astekaria 2020/06/05
arrowItzuli

iritzia

Endorfinak eta enbor finak

Nerea Ibarzabal Salegi, Mariñe Arbeo Astigarraga

Endorfinak eta enbor finak

Jasangarriagoa zitzaion bere burua lehen, joan-etorrika bizi zenean. Aitzakia bat zeukan, gutxienez, gauzei zuzenean ez begiratzeko. Baina isolamenduak gardenegi erakutsi dio Estherri berak uste baino pertsona ahulagoa dela, eta bistaratu dizkio barruko mamuak eta mozolo begi handiak, eta bere buruari jartzen dizkion tranpa guztiak.

Kirolean gotortu da, kontrol sentsazioa ematen dion gauza bakarra delako, ziurrenik; tarte batez burutik gorputzera jaisten da horrela, orainaldira, heliozko pentsamenduetatik izerdi eta arnasestu benetakoetara. Egin du zunba egongelan, aerobik sukaldean, korrika bidegorrian eta lo ohean, ohi baino gusturago, mugitzeak eragindako nekeari esker. Nor eta Esther, kirola egiten! Fisikoki ahaldunduago sentitzen da, gazteago, eta endorfinak arduratzen dira orain bere galdera ikurrak estaltzeaz, lehengo joan-etorrien faltan.

Baina, bat-batean, albiste bat entzun du bizikleta estatikoan jo eta ke dabilela, edo lehenago izan da, gosaritan, gaileta kopuru ohi baino txikiagoa jaten ari zenean, edo beharbada kaletik zihoala, zabaldu gabeko denden erakusleihoetan bere hankei begiratu dien unean, ziurtatzeko ea benetan gihartsuagoak diren orain. Albisteak dio aurtengo udan hondartzetako jende kopurua mugatu egingo dutela; ezingo dira, hortaz, ohiko planak egin lagunekin edo familian, eta edozein une aspertutan erabaki Karraspion bainu bat hartzea, edo Lagan paseatzea, bikinia soinean. Abentura neketsuegia bilakatuko da hori. Bestelako bainuak asmatu beharko dira, biluzteko modu berriak: igerilekuren bat erosi Leroy Merlinen, eta baserrian bizi den lagunarenera joan arratsaldero. Eta pentsatzen diharduela, galdera bat kiribildu zaio mokorretan, eta bere berna gurietan, eta abdominal minberatuetan; galdera bat, begian sartutako orratz bat dena, galdera bat baino gehiago: «Jende askoren aurrean biluzi beharrik ez baduzu, norentzat ari zara, orduan, hainbeste kirol egiten?».

Sumindu egin da. «Baina, baina... norentzat ariko naiz, ba? Neuretzat!», erantzun du segituan berekiko, galdera zatar hori uxatu nahirik, mandeuli bat balitz lez. Youtubeko entrenatzaileak ere horixe esaten dio, hain irribarretsu: «Ahalegin hau zuretzako baino ez da, zeure ongizateagatik».

Nerabezaroaz geroztik ez zaizkio hondartzak askorik gustatu izan, are gutxiago ezagunez beteta daudenak, non kuadrillaka eta herrika banatzen diren metro karratuak; beti zerbait estaltzen ibili beharraren kezkak zapuzten dio biluztasunak dakarren askatasuna. Baina aurtengorako bazeukan gogoa.

«Aurten lekutxo bat aurkitu duzulako zure toallarentzat, normatik gertuago?». Esther are gehiago haserretu da hori entzunda. Gogorra litzateke hori onartzea; bera ez zen hasi kirola egiten martxoan horregatik. Edo bai? Agian bai, agian bere kirola ere, ustez gorputza ezagutzeko eta orekatzeko momentu eder hori, zorneak hartuta dago, beste arlo guztiak bezala, eta barru-barruan ez du beste helbururik izan bere baitako lodifoboari men egitea baino. Orain ere, berriz ere.

Pentsamenduok isilarazten saiatu da. Egon behar du kirola bizitzeko modu sano bat, ez zaiona obsesio bilakatuko. «Zuk uste, Esther?». Ez daki erantzuten. Egia da berak, bere inguruko emakume gehienek bezala, ez duela inoiz bizi izan kirola dibertsioz, edo aisialdiko ekintza gisara, edo taldean, edo gorputza bizitzarako tresna eraginkor bihurtzeko helburuz. Dena izan da bakarka, neurrian, edo bestela ezer ez, bestela urrunetik begiratzea baino ez, kontraesanezko sentsazioz gainezka.

Iluntzea heldu da, eta egongelaren erdian etzanda dago, luzaketak egiten 45 minutuko aerobik saioaren ondotik. Esfortzuak eragindako puntutxo zuriak ikusten ditu betazalen azpian. Badator arnasa bere onera, badoaz giharrak odola askatzen. Baina gorputz nasai horren barrualdean, Esther oso esna dago. Asmatu nahirik dabil nondik datorkion bake hau, zer mintzek, zer guruinek eragiten dion baretasuna zehazki; zenbateraino diren endorfinak, eta zenbateraino den nonbaiten kabitzearen plazera barrua lasaitzen diona... eta bietan zerk sortzen duen mendekotasun handiagoa.

BERRIAn argitaratua (2020/05/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA