bizigiro
Saskia betetzeko zain
Peru Azpillaga Diez
Konfinamendua, baina, leuntzen hasia da, eta paraje naturalek garai honetan izan ohi duten itxura berreskuratu dute. Hortaz, dozenaka mendizalerekin batera, hara jo dute ere perretxiko zaleek. Gehienentzat berandu izango da jada udaberriko perretxikoen uztaren bila aritzeko; onddoen denboraldia, ordea, hasi baino ez da egin, eta, beste hainbat esparrutan gertatzen den bezala, aukera beste zalantza ditu agerian.
Sona handiko afizioa da perretxikoak biltzea Euskal Herrian. Jendeak gehiegi biltzea eragozteko eta naturaren oreka eta jasangarritasuna mantentzeko, erregulatuta dagoen jarduna ere bada. Horren emaitza dira, esate baterako, Ultzamako eta Erro-Orreagako parke mikologikoak. Afizioa, ordea, mugaz gaindi doa, eta asko dira Euskal Herritik kanpo ere perretxiko bila irteten direnak. Hala zehaztu du Iro Landaluze aktoreak eta mikologoak anekdota bat baliatuta: «Perretxikoa izen generikoa da guretzat, baina Gaztela eta Leonen, udaberriko ziza izendatzeko erabiltzen dute. Izan ere, orain dela 50 urte inguru, euskaldunek horien bila joateari ekin baitzioten, eta orduan hangoek ere ekin zioten euskaldunok perretxiko deitzen genion udaberriko ziza biltzeari».
Udaberriko ziza izan da, hain zuzen ere, konfinamenduaren ondorioz batu gabe geratu den perretxikoetako bat. «Ni ezin izan naiz etxetik mugitu, baina mendian lanean jarraitu duten artzain batzuekin kontaktuan egon naiz, eta esan didate inoiz baino perretxiko gehiago zeudela». Hala ere, Landaluzek ez du uste jende faltak eragindako fenomeno bat izan denik: «Urte ona tokatu da, baldintzak egon dira eta irudi ikusgarriak izan ditugu; batik bat, inor ez delako batzera joan». Aralarren, esaterako, inoiz baino ziza gehiago batu direla azpimarratu du: «Lehen, bi kilo batzea mirari bat zen, eta aurten ibili direnek —batzuk ezkutuan eta besteak artzainak direlako— hamar eta hamabost kilo artean jaso dituzte, ikaragarria».
Hemendik aurrera «edozer irten daitekeela», gehitu du Landaluzek: «Eguraldiaren kontu geratzen da, hor ez dago aurreikuspenik egiterik». Behin lurra berotuta, perretxikoen irteera eguraldiaren araberakoa dela dio; «hezetasunarekin eta tenperatura hotzik gabe, orduan irtengo dira». Hori dela eta, udako garaia ez da «bereziki aproposa» izaten perretxikoak batzeko, eta, Landaluzek azpimarratu duenez, irailera arte ez da fruktifikazio masiborik egoten .
Faseek baldintzatuta
Konfinamendua leuntzeko faseen garapenak eta, batik bat, probintzien eta autonomien artean egongo den mugitzeko debekuak perretxikoak biltzeko denboraldia baldintzatuko dute erabat. Landaluzek dio bizkaitar eta arabar andana, adibidez, Burgosera (Espainia) joateko ohitura dutela. Halere, dirudienez, aurten oraindik ezin izango dute mugarik gurutzatu, eta horrek eragin zuzena izango du zenbait perretxikoren bilketari dagokionez.
Landaluzerekin bat etorri da Janet Torrea Erro-Orreagako parke mikologikoko langilea. Denboraldia maiatzaren 25ean ireki zutela azaldu du, udaberriko perretxikoen denboraldia amaitu eta berehala. «Onddoen denboraldia abiatzen ari da orain», baieztatu du. Eguraldiari eta gizakiaren presiorik ezari esker, calocybe gambosa-k, hots, udaberriko zizak, uzta «oparoa» eman duela azpimarratu du. «Batzea ezinezkoa izan den arren», penatu da.
Ultzamako parke mikologikoan antzekoa izan da egoera. Edurne Gerendiain bertako langileak azaldu duenez, denboraldia hasi den arren, udazkena da parkean onddoak batzeko garairik onena. «Onddoak dira eremu honetan gehien batzen direnak. Udaberrian ere jendea etortzen da, eta badago zer hartu, baina garai honetako onddoak oso azkar usteltzen dira; gehienak irailetik aurrera atera ohi dira». Aurtengo denboraldiari helduta, «ziurgabetasunaren» denboraldia izango dela aitortu du: «Zaila da jakitea zer gertatuko den. Guk oraingoz eguneko sarrerak baino ez ditugu eskaintzen, ez dakigulako zer gertatuko den etorkizunean».
Horrekin batera, probintzien arteko joan-etorriak ere denboraldia erabat baldintzatuko duela dio: «Hona Gipuzkoako jende asko etortzen da; ikusi beharko da zer gertatzen den».
Torrea ere bat etorri da: «Bisitari gehienak nafarrak diren arren, Gipuzkoako eta Iparraldeko jendeak ere badu etortzeko ohitura». Hala ere, erantsi du ireki zutenetik mugimendua izan dutela, onddoak batzeko «garairik onena» ez den arren. «Ikusten da jendea gogoz dagoela; zaila da aurreikuspenak egitea, baina espero dugu denboraldia ondo joatea».
Konfinamenduaren eraginari erreparatuta, Gerendiainen arabera, oraindik ere goiz da jakiteko ea naturak hartutako arnasak ondorio positiboak izango dituen: «Ez nuke jakingo esaten, baina basoa lasaiago egotea beti da positiboa, ezta?». Perretxikoen egoerari lotuz, azaldu du aurreko urteetako sasoiak «kaxkarrak» izan direla. Hala ere, jendearen jardunari egotzi beharrean, eguraldiari leporatu dio gaitza, «berebiziko garrantzia» baitu perretxikoentzat eta onddoentzat. «Aurreko sasoiak oso txarrak izan dira, geroz eta bero handiagoa eta euri gutxiago egiten duelako».
Eguraldiaren gakoa
Sasoi «txarra» klima aldaketari egotzi dio Gerendiainek: «Urtero aldatu egiten da, eta egia da ez dugula jarraipen zientifiko bat egiteko aukerarik izan, baina argi dago klima aldaketak eragina duela». Ideia horri jarraituz, nabarmendu du onddoak «geroz eta beranduago» ateratzen direla, eta beranduagora arte irauten dutela. Hala ere, onartu du onddoek «boladak» ere badituztela: «Lur azpian egoten dira, eta badituzte urte oso onak eta oso txarrak; beraz, zaila da zehatz esatea».
Ideia horri eutsi dio ere Joxepo Teres mikologian adituak eta Aranzadi zientzia elkarteko biologoak. «Jendearen faktoreak ez du eragin handirik izango: egongo dira leku konkretuak non perretxikoak ez batu izanak ondoriorik izango duen, baina onddoen dibertsitatean dauden arazo nagusiak beste faktore batzuk eragindakoak dira». Zehatz-mehatz, faktore abiotikoei egin die erreferentzia Teresek. Klima aldaketak hainbat ondorio izaten ari dela dio: «Hezetasun falta, euria egun konkretu batzuetan metatzea... badira bilketak baino eragin handiagoa duten beste faktore batzuk».
Teresek dio oraindik esparru horretan lan asko egiteke dagoela, baina jada klima aldatzen ari dela babesten duten ikerketak badaudela. Beraz, horrek Euskal Herriko basoetan ere eragina izango duela azaldu du: «Arrisku nagusia dibertsitatearen galera da, klimak espezie batzuk bultzatu eta beste batzuk zigortuko dituelako». Aurtengo denboraldiari erreparatuz, ikuspegi «mugatua» duela dio, ezin izan delako mugitu. Hala ere, lurra«nahiko» lehor dagoela dio: «Euri gutxi egin du, eta, egin duenean, dena batera izan da». Horregatik, haren aburuz, onddoentzat egoera ez da «oso aproposa» izango.