astekaria 2020/06/12
arrowItzuli

iritzia

Injustiziarik larriena: eragindako mina ukatzea

Xabier Makazaga

Injustiziarik larriena: eragindako mina ukatzea

Egiarik gabe biktimek ezin dutenez ez justizia ez erreparaziorik jaso, biktima bati egin dakiokeen injustiziarik larriena egia ukatzea da, eragindako mina ukatzea. Horregatik, bake prozesu guztietan egiari ematen zaio erabateko lehentasuna, eta oinarrizko exijentzia beti izaten da eragindako min guztia onartzea.

Horrela izan da beti, baina hara non Euskal Herriko kasuan batzuek erabaki zuten beste zerbaiti ematea erabateko lehentasuna, eta hor dabiltza Ezker Abertzaleari behin eta berriro exijituz onar dezala ETAk eragindako min guzti-guztia, frankismo garaikoa barne, injustua izan zela. Hau da, Ezker Abertzaleari exijitzen diotena, azken batean, bere iraganaz damutzea da.

Hala jokatzen ari direnek diote biktima bati egin dakiokeen injustiziarik larriena eragindako mina justifikatzea dela, baina begi bistakoa iruditzen zait ukatzea larriagoa dela justifikatzea baino, ukatzaileak ez baitu egindakoa justifikatu beharrik, eta, gainera, gezurti gisa tratatzen du mina jasan duena. Eta horixe da, hain zuzen ere, beraiek egin dutena eta egiten jarraitzen dutena.

Gainera, erraz asko jotzen dituzte terroristatzat indarkeria mota batzuk, zeharo ukatzen duten bitartean Estatuak terrorismorik egin dezakeela legez kanpoko are indarkeria larriagoa erabiltzen duenetan. Bereziki, tortura, zeinaren debekua erabatekoa baita nazioarteko legeen arabera.

Horregatik, ez da batere harritzekoa Deustuko Unibertsitatean Etikako katedradun izandako Xabier Etxeberriak esan izana estatu terrorismorik larriena tortura dela. Izan ere, 2006an argi eta garbi adierazi baitzuen bi terrorismo mota daudela, «Estatuaren aurka motibazio politikoz diharduten talde armatuena» eta «estatuak berak eragindakoa, zeinaren adibiderik larriena tortura baita».

Torturaren ukatzaileek goraipatu egiten dute Etxeberria jauna, ETAren biktimei buruz duen diskurtsoa oso gogoko dutelako, baina ez diote kasu zipitzik egiten estatuaren biktimei dagokienez, oso argi baitio, ETAk ez ezik, espainiar estatuak ere terrorismoa praktikatu duela. Ez soilik gerra zikinari dagokionez. Baita milaka kasutan tortura erabiliz ere.

2006an idatzi zuen beste lan garrantzitsu batean, Xabier Etxeberriak gogor salatu zuen tortura ez zela baztertu, «ezkutatu baizik», eta ezin argiago azaldu zuen ezkutatze horren eragin beldurgarria: «Batetik, torturatzailearen inpunitatea bermatzen du, eta, bestetik, izan daitekeen babes faltarik handienera kondenatzen du biktima, ez soilik torturatua izateko orduan, baita egin diotenarengatik justizia eta erreparazioa eskatzeko orduan ere».

Horren ondorioz, tortura eta tratu ankerrak jasan izana salatu duten milaka herritar gezurtitzat jo dituzte, frogaren zama guztia haiengan jarriz, ederki dakiten arren ia-ia beti guztiz ezinezkoa dela frogatzea benetan gertatua. Amnistia Internazionalak egoki asko salatu bezala, inkomunikazioak atxilotuaren eskubide guztiak jaten dituen zulo beltz bat sortzen baitu. Gertaturikoa frogatzea ezinezko egiten duen zulo beltza.

Injustizia itzel horri aurre egiteko, proposamen egoki askoa luzatu zuen duela zortzi urte Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari izandako Jon Mirena Landak, torturatuei ezinezko frogak exijitu beharrean, frogaren zama tortura ukatzen dutenen gain jartzea, baina, nik dakidanez behintzat, oraindik ez da ezertxo ere egin proposamen hori bideratzeko.

Egia da, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz, Pako Etxeberriak gidatuta egindako ikerketa garrantzitsuan frogaren zama tortura salatu dutenen gain jarri arren, oso modu egokian egin zutela, haien sinesgarritasuna Istanbulgo Protokoloaren bidez neurtuz, baina ezinbestekoa iruditzen zait antzeko beste ikerketa bat egitea, behingoz zama hori tortura ukatzen dutenengan jarriz. Bestela, negazionismoan gotorturik jarraituko baitute.

Adibidez, Portu-Sarasola kasuak merezi du ikerketa sakon bat. Kasu horretan, espainiar estatuko botere guztiek hartu baitzuten parte tortura ukatu eta torturatzaileak babesteko orduan. Horregatik idatzi eta jarri nuen Interneten, duela urte batzuk, El caso Portu-Sarasola. Los encubridores de la tortura al desnudo.

Azpimarratzekoa da, bestalde, jarrera ukatzaile hori zeharo kontrajarria dagoela gatazkak konpontzen adituak diren nazioarteko eragileek beti nabarmendu izan dutenarekin: halako kasuetan, oinarrizko exijentzia eragindako min guztia eta erantzukizunak onartzea dela. Hau da, denek onartu behar dutela egia osoa, biktima orori zor zaizkion justizia eta erreparazioa guztiz ezinezkoak baitira egiarik gabe.

Xabier Etxeberriak ere beste horrenbeste dio, ezinbestekoa dela berak aipatu bi terrorismo motetan ardura izandakoek eragindako min guztia onartzea. Hau da, bi aldeek onartzea giza eskubideen urraketa guztiak eta urraketa horiek biktimei eragindako mina.

Horixe da, hain zuzen ere, ETAk desagertu arte egin zuena, eta Ezker Abertzaleak ere argi eta garbi onartu du bere erantzukizuna, baina estatu terrorismoaren arduradunek ez dute halakorik egin. Eta terrorismo mota horri ez ikusiarena egin diotenek ere ez.

Horregatik da hain garrantzitsua estatu terrorismorik larriena den torturaren ukazioa sakon ikertzea, torturaren milaka biktimek behingoz jaso dezaten hain beharrezko dituzten egia, justizia eta erreparazioa. Eta baita halakorik inoiz gehiago gertatuko ez zaien bermea ere.

Lehenbailehen egingo ahal da ikerketa hori!

BERRIAn argitaratua (2020/06/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA