astekaria 2016/03/02
arrowItzuli

politika

Independentismoa ardatz

Hodei Iruretagoiena

Independentismoa ardatz

Ziegatik baina beti bezain zehatz erantzun zien Arnaldo Otegik 2014ko urrian BERRIAk bidalitako galderei. Luze aritu zen, besteak beste, gatazkaren konponbideaz, presoez, ezker abertzaleaz, burujabetza prozesuez, lurraldetasunaz eta sozialismoaz. Zeresan ugari eman zuten hark esandakoek. Ideia nagusi gisa, ezker abertzalearen estrategiak prozesu independentista erdigunean kokatu behar lukeela nabarmendu zuen, eta horren bueltan landu, gatazkaren ondorioak.

GATAZKAREN KONPONBIDEA

«Prozesu hau ez nuke bake prozesu bezala definituko»

«Herri honek esku artean duen askapen prozesuan urrats erabakigarriak egite aldera, galdera hauei zorrotz erantzun beharra dago: ETAren desegitea eta desarmatzea interesatzen zaizkio estatuari? Eta gure herriari?».

«Prozesu hau ez nuke bake prozesu bezala definituko, halakoek ezinbesteko baldintza bat bete behar dutelako: alde guztien konpromisoa eta akordiorako borondatea. Hemen soilik independentismoak agertu du konpromiso hori hitzez eta ekintzez. Beraz, hau askapen prozesu bat da, non bere garapenerako ezker abertzaleak uko egin dion biolentzia armatuaren erabilera politikoa ulertzeari, eta non, ondorioz, ETAk borroka armatuaren bukaera adierazi duen».

«Ondorioen agenda erabiltzen ari da estatua, helburu bakarrarekin: ez piztea Kataluniaren moduko beste prozesurik».

PRESOAK ETA 'BATERAGUNE'

«Gure herriak aspaldi planteatu zizkigun aldaketak ez ditugu azkar betetzen jakin»

«Gure estrategia aldaketarekin testuingurua hankaz gora jarri eta konfrontazioa eremu politikora eraman genuen, estatuaren helburuak suntsituz. Hori ez digute barkatzen eta horregatik gaude preso».

«Euskal preso politikoek gure herriarengandik babesa eta maitasun handia jasotzen dugu, baina, aldi berean, presoak eta ezker abertzaleko kideok gure herriari zor gatzaizkio, eta, alde horretatik, aitortuko dizut gure herriak aspaldi planteatu zizkigun aldaketak agian ez ditugula beharrezko azkartasun eta inteligentziaz betetzen jakin. Horrek ere autokritikarako beta eman beharko liguke, gure herriari hori ere zor diogulako».

EZKER ABERTZALEA

«Alimaleko arazoak ditu ezker abertzaleak sortutako jokaleku berrira egokitzeko»

«Ezker abertzaleak sekulako gaitasuna du jokaleku berriak sortzeko eta gure herrian sekulako ilusioa pizteko. Baina, gero, alimaleko arazoak ditu sortutako jokaleku berrira egokitzeko eta koherentziaz jokatzeko. Beti sekulako inertziak sortzen zaizkigu egoera berriei iraganeko edota betiko eskemekin erantzuteko».

«Agian garaia heldu zaigu pentsatzen hasteko askapen prozesua osorik eta bururaino estatuarekin inolako akordiorik gabe egin beharko dugula».

«Norbaitek gaur galdetuko balu zein zen estrategia aldatuz lortu nahi genuen helburua, honela erantzungo nioke: alor nazionalean, Katalunian egiten ari den prozesua egitea, eta alor politiko-ideologikoan, edota antolakuntza ereduan, 1978an Herri Batasunak martxan jarri zuena».

BURUJABETZA PROZESUAK

«Estrategiaren ardatza prozesu independentistan jarri behar da, ondorioak hor kokatuz»

«Mugimendu horretan [Gure Esku Dago] buru-belarri ari direnei zerbait esanez gero, hau litzateke: ez utzi inori soilik herritarrena den agendan esku sartzen; izan herri, eta inola ere ez alderdi».

«Bere garaian estrategiaren aldaketa planteatu genuenean, prozesua bi alorretan zatitu genuen nahiko era mekanikoan: lehenik ondorioak gainditu, eta gerora etorriko zen gatazka politikoa gainditzea [...] Eskema horrek prozesua termino oso itxi eta mekanikoetan ulertarazi eta gararazi digu, hura termino dialektiko eta dinamikoetan ulertu eta garatu beharrean. Esango nuke prozesua osotasunean ulertu beharko genukeela».

«Burujabetzaren bideari ekitea, posible ez ezik, ezinbestekoa ere bada. Zergatik? Bai ondorioen alorrean eta bai alor politikoan irtenbideak behartzeko bide eraginkorrena eta, ziurrenik, bakarra izan daitekeelako. Beraz, gure estrategia orokorraren ardatza prozesu independentistan jarri behar da, eta ondorioen agenda hor kokatu. Eta, aldebakartasunez gaindi daitezkeen ondorioen agendaren osagaiak aldebakarreko erabakien bidez gainditu, prozesu independentista indartzeko. Hor kokatu behar dugu presoek egin beharrekoa. Hau da, egiten ditugun urratsak prozesu independentistaren mesedetan eta horren garapenean kokatuz, halabeharrez arazo horri eman behar zaion irtenbide mailakatua bai, baina ikuspegi orokor eta osoa emanez».

LURRALDETASUNA

«Azken helburua zazpi lurraldez osaturiko estatua bada ere, hiru erabaki esparru errespetatu beharko ditugu»

«Guretzat azken helburua garbia bada ere —zazpi lurraldez osaturiko Euskal Estatua—, kontuan izan behar dugu hori lortzeko hiru erabaki esparru errespetatu beharko ditugula: EAE/Nafarroa/Ipar Euskal Herria. Beraz, aipatu eztabaida nazional eta herritar horretan finkatu behar dena zera da —besteak beste—: egun izan badiren errealitate juridiko-politiko nahiz indar harreman ezberdinak kontuan hartuta, zein da azken helburu horretara heltzeko biderik eraginkorrena?».

XXI. MENDEKO SOZIALISMOA

«Euskal Herrian modelo sozialista propioa eraiki behar da»

«Sozialdemokraziaren programak ezin dira izan gure azken geltokia, baina bai berdintasunean eta justizian oinarrituko den gizartea eraikitzeko lehen geltokia sozialismorantz»

«Euskal Herrian modelo sozialista propioa eraiki behar da, non euskal jendartearen ezaugarri kultural, soziologiko eta sozioekonomikoak kontuan hartu behar diren».

BERRIAn argitaratua (2016/02/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA