astekaria 2016/03/02
arrowItzuli

politika

Hautagai izateko bidean

Iñaki Petxarroman

Hautagai izateko bidean

Ez Sortuk eta ez Bilduk ez dute argitu zer rol jokatuko duen Arnaldo Otegik hurrengo hilabeteetan euskal politikan. Espetxetik irten berritan, larunbatean Donostiako Belodromoan egingo den ekitaldian izango du lehen agerraldi politiko zabala, espetxean igaro duen bolada luzearen ostean, baina jadanik argitara atera dira zertzelada batzuk haren etorkizuneko asmoen inguruan.

Argitzeko zalantza nagusia hauxe da: aurkeztuko al da EH Bilduko lehendakarigai moduan udazkeneko hauteskunde autonomikoetan? Aukera handia dago hala izan dadin, eta Otegik berak The New York Times AEBetako kazetari adierazi dio Eusko Legebiltzarrerako hautagaia aukeratzeko EH Bilduren barne prozesuan aurkeztuko duela bere burua. Atzo, Logroñoko espetxetik irten berritan ere keinu bat egin zion gai horri, HBren aspaldiko lelo bat ahoan hartuta: «Lehendakaririk onena, herria», adierazi zuen.

Sortuk eta EH Bilduk, baina, tentu handiz hartu nahi dute gaia, eta, oraingoz ez dute zalantza hori argitu nahi. Izan ere, alderdietako iturriek nabarmendu dute oraindik ez dutela Otegirekin hitz egin lasai eta modu ofizialean. Edonola ere, argi daukate hautagai ezin hobea litzatekeela. «Haren ezaugarri politikoak oso egokiak dira, eta ahalmena dauka Bilduren siglek ordezkatzen duten soziologia horretatik harago iristeko».

Ezker abertzaleko buruzagi karismatikoak zer gogo eta borondate duen ez ezik EH Bilduko oinarri militanteak zer iritzi duen ere jakin beharrekoa dela gogoratu dute iturri horiek. «Gauza bat edo bestea dela, haren profil politikoa ikusita, garbi dago EH Bildun lan egiteko atea irekia izango duela», nabarmendu dute.

Belodromoko ekitaldiaren ostean, ezker abertzaleko bozeramaile ohiak opor batzuk hartuko ditu, eta ondoren hasiko da politikari lanean berriro; lehendakarigai izan edo ez, inor gutxik jartzen baitu zalantzan politikan jarraituko duela.

Lehendakaritzarako hautagai ezin hobea izango litzatekeela adierazi dute azken hilabeteotan ezker abertzaleko eta EH Bilduko hainbat buruzagik. Adibidez, Hasier Arraiz Sortuko presidenteak Espainiako SER irrati kateari esan zion «oso hautagai ona» litzatekeela, baina militanteek erabakiko dutela horren inguruan. Pernando Barrenak ere ideia bera azpimarratu zuen beste elkarrizketa batean: «Haren itzal politikoa eta eragina ezker subiranistatik harago doa, eta zenbaitetan beste aukera politiko batzuei botoa eman dieten milaka lagun erakar ditzake».

Horretarako, baina, etorkizuneko apustua dela frogatu beharko du Otegik. Inor gutxik jarriko du zalantzan zer rol jokatu duen iraganean eta nolako ausardia politikoa erakutsi duen, besteak beste, ezker abertzalea ziklo politiko-militarretik aldentzeko. Baina batzuek —bereziki haren arerio politikoek— iraganeko hautagaia dela egotziko diote Otegiri, eta hark zama horri aurre egin beharko dio. Horrez gain, kartzelan sei urte eta erdi egon ostean, ezagutzen ez duten boto-emaile gazteak erakartzeko gaitasuna ere erakutsi beharko du.

Sortutik kanpo, Aralarrek eta EAk ere jendaurrean aitortu dute ondo ikusiko luketela Otegi EH Bildu koalizioaren hautagai moduan. Esate baterako, Pello Urizar EAko lehendakariak Onda Vasca irrati kateari berriki adierazi dio Otegi hautagaia izango dela, EH Bilduko oinarriek hala erabakitzen badute. Aldi berean, gaineratu du fase berriaren protagonistetako bat izango dela.

Duela gutxi emandako ebazpenean Auzitegi Nazionalak ebatzi du Arnaldo Otegik inhabilitazio zigorra daukala 2021era arte. Alabaina, preso ohiaren abokatuek eta EH Bilduk argi daukate hori ez dela traba bat izango hautagai izateko, ebazpen horrek ez duelako zehazten zer kargutarako dagoen ezinduta. Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidearen kasu bera dela gaineratu dute.

«Ohore bat»

The New York Times-i bere asmoak azaldu aurretik, hautagaitzaz aritu denean, Otegik ez du aterik itxi lehendakarigaia izateko. Besteak beste, La Directa aldizkari katalanak iazko urrian egin zion elkarrizketan horri buruz galdetu zion, eta honela erantzun zuen buruzagi independentistak: «Ziurtatzen dizut nire pozik handiena, nire harrotasunik gorena dela jakitea estatuan gaitzespen handiena sortuko lukeen lehendakarigaia izango nintzatekeela. Estatuak hori galarazteko ahal dituen neurri guztiak hartuko dituela jakitea ohore bat da independentista batentzat. Eta ohore hori nahikoa sari da niretzat».

Otegik zer-nolako irismen gaitasuna eta karisma duen jakinda, zaila dirudi EH Bilduko oinarriek ez onartzea lehendakarigai moduan.

Nolanahi ere, ikusteko dago nola eragingo duen Otegiren parte hartzeak euskal politikan azken hilabeteotan izandako aldaketa handian. Izan ere, ematen du inoiz baino lehia estuagoa izango dela bozetan EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu-ren artean. Eta, gainera, lehen aldiz, hipotesi batzuek bideragarritzat jotzen dute EAJrik gabeko Eusko Jaurlaritza bat osatzeko aukera izatea, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k elkarren eskua hartuta.

BERRIAn argitaratua (2016/03/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA