gizartea
Liztor asiarra ere hasi da ateratzen
Maddi Ane Txoperena Iribarren
Itsasun du erlategia Setoainek (Lapurdi), eta otsail eta martxo bitartean 200 erregina harrapatu ditu aurten bere bi erlategietan: «Anitz da, eta badakit bertze lagunek ere atzeman dituztela franko». Azaldu duenez, erregina horiek guziak ez lirateke ugalduko seguruenik gero, baina batzuk bai: «Zepoan atzemateak presioa apaltzen du gero». Erlategietan beretan jartzen dituzte tranpa horiek, erlezainek eskuz eginak. «Zerbait gozoa jartzen zaio liztorrak erakartzeko, eta gero alkohola jartzen diogu, erleak ez sartzeko, zeren bestela erleak tranpetan eroriko bailirateke», azaldu du Mikel Zubeldia Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko presidenteak. Bertzelako intsektuak ere harrapatuta gelditzen dira tranpa horietan, tximeletak adibidez, eta horregatik jartzen dituzte soilik erlategietan: «Ez sobera desmasiarik egiteko bertze espezieetan», dio Setoainek. Maiatzetik aitzina ere horregatik ez dituzte jartzen, Zubeldiak azaldu duenez: «Elkarteak eta diputazioak elkarlanean markatzen dugu data konkretu bat tranpak jartzeko; aurten, martxoaren 1etik maiatzaren hasierara. Gero, tokiko liztorra ere lanean hasten da, eta tranpetan eroriko litzateke tokiko liztorra ere».
Habia txikiak ere desegin dituzte orain arte: «Orain artekoak txikiagoak dira, baina gure bistarago egiten dituzte. Adibidez, teilatuen hegaletan, eguraldiaz babesteko aterpeetan, txaboletan... Horiek normalean ikusi egiten ditu jendeak», Zubeldiak dioenez. Herritarrei dagokie udalei abisua ematea, eta udaleko zerbitzuei, berriz, habiak deuseztatzea. Erlezain elkarteetako kideek ohartarazi dute komeni dela ahalik eta lasterren ematea abisua. «Lehenago harrapatuz gero, askoz errazagoa izaten da habiak deuseztatzea. Liztor bakarra dago normalean, edo oso gutxi, eta hori kentzea oso erraza da. Gero ja zuhaitzean agertzen direnean, gauzak konplikatu egiten dira». Izan ere, udan handiagoak dira habiak, baina arboletan egiten dituzte, eta hostoak erori arte ez dira ikusten maiz. «Abuztutik aurrera hasten dira ikusten, baina erabat garatu arte oso zaila da».
Setoainek dio atzeman dituztela jada batzuk: «Zenbaitzuk ikusiak dituzte jada, eta deseginak izan dira». Bat egin du Zubeldiarekin goiz atzematearen garrantziaz. «Bertzeak biziki zaila da ikustea orain: arbolak hostoekin dira, eta arbola puntetan egiten dituzte. Ez da oraino metodorik horien ikusteko».
Kopurua, egonkortzen
Erlezainek susmo bat daukate: azken urteotan liztor asiarren kopurua egonkortzen ari ote den. «Duela zenbait urtez goiti ari ziren liztorrak, eta orain egonkortu egin dira: ez da gorakadarik. Beraien heinera arribatu ditaizke», dio Setoainek. Zubeldiak ere hala uste du: «Gutxi gorabehera ja egonkortuta bezala dago». Baina ez du uste seinale ona denik. «Ez doa gora, baina behera ezta ere, eta kontua da maila horretan egiten duen kaltea handia dela: lortu beharko genuke gutxitzea». Nafarroako Erlezainen Elkarteko albaitari Eduardo Perez de Obanosek uste du egonkortze hori «baldintza klimatologikoengatik» izan daitekeela. Hark ere nabarmendu du, ordea, kopuru egonkor horren kaltea: «Ez gara iristen habia guztiak kentzera».
Zubeldiak ohartarazi du udaberri ona izaten ari dela aurtengoa, eta horrek arriskua ekar dezakeela. «Eguraldi epela: euri gutxi, besteetan baino lehorrago... Hori erleentzat ona da: indartsu daude. Baina liztorrak ere bai. Eta aurreikusten dut liztor kopuru handiagoa izango dugula, habiak handiagoak izango baitira».
Oro har, erlategi txikiak dira Euskal Herrikoak, eta horrek kaltea areagotzen du, Zubeldiaren ustez: «Liztorraren eragina erlauntz gutxitan handiagoa da». Eta lan handia eskatzen du. «Ez baduzu ezer egiten, erle guztiak gal ditzakezu inolako zailtasunik gabe. Abuztutik aurrera lanean egon behar da, erleari jaten eman behar zaio, zeren ez baita janari bila ateratzen... Horrek guztiak kostuak igotzen ditu, erlategira bisitak, tranpak jarri... Denbora eta gastua». Perez de Obanosek uste du liztor asiarrak erakartzeko feromona bat bilatzea izango dela soluzioa. Zubeldiak ere bai: «Neiker laborategia albaitariekin eta foru aldundiekin-eta ari da ikerketa batzuk egiten, liztorrari pozoia edo tranpa moduko zerbait jartzeko: haragi artifiziala pozoiarekin, habiara eraman eta gero habiakoei jaten ematen dienean denak hil daitezen». Sistema egokia litzateke hori, selektiboa baita: «Bakarrik kalte egiten dio liztorrari». Baina oraindik ez dute lortu halakorik, eta espezie inbaditzailearen presentzia luze doa: «Orain ezin dute ikerketarik egin, ez dutelako liztorrik: abuztuan, irailean eta urrian bakarrik daude. Orduan, probak egiteko epea ere oso laburra da. Urte batean froga bat egiten duzu, ez da ongi ateratzen, eta ja urtebete galdu duzu: hurrengo urtera zoaz. Luze doa». Aurtengoa nolakoa izanen den, ezin jakin.