astekaria 2020/06/12
arrowItzuli

bizigiro

Negar anpuluen itsaso sakonean

Zihara Jainaga Larrinaga

Negar anpuluen itsaso sakonean

Bizitzako lehen adierazpena da negarra. Gizakiak jaiotzean egiten duen lehen gauza. Horrek erakusten du oso naturala eta beharrezkoa dela. Denborarekin, baina, negarrak esangura negatiboa hartzen du, nahiz eta pozez negar egitea ere posible den. Adinean gora egin ahala negar egitea, ordea, gaizki ikusia dago gaur egungo gizartean; are gehiago, ahultasunarekin lotu izan da. «Gure kultur ideologia hegemonikoaren barnean, negar egitea ez da baloratzen; lotsatu eta ezkutatu egiten gara», zehaztu du Maria Zapata antropologoak. «Hiperzoriontasunaren» gizartea da gaur egungoa, Zapataren arabera. Hots, soilik pozik, kontentu edo zoriontsu egotea onartzen dela giza baliotzat: «Minarekin loturiko dena tabu bilakatu da».

Psikologoek diotenez, negarra gorputzaren erreakzio natural bat da, askapen bat, fisiologikoa. Arrazoi desberdinengatik sortzen dena. Ez da nahita egiten den zerbait. Berezkoa da. Gorputzaren behar bat dela dio Itziar Bartolome hezkuntzaren psikologian adituak:«Doministiku edo aharrausi egiten dugun bezala, negarra ere maila horretako gure gorputzaren behar bat da». Negarraren onurak hauek direla dio Bartolomek: fisiologikoki estres maila eta min fisikoa gutxitu egiten dira; arnasketa erritmoa orekatzen da; begiak garbitzen ditu; adrenalina eta magnesio mailak doitu egiten dira; eta efektu lasaigarria daukaten hormonak jariatzen dira. «Horrez gain, negarrak gure izaera ulertzeko ate bat zabaltzen digu. Aukera ematen digu geure burua ulertzeko eta zerk egiten digun min ikusteko».

Gorputzaren erreakzioa fisiologikoa eta naturala dela diotenean, negar egitea ona delako eta benetan gorputzak daukan behar fisiologiko hori sendatzen duelako dela defendatzen dute psikologoek. Dena dela, negarraren funtzio nagusia komunikatzea da. «Modu desberdinetan agertzen da, pertsona eta egoeraren arabera oso aldakorra da», nabarmendu du Bartolomek. «Edozein momentutan agertzen denean, ohartu behar genuke erreminta oso baliotsu eta sendagarria dela».

Ez da unibertsala

Kulturalki eta genero ikuspegitik, negarraren espazioa banatu egin dela diote Bartolomek eta Zapatak. «Emakumeei eman zaie, eta, gainera, ahultasunari lotuta dago», azaldu du Bartolomek. Zapatak dioenez, ahultasuna emakumeekin lotzen da, eta, hala, baita negarra ere: «Negar egitea emakumeen kontua da, argi eta garbi». Kultura berean hezkuntzan genero arteko desberdintasuna lantzen dela azpimarratu du Zapatak. «Zer emozio sentitzen ditugun, edota nola sentitzen ditugun, azken finean, ikasten den auzi kultural bat da, eta ez da berezkoa, ez unibertsala».

Psikologoek diotenaren aurka, Zapatak dio emozionala ez dela unibertsala, hots, inola ere ez dela pertsona guztietan berdin gertatzen, eta emozioekin unibertsaltasunean erortzea oker larria dela uste du. «Unibertsaltasunarekin apurtu beharra dago: ez dago emozioak eta adierazteko modu unibertsalik», azpimarratu du. Sentitzen dena, nola sentitzen den, nola izendatzen den, emozio bakoitzaren esanahia, adierazpena, kulturatik eta historiaren garapenetik igarotzen dela dio antropologoak. Gaur-gaurkoz, Zapatak ez du uste emozioak, barrea eta negarra, adibidez, garrantziari dagokionez, maila berean jarriko direnik. «Kontrako norabidean goazela esango nuke». Halaber, sare sozialak jarri ditu: horren erakusgarri: «Sare sozialetan soilik gure aurpegi ona erakusten dugu». Azken mende erdian, gizartea zoriontasunaren gizarte bilakatzen ari dela uste du. «Kulturalki ondo egotea baloratzen da, zoriontsu eta pozik». Halaber, negarrari loturiko prozesu oro, eremu intimoetara eta ahal den neurrian, eguneroko tokietatik urrutira mugatu dela ohartarazi du: «Dolua ezkutatu egin da».

Negar egitea, barre egitea bezala, garrantzitsua eta beharrezkoa da, Bartolomeren ustez. «Negarra, baina, ukatu egiten dugu publikoki erosoago egoteko». Edozein izaki, negarra entzuten duenean, larritu egiten da, eta Bartolomek ohartarazi du nork bere buruari min egiten diola negarra espazio intimoetara mugatzen badu eta sozializatzen ez badu larritasunik ez sentitzearren. «Negarra sufrimenduari, minari, amorruari lotuta daukagu, eta, horregatik, deseroso sentiarazten gaitu. Negarrari libre uzten diozunean, aldiz, egoera aldatzen da». Zehaztu du ezen, hasieran, kulturalki jaso den ezagutza guztiagatik, ezeroso sentiarazten dela jendea, eta hori moztu eta ukatu nahi izaten dutela. «Negar egite hutsagatik ez diogu inori kalterik egiten, nahiz eta ingurua ezeroso sentitu». Kontrako mezua jaso arren, negarra ez da inorentzako eraso bat, eta ez du inor ahulago egiten, Bartolomek nabarmendu duenez. «Negarrak indartu, sendatu eta lagundu egiten digu».

Negarra lasai

Pablo Gomez de Maintenant psikologoaren arabera, jendeari kosta egiten zaio negar egitea, ez duelako adierazi nahi, edo negarrari loturiko horri nolabait aurre egiteko edo ulertzeko beldurra diolako. Dioenez, atzean dagoen sentimendua erreprimitzeko joera dago, eta, pertsona batek sentimendu indartsu baten aurrean negarra erreprimitzen duenean, malkoak komunikazio mota bat izaten dira. «Oso lotuta dago pentsamenduarekin eta atzean dauden sentimenduekin». Nolabait, negar egiten edo ez egiten ere irakasten dela dio Gomez de Maintenantek: «Inguruneak eragina du, eta, giroaren arabera, hobeto edo okerrago bideratzen da negarra. Nahiz eta jende askok intimitatean negar egiten duen». Halaber, arrazoi indartsu eta justifikatuengatik negar egiten denean, bakarrik egiten da negar. Gomez de Maintenanten arabera, emakumeek askoz negar gehiago egiten dute, azkarragoak direlako negar-minaren kontrolean. Dena dela, negarraren eta oinazearen kanporatzearen antzinako erritualak galdu egin direla azaldu du psikologoak, eta horrek zerikusi handia duela gaur egungo garaiarekin, gaur egungo balioekin, «hiperkontsumismoarekin».

Iñigo Santiesteban Santurtziko (Bizkaia) San Joan Jainkoarena ospitaleko psikologo klinikoarentzat beharrezkoa da emozioak ateratzea, une bakoitzean emozioa zein den identifikatzea, eta bakoitzak bere moduan adieraztea. «Pertsona batzuek negarraren bidez adierazten dute tristura; beste batzuek, berriz, modu aktiboagoan».

Edozelan ere, negarraren zenbatekoa ez da garrantzitsuena: negarrak pertsonari egoera berrira egokitzea galarazten dion aztertu behar da. «Ez du zerikusirik negar asko egiteak sentikorragoa izatearekin edo sufrimendu handiagoa izatearekin». Mina eragiten duen egoera batean, erreakzionatzeko modu bat da negarra, eta batzuek modu biziagoan adierazten dute negarraren bidez, eta beste batzuek, berriz, modu erosoagoan. Halaber, zoriontasunagatik negar egitea oso garrantzitsua dela dio Santiestebanek: «Malkoak beti tristurarekin lotzen ditugu, baina zoriontasunagatik ere izan daitezke». Azken finean, emozio bat partekatzeko modu bat da. Garrantzitsuena malko horien azpian dagoen emozioa zein den jakitea dela dio Santistebanek, halaber, emozioa identifikatzeko modua norbera sentitzen den moduari buruz hitz egitea ere badela.

Adierazpen artistikoak

Negarra gizartean tabua izatearen adibideetako bat da sorkuntza lanetan, literaturan eta antzerkietan, besteak beste, duen presentzia urria. Bizkaiko Marie de Jongh antzerki konpainia da negarra, dolua eta heriotza gaiak ardatz dituzten taldeetako bat.

Jokin Oregi kidearen esanetan, «orokorrean uko egiten diogu bizitzaren tragikotasunari. Krudelkeria oro modu politiko batez hitz egiten dugu». Oregik onartu du konpainiak kritikak jaso izan dituela «halako gaiak tratatzen zituzten obrak haurrentzako ez direlako aproposak». Zer duzu negarrez, Marie? obran, adibidez, maitasunik jasotzen ez duen haur baten istorioa landu dute: «Guri interesatzen zaigu bihotza aztoratzen edo ukitzen duten istorioak kontatzea eta partekatzea; oso beharrezko ikusten dugu», zehaztu du Oregik. «Geure buruarekin zintzo jokatu nahi badugu, sortzaileak ahalik eta zintzoen jokatu behar du komunikazio hori ahalik eta zintzoena izan dadin».

Halaber, uset du gutxieneko hori bete behar dela, umorez edo dramaz eta tragediaz bada ere. «Sinistu nahi dugu jendeak behar dituela halako obrak, elkar ezagutu eta onartzeko eta balio dutela gure gizartea edo ingurua hobetzeko, pertsonak aberasteko». Gizarte kohesionatuago bat bilatzea da haien helburua.

Barre egitea gauza ederra eta sanoa den heinean, barrea oso hedatua dago, Oregik dioenez: «Baliteke modu komertzial batean sekulako arrakasta izatea, baina sari nagusietan komediak bigarren mailako moduan uzten dira».

Azpimarratu du oso komedia gutxik irabazi dituztela sari handiak, eta normalean oso sakonak diren ikuskizunei ematen zaiela garrantzia. «Ez dira, hortaz, gutxiesten». Dioenez, kontuz ibili behar da, umore txarra ere askotan egiten delako. Hala ere,bi motatakoak konparatuta batzuk ez direla besteak baino hobeak argitu nahi izan du:«Gauza guztiek dute beren xedea eta beren zailtasuna; dena da inportantea baldin eta ondo egiten badira gauzak. Komedia barregarri bat negargarri gera daiteke, eta drama eskas bat, barregarri».

BERRIAn argitaratua (2020/06/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA