bizigiro
Neanderthalen egongelan
Ion Orzaiz
Kaliforniako Unibertsitateko (AEBak) HERC Giza Eboluzioaren Ikerketa Zentroko Laura Sanchez Romerok zuzendu du ikerketa eta, neanderthalen ohiturei buruzko ebidentziak lortzeaz gain, leizearen okupazio aldien kronologia zehaztea ere lortu dute. Hala, arkeologoek jakin dute leizea «aldizka» okupatu zutela neanderthalek eta harrapari haragijaleek, eta harpeko espazio ezberdinak erabili zituztela batzuek eta besteek.
Amalda I-eko ikerketa lerroa proiektu zabalago baten parte da, CENIEH Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentroko arkeologo Joseba Rios-Garaizarren gidaritzapean. Egitasmoaren helburua da neanderthalek Kantauri aldean eginiko okupazioak ebaluatzea, besteak beste, «kronologia, lurraldearen mugikortasun eta okupazio ereduak eta talde horien antolaketa ekonomikorako moduak ikertuz».
Rios-Garaizarrek berak duela zenbait urte planteatu zuen Amaldako neanderthalak espazioa antolatzeko gai izan zitezkeela. Planteamendu hori da orain egiaztatu dutena. «Amaldako aztarnategian topatutako harri industria ikertzean, ikusi nuen askotariko tresna multzoak zeudela, erabileraren arabera banatuta: haragia erauzi eta moztekoak, larrugintzakoak, egurrezko lanei lotutakoak...», azaldu du Rios-Garaizarrek. Haitzuloko espazioa ere jarduera horien arabera banatua zegoela planteatu zuen arkeologoak orduan, baina ez zuen gaian gehiago sakondu, 2016an Sanchez Romerorekin elkarlanean hasi zen arte.
Animalien hezurrei erreparatu zieten lehenbizi: «Digestio trazak zituzten hezur asko zeuden, haragijaleen harrapakinenak, baina baita erretako beste hezurdura asko ere. Suaren erabilera horrek erakusten digu zeintzuk diren gizakiek ehizatutakoak».
Aztarnen datazioari esker jakin zuten gizakiek eta harrapari haragijaleek ez zutela Amaldan topo egin, garai ezberdinetan okupatu baitzuten harpea: «Aldizkako okupazio bat izan zela ondorioztatu genuen. Gizakiek manipulatutako piezak aztertu genituen lehenbizi eta, lortutako datazioaren arabera, duela 48.000-45.000 urte artekoak ziren. Haragijaleek jandako animalien hezurrak, berriz, duela 28.000-26.000 urte artekoak; ordurako, neanderthalak desagertuak ziren».
Hipotesi batekin ari dira lanean: neanderthalak Amaldan bizi zirenetik 100-200 urtera galdu ziren Euskal Herrian. Ondoren, beste neanderthal batzuk heldu ziren, gaur egun Akitania den lurraldetik. Horiek teknologia ezberdina zuten, Chatelperron aldikoa. Bigarren neanderthal olde hori desagertu eta 2.000 urte ingurura azaldu ziren lehen gizaki modernoak Euskal Herriko lurretan.
Espazioaren antolaketari buruzko planteamenduan ere sakondu ahal izan dute arkeologoek, Amaldan lortutako ebidentzia berriei esker. «Egitekoak ongi sailkatuta zeuden: jarduera bakoitza toki zehatz batean egiten zuten, eta tresna ezberdinak erabiltzen zituzten, lanaren arabera. Lantza bat egiteko, adibidez, adar bat moztu, egurra landu, zuritu, harrizko punta egin, suarekin ondu... Lan bakoitzak zituen bere toki eta bere erreminta propioak. Nahiko modernoa zen ekoizpen prozesua». Ebidentzia horiek oinarritzat hartuta, Sanchezek eta Rios-Garaizarrek uste dute neanderthalek «antolaketa sozial konplexua» zutela.
Neanderthal bat metroan
Amaldan eginikoaren gisako ikerketei esker, neanderthalei buruzko «ikuspegi zaharra» aldatzen ari dela nabarmendu du Rios-Garaizarrek: «1990eko hamarkadan, Erresuma Batuko ikerlari batek idatzi zuen neanderthalek ez zutela inongo antolamendu espazialik eta, gordin esanda, lo egiteko eta jateko toki berean egiten zutela kaka. Gaur egun dakigun guztiarekin, ezinezkoa da halako baieztapenak egitea».
Arkeologoaren irudiko, zientzia «oso azkar» ari da ikuspegi tradizional hori desmuntatzen: «Neanderthalen gizartea oso sinplea zela, atzeratuak zirela... Baieztapen horiek guztiak atzean gelditzen ari dira. Lehen uste zen baino askoz konplexuagoak dira neanderthalen gizarteak. Are gehiago: ez dago ezberdintasun handirik gure espeziearekin».
Kulturaz eta antolaketa sozialaz gain, morfologian ere «antzekotasun handiak» zeuden neanderthalen eta Homo Sapiens Sapiens edo gizaki modernoen artean. Rios-Garaizarren esanetan, Bilboko metroan neanderthal batekin topo eginez gero, «askok ez lukete desberdintasunik antzemango».
Izan ere, bi giza espezieak «elkarrengandik oso-oso gertu» bizi izan ziren milaka urtez, eta horrek ikerlariak bultzatu ditu «galdera filosofikoak» egitera: «Oso interesgarria litzateke jakitea nola desagertu ziren neanderthalak eta nola gailendu zen gure espeziea. Gauza horiek jartzen gaituzte arazo baten aurrean: zenbateraino garen ezberdinak, zer esanahi duen horrek, eta zer punturaino garen espezie ezberdinak». Neanderthalek, beste espezie bat bainoago, «beste gizatasun mota bat» osatu zutela uste du Rios-Garaizarrek.
Euskal Herriko guneak
Galdera horiei guztiei erantzute aldera, Euskal Herrian dauden aztarnategiek «balio itzela» dute: «Euskal Herrian azken neanderthalen erregistro ugari ditugu, Chatelperron aldikoak Labeko koban (Arrasate, Gipuzkoa), Aranbaltzan (Barrika, Bizkaia) eta Ekainen (Deba, Gipuzkoa); horiez gain, lehen gizaki modernoen aztarnategiak ere baditugu, besteak beste, Izturitzen (Nafarroa Beherea).
Rios-Garaizabalen lantaldeak bukatutzat jo ditu Amalda I aztarnategiko lanak, baina zabalik dute beste ikerketa lerro bat handik hurbil, Amalda III izeneko harpean: «Urteetarako lana dugu hemen».