astekaria 2020/06/05
arrowItzuli

mundua

Frazier anderea Bilboko kaleetan

Martxelo Otamendi

Frazier anderea Bilboko kaleetan Martxelo Otamendi

Ausardia behar da, talde zapaldu bateko kide izateko konbentzimenduak ematen duen indarrarekin batera, AEBetan dagoen giro politikoarekin, George Floyd nola hiltzen ari diren ikusi, bideoa grabatu, zabaldu eta zeuk egin duzula jakinarazteko.

Hori egin zuen aurreko astelehenean Minnesotan Darnella Frazier emakumeak ikusi zuenean polizia zuri batek belauna jarria ziola lepoan Floyd gizon beltzari, itota hiltzeraino. Mundu osoan ikusi da bideo hori. Pentsatuko zuen, seguru asko, arazo handi batean ari zela sartzen, emakume beltza izanda bideoan agertzen den polizia hiltzailearen kideek ez dutela, dena lasaitzen denean, bakean utziko, eta mendea hartuko dutela. Poliziak ez badira, supremazista zuriak.

Deitura bereko Joe boxeolariak askotan egin zuen bezala, indarra ez dagoen tokitik atera eta kalearen erdian gertatzen ari zena grabatu zuen emakumeak. Ez dakigu zer jokabide ofizial hartuko duten poliziak, fiskaltzak eta epaileek Frazier emakumearekin bideoa grabatu eta zabaldu zuelako, baina oso zaila daukate Hego Euskal Herrian indarrean dagoen mozal legearen antzeko baten aitzakiarekin haren aurka jotzea. Eskubideen urraketa nabarmena jasaten ari dira AEBetan, baina espresio eta prentsa askatasunak babesten dituen lehen enmienda ukiezina da, oraingoz.

Inork imajinatzen du AEBetako justiziak herritarren artean poliziaren irudi txarra zabaltzen duela argudiatuta Frazier emakumea zigortzea, bideoa ausarki grabatu eta publiko egiteagatik? Mundu mailako eskandalua litzateke.

Hego Euskal Herrian indarrean dagoen mozal legea eskutan, kondena jasotzeko arriskua edukiko luke emakume horrek bera izan balitz grabatu zuena martxoaren 29an Bilboko San Frantzisko kalean ertzainek ama batekin eta seme batekin eduki zuten jarrera bortitza erakusten zuen bideoa.

Era horretako bideoak grabatzen dituztenen aurka jotzea justifikatu zuen ostegunean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak, Eusko Legebiltzarrean. San Frantzisko kaleko bideoaren kasuan esan zuen justifikatuta zegoela grabatzaileari eta hedatzaileari zigor administratiboak ezartzea edota, larriagoa dena, ikertua izatea.

Nola zuritu zuen erabaki hori sailburuak? San Frantzisko kaleko bideoan gehiegikeria egiten ari ziren ertzainen aurkako irainak entzuten zirela, eta bideo hori zabaltzean irain horiei publizitatea egin ziela hedatzaileak. Bideo hark gertakizun bat, egitate bat, grabatu zuen osorik, irudian eta audioan; kalean une horretan gertatzen ari zen egitate bat, interes publikokoa. Bideoak hartu zuen audioa ikusten ari zenarekin sututa zegoen emakumezko baten irainak, gertatzen ari zen errealitatearen zati bereizezina zen. Gertatu zen guztia hartu zuen bideoak: ertzainen gehiegikeria eta emakumearen irainak. Eta osorik zabaldu behar zen, egiari zor.

Berehala ikusi zen bezala, interes handia sortu zuen bideoak, eta sare sozialetan eta komunikabide tradizional guztietan eman genuen, EITBko telebistak eta irratiak tartean. Adierazgarria da ikustea Barne Sailak ez duela jo bideoa eman genuen komunikabide serioen aurka. Ez al ginen, bada, gu denok izan irain horien hedatzaile?

Jaurlaritza benetan kezkatzen duena ez da irainak entzun zirela bideoan, baizik eta bideoa grabatzeari esker, indargabetuta geratu zela poliziek askotan haien gehiegikeriak estaltzeko erabiltzen duten egiazkotasun printzipioaren amarrua. Alegia, lekukorik ezean, poliziaren bertsioa nagusitzen da. Horrela izan da historikoki, telefono mugikorrak ugaldu diren arte. Eredugarria izan nahi duen gobernu batek ezin du jo interes publikoa daukaten egitateak grabatu eta banatzen dituenaren aurka.

Poliziaren irudi txarra, poliziaren gehiegikeriazko ekintzek zabaltzen dute, ezinezkoa delako zuzen eta proportzioz diharduen poliziaren irudi kaltegarria grabatu eta zabaltzea.

Frazier anderea, inoiz Bilbora bazatoz, utzi mugikorra hotelean.

BERRIAn argitaratua (2020/06/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA