astekaria 2020/06/12
arrowItzuli

gizartea

ALBERTO URIARTE

«Zergatik ezin dituzte adinekoek hainbat arrisku beren gain hartu?»

Arantxa Iraola

«Zergatik ezin dituzte adinekoek hainbat arrisku beren gain hartu?»

«Adina ez da gakoa, eta segurtasuna ez da gauza garrantzitsu bakarra». Ideia nagusi hori nabarmendu zuten joan den astean Hurkoa eta Matia fundazioek COVID-19ak eragin dituen gatazka etikoen inguruan ondu duten agiria aurkezteko. Fundazio horietako etika batzordeko presidente Alberto Uriartek (1969, Donostia) aitortu du krisiaren gordina samurtu ahala «onbideratu» egin direla izurria hesitze aldera hartutako hainbat neurrik eragindako arazoak eta haien ondorioak, baina ikasi egin behar dela egindako okerretatik.

«Osasun kontzeptuari» buruzko gogoeta sorta batekin ireki duzue agiria, epidemian kontzeptu herren bat nagusitu dela iritzita. Zeren falta antzeman duzue?

Osasun krisiari aurre egin behar zitzaion; inork ez du hori zalantzan jartzen. Baina, paraleloki, zera aztertu behar da: krisiaren gidaritzan beti lehenetsi dira osasun irizpideak, eta beste irizpide batzuk ere kontuan hartzearen falta sumatu da. Erabakien dimentsio psikologikoa, soziala eta espirituala ez dira aintzat hartu, eta horiek ere osasunaren parte dira. Areago, horiek ere oso garrantzitsuak dira jende askorentzat.

Zer eremutan ikusi dira gabezia horiek, zuen ustetan?

Guk adineko pertsonen eta desgaitasunak dituztenen alorretan dihardugu bereziki, eta, kolektibo horietan, osasun fisikoaren osagarri diren beste dimentsio horiek oso garrantzitsuak dira. Eta, hain justu, horiek ez aintzakotzat hartu izanak ondorioak utzi ditu. Bada, esate baterako, mugimenduak mugatuta eduki dituztelako hainbat pertsonak, edota aparteko beldurrak sortu zaizkielako egoera honekin guztiarekin... Oraindik ere ikusteko daude konfinamenduak pertsona horiengan utzi dituen ondorioak.

Osasun krisia hor dago oraindik. Berriz konfinamendu bat egin beharko balitz, zer-nola antolatu beharko litzateke arazo horiek ez errepikatze aldera? Zer akats eragotzi behar dira?

Hartzen diren neurriek benetako arriskuaren araberakoak izan behar dute, ingurumari bakoitzari egokitutakoak. Gainerakoan, adinekoen zentroetan adibidez, abusu eta bazterkeria egoerak ager daitezke; areago, tratu txarrak ere bai. Neurri orokorrak bereizkuntzarik gabeko modu batean ezartzera egiten bada, normalean hor kolektibo kalteberenen beharrak kanpo geratuko dira. Beraz, kolektibo horietan diharduten profesionalen hitza aintzat hartu behar da erabakiak hartzeko orduan. Jendea bakartu behar bada, bakartu egin behar da; argi dago. Baina arloan diharduten profesionalen iritzia kontuan hartzea garrantzitsua da.

Eta horren falta sumatu duzue?

Guri, esaterako, zentroetako langileek esaten ziguten haiek beste era batzuk ikusten zituztela pertsonen segurtasuna bermatzeko; ez zela beharrezkoa egoiliarrak zentro batean 30-40 egunean bakartuta edukitzea... Izan ere, gu gure etxeetan egon gara bakartuta, baina, adineko pertsonen kasuan, haien logelak hartu dira haien etxetzat. Eta ikusi dira zentroetan gauzak egiteko beste modu batzuk, baina, instituzioetatik jaso dituzten protokoloen arabera, debekatuta zeuden horiek; ezin zituzten bideratu. Horregatik, helburua litzateke protokolo horietan segurtasuna ez izatea balio bakarra. Segurtasuna balio bat da, garrantzitsua, eta babestu egin behar da. Baina beste balio batzuk ezin dira alboratu. Hori argi ikusi zen, esate baterako, baita ere, pertsonei adinaren araberako ordutegiak ipini zitzaizkienean kalera irteteko. Zergatik ezin dituzte adineko pertsonek zenbait arrisku beren gain hartu?

Beraz, debeku eta antzekoen gainetik, pertsonen autonomia sustatzera egin behar da?

Guk ez dugu uste autonomia ororen gainetik dagoenik. Osasun larrialdi batean gaude, eta hainbat neurri hartu dira, eta egokiak izan dira: beharrezkoak. Baina, behin bizitzaren balioa babesteko neurri batzuk ezarrita, gizartearen osasun komunitarioa babestera eginda, ahal duzun orduko, beste balio batzuk ere sustatzen hasi behar duzu: autonomia ere bai. Pertsona bat soilik atera daitekeela 19:00etatik 20:00etara? Zergatik? Utz diezaiotela bere arriskuak hartzen. Ondo dago informazioa ematea, hauskorragoa dela gogora ekartzea, baina gero berak erabakiko du arrisku hori bere gain hartu nahi duen.

Krisi honek agerian utzi duen adinkeriaz erruz hitz egin da. Aipatu duzunaren gisako neurrietan, esate baterako, nabarmena izan da. Beste zein erabakitan ikusi duzue adinkeriaren itzala?

Gauzak aldatuz joan dira, zorionez, krisiak aurrera egin ahala, baina lehen erreakzio bat izan zen osasuna eta segurtasuna lehenestea ororen gainetik, eta egin ziren hainbat protokoloren lehen zirriborroetan defendatu ziren, adibidez, pertsonak adinaren arabera baztertzeko irizpideak.

ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan-eta hartzeko, ezta?

Hori da. Zorionez, osasun profesional askoren lan onari esker, protokolo horien erabilera ona izan da azkenean kasurik gehienetan, eta ez diete jaramonik egin irizpide horiei. Gero aintzat hartu behar da, gainera, adineko pertsonen eta kolektibo zaurgarrien inguruan zer irudi zabaldu den gizartean izurri honen harira... Zenbait mezu zabaltzeko egon den erak kalte egin diezaioke urte askotan horien irudia indartze aldera egin den lan handiari.

Lehen hildakoak izan zirenean ere, zenbat aldiz gogorarazi zen zaharrak zirela...

Bai, eta gakoak izan behar luke ez pertsonen adinak, baizik eta haien osasun egoerak. Garrantzitsuena ez da ea egoitza batean bizi zen, edo 80 urtetik gorakoa zen.

Zahar etxeetan hildako asko eragin ditu epidemiak. Adinekoen zaintzarako eredu berri bat behar dela inoiz baino argiago utzi du errealitate latz horrek?

Krisi honek agerian utzi ditu hor zeuden hainbat gabezia. Adinekoen zentroek han bizi direnen etxeak izan behar dute; ez dute ospitaleak izan behar. Jakina, ez badira erietxeak, ez dituzte osasun baliabide guztiak; beraz, koordinazio ona eta joria izan behar dute gizarte eta osasun sistemek pertsona horien beharrei ongi erantzuteko. Sustatu egin behar dira zentro horiek, behar den eran; ratioetan, soldatetan, trebakuntzan... Gero, pribatu edo publikoak izan behar duten? Ez zait gehiegi gustatzen eztabaida hori. Baina argi dago horien gaineko lidergoak publikoa izan behar duela; alor publikoak zehaztu behar du zer izan behar duten zentroek, eta eskatzen zaien hori egiten dutela kontrolatu behar dute.

Krisiak utzitako alde baikorrak ere nabarmendu dituzue. Zein?

Asko direla esango nuke. Egoera gogorra izan da, fase latzena pasatu dugula dirudi, eta ikasbide asko atera daitezke. Izan ere, orain garrantzitsua da ikastea, zertan huts egin den ikustea, hori aldatzeko. Ongi zerk funtzionatu duen ere aztertu behar da, hori indartzeko. Egon dira, esate baterako, oso ondo funtzionatu duten praktikak. Adibidez, adinekoentzako egoitzen arloan eta, malgutasun handia erakutsi dute zentroek; gai izan dira goizetik gauera jarduteko modua moldatzeko, protokolo berriekin aritzeko. Harro egon behar dugu, oro har, osasun zentroetan-eta egin den lanarekin. Orain birpentsatu egin behar da egun dugun eredu soziosanitarioa, eta bilatu behar da era koordinatu eta malgu batean jardutea egun dauden beharretara egokituta. Pertsona ardatz duen eredu mota izan behar du, eta, esan bezala: segurtasunak ezin du izan aintzakotzat hartuko den balio bakarra.

Bizitzaren amaieran dauden pertsonen eta haien senitartekoen beharrak ere aintzat hartu behar dira, esaterako. Alor horretan ere izan dira gabeziak...

Horixe da: beste balio batzuk, segurtasunaz aparte. Zentroetako hainbat egoiliarrek adierazi digute haientzat txarrena ez zela hiltzea, baizik eta bakarrik hiltzea. Adineko pertsona batek onartua izan dezake amaitzear dela bere bizitza, eta garrantzi handia izan dezake, esaterako, beretzat une horretan bere gertukoak ondoan izateak... Baina horretarako argi izan behar da guretzat nagusi den balioa, bizitzarena, une horretan ez dela garrantzitsuena pertsona horrentzat. Hala ere, arloan izan diren arazoei, krisiak aurrera egin ahala, kasu askotan erantzun zaiela uste dut: malgutu egin dira hainbat prozedura.

BERRIAn argitaratua (2020/06/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA