astekaria 2020/06/05
arrowItzuli

kirola

ANGEL VILLACAMPA

«Taldearen hazkundea ikusita, baikor naiz datorren sasoirako»

Ainara Arratibel Gascon

«Taldearen hazkundea ikusita, baikor naiz datorren sasoirako»

Angel Villacampak (Toledo, Espainia, 1976) lehen denboraldia egin du Athleticen aulkian. «Lezama eskola handia da. Hona iristen zarenean are gehiago konturatzen zara kluba zein handia den».

Entrenatzera bueltatuko zarete. Zein da helburua?

Gaur [herenegun] testak egin ditugu, eta asmoa da astelehenean Lezaman entrenatzen hastea. Hiru astez arituko gara lanean. Oraindik ez dakigu noiz hasiko den hurrengo denboraldia, irailean edo urrian. Ondorioz, ezin dugu zehaztu ezta ere, noiz hasiko dugun denboraldi-aurrea. Baina orain egingo dugun lanaren helburua da hurrengo denboraldia ahalik eta baldintza eta berme onenekin hastea.

Jokalariek gustura hartuko dute Lezamara bueltatzea, ezta?

Bai, bai. Azken batean futbola gustatzen zaigu gehien. Berriro ere futbolari sentitzea nahi dugu: taldekideekin egon, zelaian baloia ukitu... Sasoia aho zapore horrekin amaitzea nahi dugu. Gainera, klubak asko lagundu digu itxialdian, eta hori eskertzeko modu bat ere bada.

Nolako entrenamenduak egingo dituzue?

Osasun zerbitzuek ezarritako protokoloaren arabera egingo dugu lan. Gizonezkoen lehen taldeak bete duenaren parekoa izango da. Lehen egunetan bakarka eta oso talde txikitan entrenatuko gara, eta horren arabera antolatuko dugu lana. Zerbait berria da, eta ikusiko dugu. Baina, helburua da azken astean entrenamendu normalak egin ahal izatea.

Zein sasoitan iritsiko dira jokalariak?

Itxialdian prestatzaile fisikoarekin lanean ibili dira. Helburua izan da sasoi fisikoari ahalik eta gehien eustea. Baina orain zelaian hasiko dira lanean, eta baloiarekin. Kontuz ibili beharko dugu gainkargekin eta abar.

Zein sentipen eragiten dizu zuek ezin liga amaitzeak eta gizonezkoak lehiari berriz ekitear daudela ikusteak?

Gure liga bertan behera uztea ez da erabaki erraza izan. Guregatik izan balitz, jokatu egingo genukeen. Baina [Espainiako] federazioaren esku zegoen erabakia. Etena gertatu zenean taldea sasoiko garairik onenean zegoen, eta horrek ematen dit penarik handiena. Kopako finalerdiak jokatzekotan ginen. Gainera, zazpi partida generamatzan galdu gabe. Ligan, Espanyolen aurkako azken partida berdindu izan ez bagenu, laugarren egongo ginen, eta 24 puntu zeuden oraindik jokoan.

Azken urteetan berdintasunaren bidean egin diren urratsetan atzera egin daiteke pandemiaren ondorioen eraginez?

Uste dut ezetz, eman diren aurrerapausoak nahiko sendoak izan direlako, eta zail ikusten dudalako atzera egitea.

Zein nota jarriko zenioke taldeak egin duen denboraldiari? Eta zure lanari?

Nahiz eta beti dagoen zer hobetua, bikain bat jarriko nioke taldeak egindako denboraldiari. Jokalariak gai izan ziren denboraldi hasieran izandako gorabeherei buelta emateko. Denbora behar izan genuen elkar ulertzeko eta egokitzeko. Behin hori lortuta, jokalariek beren onena eman dute. Oso harro nago egin duten lanarekin, nahi genituen ezaugarriak eta nortasuna lortu baititu taldeak. Azkenerako, aurkariek gauza asko egin behar zituzten ondo gu mendean hartzeko. Nire lanari, berriz, nahiago dut notarik ez jarri. Baina nire bilakaera ere taldearenaren antzekoa izan da. Behetik gora joan gara. Taldeak hazkunde handia izan du, eta baikor naiz datorren sasoiari begira.

Zein izan da hazkunde horretarako gakoa?

Nik uste dut aipatutako elkar ulertze eta egokitzapen horretan egon dela gakoa. Horrek oreka bat eman digu. Sistema desberdinak probatu ditugu, eta taldea haziz joan da aurre egin behar izan dien egoeretatik abiatuta. Datorren sasoiari begira ez dugu egokitzapen hori beharko, eta iruditzen zait horrek asko lagunduko digula.

Hasieran zenituen asmoetatik gauza asko aldatu behar izan dituzu denboraldian zehar?

Ez naiz gauzak aldatzeko oso zalea,baina, taldea eta jokalariak ezagutuz joan ahala, egokitzapen txikiak egin ditut. Txapelketak berak moldaketa horiek egitera eramaten zaitu.

Zer ikasi duzu aurten?

Gaizka Garitano, Joseba Etxeberria, Patxi Salinas, Iraia Iturregi... Entrenatzaile eskola handi bat da Lezama. Luxu bat da hainbeste erakusten dizuten jendearen alboan egotea. Batez ere, Athleticen ohikoa den joko zuzen eta bizkor horretan gehiago sakondu dut. Hemen zaleek jokatzeko era hori dute gustuko, eta ni ere horren aldekoa naiz.

Datorren denboraldiari begira gauza asko aldatu nahi dituzu lan egiteko moduan?

Asko ez. Baina zorte handia dut nire inguruan dudan entrenatzaile taldea oso profesionala delako, eta beti dagoelako zertan hobetu daitekeen begira. Izan ere, sasoi honetan behin eta berriz errepikatu dudan moduan, berdintasuna eta lehiakortasuna gero eta handiagoak dira. Taldeak gero eta gehiago indartzen dira, eta horrek behartzen gaitu etengabe hobetzera.

Koronabirusak ekarriko duen krisi ekonomikoa tarteko, uste duzu aurkariek zailtasun gehiago izango dituztela merkatuan mugitzeko?

Gai horren inguruan zuhurtziaz hitz egingo nuke. Izan ere, ez dut uste goi mailako jokalariak Espainiako Ligara etortzeari utziko diotenik.

Azken asteetan zabaldu da Real Madrilera joango zinela. Baina, azkenean, kontratua berritu duzu Athleticekin. Real Madrilera joateko aukera benetakoa izan al da?

Garrantzitsuena da hemen segitzen dudala, kontratua berritu dudala, eta klubari emandako hitza bete dudala. Oso pozik nago hemen segitzeagatik. Klubaren filosofiarekin eta balioekin oso identifikatuta sentitzen naiz. Zurrumurruak futbolaren parte dira, eta naturaltasunez hartu behar dira.

Zaila izan da kontratua berritzeko prozesua?

Etenaren aurretik hitz egiten ari ginen, eta sinadura pandemiagatik atzeratu da. Prozesua ez da zaila izan.

Damaris Egurrolak eta Maite Orozek segitzen ez badute, baduzue buruan nortzuk izan daitezkeen ordezkoak?

Ez dut haiekin hitz egin, eta hedabideetan haien inguruan atera dena baino ez dakit. Guk ilusioa dugu hemen jarrai dezaten, funtsezko jokalariak direlako guretzat. Hortik harago, gure indarra ez dago jokalari jakin batzuetan bakarrik, baizik eta taldean. Valdezateren, Oihaneren eta Ane Azkonaren gaztetasuna, Nekaneren, Erikaren, Vanesa Gimberten eta Garaziren eskarmentua eta izaera lehiakorra, Morazaren erregulartasuna, Unzueren oreka, Luciaren lidergoa... Horren guztiaren nahasketa da taldea.

Gazteek halako aurrerapauso bat ematea espero al zenuen?

Niretzat ezustea izan da. Baina ederra da. Guk ez diegu ezer oparitu, eta egin duten lanagatik lortu dute jokalari garrantzitsuak egitea. Hemendik aurrera izango duten erronka da hazten segitzea, oraindik ere badutelako modua horretarako.

Datorren denboraldian Lehen Mailako taldera igoko dituzun jokalariak zeintzuk diren pentsatua al duzu?

Egun hauetan gurekin entrenatuko dira bigarren taldeko hainbat jokalari: Naroa, Nerea Nevado, Bibiane... Uste handia dugu haiengan, eta Lehen Mailako taldearen entrenamenduetara egokitzea nahi dugu. Gero, ikusiko dugu.

Bigarren taldeko beste jokalari bat zeresana ematen ari da: Amaiur Sarriegi. Zurrumurruek diote Realera joan daitekeela. Kolpea litzateke hori?

Ez dakit zein den haren asmoa. Guk segitzea nahiko genuke, eta datozen egunetan ikusiko dugu zer pasatzen den. Baina argi dago klub honetan egon nahi dutenak daudela.

Gazte horien entrenatzailea Iraia Iturregi izan da. Zure ustez, etorkizunean lehen taldeko entrenatzaile izan daiteke?

Eguneroko harremana dugu, eta ziur nago egunen batean lehen taldeko entrenatzailea izango dela. Bigarren Mailako txapeldun izatea ez da erraza. Urrats sendoak egiten ari da prestakuntzan, eta duen balioa erakusten. Izan ere, guk ere ez dizkiogu gauzak erraz jartzen, lehen taldera jokalariak igoz. Baina beti topatu ditu irtenbideak ondo lehiatzen segitzeko.

Ainhoa Tirapuk erretiroa hartzea espero zenuen?

Ez nuen espero. Gorabeheraz betetako denboraldia izan du lesioengatik, baina beti dena eman du, eta haren jarrera eredugarria izan da. Pena ematen digu zelaian ezin izan duela agur esan, eta klubean ikur izan den jokalari batek beste zerbait merezi zuen. Baina aurkituko dugu modua behar bezala agurtzeko.

Gimbertek ere erretiroa hartzea kolpea litzateke, ezta?

Haren esku dago erabakia, eta errespetu osoz hartuko dugu. Izan ere, Ainhoa eta Vanessa bezalako jokalariak hain dira lehiakorrak, eta klubarekin halako konpromisoa dute, ez diela balio %80an egotea. Sasoi betean egon behar dute. Baina gu bultzaka ari gara jarrai dezan, ilusio hori dugula. Nahiz eta azken hitza berak duen.

Tirapuren lekua betetzeko Amaia Peña atezaina fitxatu berri duzue. Zer emango dizue?

AEBetan egiten ari zen lana ikusten ari ginen. Fisikoki oso indartsua da, eta goiko baloietan ahalmen handia du. 21 urte ditu, eta uste dugu ikasteko eta hobetzeko tarte handia duen atezaina dela. Gogo handiz dator.

Fitxaketa gehiago egitea espero duzue?

Joseba eta biok ez gara bildu horren inguruan hitz egiteko. Baina ditugun jokalariekin are oreka handiago bat bilatu nahi dugu, gol gutxiago jasotzeko, eta hortik abiatuta gehiago egiteko. Hazten segitu nahi dugu, eta horren arabera hartuko ditugu erabakiak.

BERRIAn argitaratua (2020/05/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA