gizartea
JUAN LUIS IBARRA
«Oraindik paperean lan egiten harrapatu gaitu pandemiak»
Gotzon Hermosilla
Espainiako Gobernuak esan du alarma egoera dela pandemiari aurre egiteko tresna bakarra. Hala da?
Legeak baditu hiru tresna nagusi: alarma egoera, osasun publikoari buruzko legeria eta larrialdi eta hondamendiei erantzuteko babes zibilari buruzkoa. Hiru esparru horietan egon daitezke erantzunak, baina nik uste dut 11 aste hauek erakutsi dutela alarma egoera ezartzea eraginkorra izan dela: izurriaren joera aldarazi ez ezik, herritarren jokabidean ere eragina izan du, hasierako hertsatzetik norberaren erantzukizunera pasatuz. Gainera, beste bi esparruetan, eskumenak autonomia erkidegoen artean banaturik daude, eta ez zegoen bermaturik norabide bakarra ezartzea.
Edonola ere, orain beste egoera batean gaude, eta seguru asko beste bide horiek jorratzeko garaia da, osasun publikoarena bereziki.
Alarma egoera urratzeagatik milioi bat salaketa jarri dituzte; Hego Euskal Herrian, 50.000 baino gehiago, duela bi asteko datuen arabera. Ez dira asko?
Dudarik gabe, ez datorrelako bat herritarren pertzepzioarekin: herritarrok ez dugu ikusten ia milioi bat lagun ari direnik segurtasuna urratzen. Seguru asko, salaketa horiek arau hausteei dagozkie, baina araua hausteak ez du esan nahi zigortzeko moduko okerra egin denik; behintzat, hauste horretan tematzea edo desobedientzia ez badago. Salaketa eta zigorra desberdindu behar dira. Beharbada, horrenbeste salaketa jarri izanak erakusten du, irizpide gisa, hertsatzea nagusitu zaiola pertsuasioari, baina oso txarra litzateke horren ondorioz beste horrenbeste isun jartzea.
Azken asteetan eztabaida juridiko bat egon da, eta horretan aski argi gelditu da konfinamendua urratze hutsak ez lukeela ekarri behar Herritarren Segurtasunerako Legean ezarritako zigor bat, alarma egoera arautzeko dekretuetan ez baita egon urratze eta zigorren inguruko aurreikuspenik.
Bilboko epaile dekano Aner Uriartek BERRIAri adierazi zion kezkatuta zegoela jardueraren eteteak justizia administrazioari ekarriko zion kalteaz, eta «kolapsoaz» ere hitz egin zuen.
Kolapsoa gerta liteke beharrezko neurriak hartuko ez bagenitu. Orotara, 20.000 auzibide inguru atzeratu dira EAEn hiru hilabete hauetan. Orain, jarduera berriro jarri behar dugu abian, eta bertan behera utzitako epaiketa horiek guztiak berreskuratu, baina gakoa da neurrian asmatzea. Oso azkar joaten bagara, kutsatzeak eragiteko arriskua dugu; martxoan, adibidez, kutsatze iturri garrantzitsu bat detektatu genuen Barakaldoko epaitegian (Bizkaia). Hori galarazi behar da.
Eta zein izan daiteke neurri egoki hori?
Badakigu epaiketak goizez eta arratsaldez egin beharko ditugula; gutxi gorabehera, %70 goizez, eta %30 arratsaldez. Plangintza bat egin dugu ekain-uztailetarako. Horri jarraitzen bagatzaizkio, ez dugu kolapsorik izango. Baina atzerapenak egongo dira, noski. Orain, gure estandarra da sei hilabeteko epean erantzutea, eta datozen bizpahiru urteetan, erantzuteko behar dugun denbora hori luzatu egingo da.
Egoera honek gabeziak azaleratu ditu?
Bai, eta nabarmenena, azpiegitura informatikoari dagokiona. Duela zortzi urte erabaki genuen justizia administrazioak euskarri elektronikoekin lan egin behar zuela, baina pandemiak harrapatu gaitu oraindik paperean lan egiten. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan EAEko justizia administrazioa lehen lerroan egon zen arlo informatikoan, eta orain azkenetakoak gara.
Hiru arlo jorratu nahi ditugu: telelana, epaiketa telematikoak egiteko aukera, eta txosten judizial informatikoa. Gauza bagara hiru arlo horiek garatzeko, dudarik gabe, arituko gara kultura prozesal berria sortzen; baina ezin dugu ahaztu hori guztia bermeekin egin behar dela. Oso ondo dago epaiketa bat Europako hiru hiriburutan aldi berean egin ahal izatea, baina epaiketak publikoak izatea, defentsa eskubidea eta antzeko printzipioak bermatzen jarraitu behar dugu.
Hauteskunde Batzordeko burua ere bazara. Ba al dago berme nahikorik Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak uztailean egiteko?
Pandemia egoera batek, berez, zalantzak dauzka. Baina ardatzak argi eduki behar ditugu, eta ardatz nagusia da hautatzeko eta hautatua izateko eskubidean berdintasuna bermatzea. Pandemia garaian hauteskundeak egin daitezke? Bai; pandemiaren hasieran Israelen eta Frantzian bozak egin izanak frogatzen du hori. Arazoak sortzen dituela? Dudarik gabe. Baina horrek ez du esan nahi beste egoerara joan behar dugunik, hau da, legealdiaren amaierara iristea eta bozak egin gabe egotea, horrek oso abagune konplikatua ekarriko lukeelako, orain arte ezagutu gabea.
Nire ustez, gakoa da berdintasuna: egoeraren zailtasunak berdin eragiten badie bozetara aurkezten diren alderdi guztiei, emaitza zilegizkoa izango da. Zilegitasuna ezbaian jarriko litzateke egoerak batzuei kalte eta beste batzuei onura ekarriko balie.
Espainian polemika handia dago epaile batek abian jarritako ikerketa dela eta, ebazteko ea Espainiako Gobernuak erantzukizunik ba ote duen Martxoaren 8ko manifestazioak baimentzeagatik. Zuk zer iritzi duzu?
Epailearen lanaz, noski, ez dut iritzirik emango. Gobernuaren jokabideaz, zuzenbidearen ikuspegitik, frogatu beharko litzateke bi gertaera horien artean harreman zuzena dagoela, hau da, manifestazio horiek baimentzeak kutsatzeen areagotzea ekarri duela, eta, beste alde batetik, erabaki hori hartu dutenak errudunak direla jakinaren gainean aritu zirelako. Praktikan ez dut uste inora joango denik.