astekaria 2016/03/02
arrowItzuli

iritzia

Hauteskundeak, berdintasunean

Jon Ordoñez

Hauteskundeak, berdintasunean Jon Ordoñez

Lehendakari onena, herria. Herri Batasunaren 1986ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainako leloa izan zen hori, atzo Arnaldo Otegiren ahotan espetxe atarian berriro entzun ziren hitzak. Bezperan, The New York Times-en jakinarazi zuen ezker abertzaleko buruak lehendakarigai izateko aurkezteko asmoa duela, eta esaldi horrekin datozen hilabeteetan fokua non jarri nahi duen iragarri zuen.

Otegiren irteeraren ostean, garbi dago Legebiltzarrerako bozek markatuko dutela hein handi batean urte hau politikan. Ez dirudi Otegi hauteskundeetan pentsatzen ari denik (hori baino sakonagoa da egin behar duen lana), baina garbi dago badakiela zein den jokalekua eta hor Bilduk zer egin behar duen. Legalizazioen urteari, 2012ari, espetxean kasu egin behar izan zion Otegik; Bildu efektuak preso harrapatu zuen. Iazko emaitzen ostean, baina, lehian efektu gehiago daudela ageriko da, politikoak eta mediatikoak, eta ezkerreko indar independentistek efektutik haratago joan behar dute euren proiektua sustraituko duen lurra goldatzeko.

Otegiren irteerak atzo eragin zituen zenbait erreakzio ikusita, garbi dago Otegiren itzulerak gutxienez deseroso sentiarazten duela bat baino gehiago. Esanguratsua da. Maiz esan da azken bi hamarkadetan bozetan ezin zirela denek berdintasunez lehiatu. Hala gertatu zaio Otegi berari ere, legez kanporatzeak, jazarpena eta espetxealdia tarteko. Atzo arte.

BERRIAn argitaratua (2016/03/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA