kultura
Gerra kontatzea gerrarik gabe
Itziar Ugarte Irizar
XIX. mendearen amaiera da, hirugarren karlistaldiaren aroa bada hori bigarren gerra karlistatzat hartzen duenik, baina editoreak eta idazleak argitu dute «euren imajinarioan» hiru izan direla beti; edonola ere, egileak ez du halakorik zehaztu eleberrian—. Vincent antzerkilari frantsesak, protagonista eta narratzailea bera, militar karlista batzuen bisita jasoko du, eta harekin enkargu bat: antzerki obra bat sortzea gerran ari diren militar karlistak adoretzeko. Ildoa ere markatuko diote: Joana Arcekoa sartzea obran, Karlos VII. aren alde agertuz. Hor abiatuko da eleberriaren muineko gaia, «mito faustikoa». Lertxundi: «Faustok jakituriagatik saltzen du arima, mundua ulertzen saiatzeko aukeragatik. Baina, modernitatean tipikoa zenez, Vincentek dirua jartzen du bere gose artistikoaren gainetik, arima artistikoa galtzeraino». Mito haren beste elementu bat ere agertzen da nobelan: arima saldu izanaren damua. «Une batean ikusten du zer astakeria egin duen; bizitza zentzuz betetzen zionari traizio egin diola diruagatik. Diru zikinagatik, gainera: behartu egin baitute testua propaganda belikoaren zerbitzura jartzera». Pertsonaiak bere buruarekin duen borroka hori da, hain justu, argumentuaren harietako bat, eta Lertxundiri «interes handia» eragin diona.
Bere aurreko lanen aldean, irakurketa moraletan gutxiago sakondu duela eta oraingoan Lertxundi norbanakoen hautuen «testuinguruaz eta kausaz» gehiago aritu dela iruditu zaio Gimenezi. Baina idazleak erantsi du literatura eta nobelagintza, halabeharrez, «beti» direla moralak, «baita morala ukitzen ez denean ere, ukitzen ez delako». Eleberrian paradoxa ugari topatu dituela ere aurreratu du editoreak; apaiza izatea, esaterako, «duintasunaren ikuspegi berri bat» erakutsiko diona Vincent laikoari. Eta, hain justu, liburua amaitu eta zuzenketekin ari zela gehien harritu zuena apaizaren pertsonaia izan zela aitortu du idazleak: «Nola ateratzen zitzaidan topiko guztietatik: kontrasteak bilatzen dituen apaiz bat da, gerraz pentsatzen duena terreno batean zein bestean egon gabe».
Botereaz aritzean ere ezohiko ikuspuntutik egin duela iruditu zaio Gimenezi, boterea «fatalitate gisa» bizi dutenen begiradatik. Eta idazleak zehaztu:«Botereaz jardutean, beti pentsatzen dugu gugandik kanpo dagoela, eta gu haren biktima garela. Baina den-denok gara boteredun, nor bere esparruan. Besterik da botere horrekin zer egiten den».
Hizkuntza ere protagonista
Hizkuntza narratiboa XIX. mendeko gertaeretara eta orduko hiztunengana egokitu behar izan du idazleak. Eta ez du kasualitatez hautatu narratzaile frantsesa: «Haren burutazioak eta esaten dituenak euskaraz irakurtzen ditugu, baina badakigu frantsesa dela eta originalean frantsesez pentsatu eta esandakoak direla. Ahots batu bat hartzen du frantsesak hor, eta bide eman dit sinesgarritasun linguistikoarekin beste modu batera jokatzeko». Baina hark, Vincentek, idazten duen obra gaztelaniaz ematen da euskaldunen aurrean, eta une batean kezka sortzen zaie zer jasotzera helduko den publiko hura. «Antzerkiaren miraria hor dago, baina euskara sartzea ere pentsatzen dute: kolorea emateko. Bertan dagoen estrategia linguistikoa kontatzen ari naizen istorioaren zerbitzuan dago; hizkuntza ere, neurri batean, bada liburuko protagonista. Hizkuntzaren trataera ere pertsonaia bihurtzea, hori apasionantea iruditzen zait».
Giro guztiz maskulinoa sortu du eleberrian Lertxundik. Ez da agertzen emakumerik, bat baino ez: Joana Arcekoa, eta antzerki obrako protagonista moduan. Sinbolo bat delako hautatu du: «Bai eskuinak eta bai ezkerrak erreibindikatzen dute Frantziako sinbolotzat. Pertsonaia konfliktibo bat da, baina denak elkartzen ditu, nazioak behar duelako bere konstrukturako, bere izaerak koherentzia izan dezan». Haren garaikide eta hari leial izan zen Gilles de Rais eraman du izenburura idazleak, historia liburuek «mariskal pedofilo» gisa gogoratzen dutena. «Baina izan zitekeen beste bat», argitu du Lertxundik. «Ez da hitz egiten hari buruz ez bada in absentia-n, antzerki obraren inguruan. Nobela ez da sartzen haren istorioan». Manipulazioaren haria garatzeko baliatu du haren figura idazleak: «Gilles de Rais inportantea da militarrentzat eta Vincententzat; antzerkiaren bilakabidean bakoitzak bere erara baliatuko dute figura, haren alde edo kontra egiteko: manipulazio baten biktima edo arrazoia da».
Intuizioari segika
Duela 25 urte ipuina argitaratu zuenetik geratu zitzaion intuizioa Lertxundiri bazuela testu hark gerora garatzeko beste indar. Duela gutxi ikusi zituen aukera eta denbora horretarako, eta lanean jarri eta egun gutxira uxatu zitzaizkion dudak: «Intuitzen nuen hura ikusten hasi nintzen: kontatu behar nuela gerra bat gerra kontatu gabe». Horregatik ez du sartu eszena beliko bakar bat ere eleberrian, ezta toki eta pertsonaia jakinen erreferentzia zehatzik ere, Karlos VII.aren salbuespenarekin. «Gerra karlistez ari naiz, baina berdin-berdin balio du kokatzeko, demagun, eszenario bosniar batean, edo Alpeetan». Unibertsaltasunaren alde egitea hautatu baitu: «Konkrezio faltak ekartzen du beste konkrezio batzuk bilatzea, unibertsalagoak direnak. Gerra konkretu bat kontatzeak ez du ekartzen gerra konkretu bat kontatzea besterik. Baina hori ere aukera bat da».
Aurreko astean Juan Kruz Igerabiderekin hasitako bidetik, eta garaiotan liburugintzari bultzada emateko, Lertxundiren lan berriaren bertsio digitala erdi prezioan salduko du argitaletxeak bere webgunean, soilik gaurko egunez.