentsio handia sortzen du lehiak, eta arriskua dago min hartzeko». Horregatik, haren ustez, «hobe» litzateke «partida arruntak» jokatzen hasi eta «uda amaieran» binakakoari berriro ekitea. Bera ez litzateke ariko, lehen ligaxkan esan baitzuen agur. Banakakoan txapela defenditzea izan behar litzateke haren hurrengo erronka handia. Baina argitzeko dago ea jokatuko den. «Guztiei gustatuko litzaiguke banakakoa jokatzea, baina ikusteko dago jendeak nola erantzungo duen udan, denbora asko egon baikara behar bezala entrenatu gabe, etasumatu egingo dugu, ziur. Ikusteko dago enpresek zein asmoa duten. Haien esku dago».

BERRIAn argitaratua (2020/06/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA