kirola
ALEX MUMBRU
«Zuhurtziaz goaz Europan jokatzera, gure bidetik atera gabe»
Aitor Manterola
Jokatuko da ACB liga orain?
Gustatuko litzaidake betiko normaltasunera itzultzea, merkatari txikiek irekitzea, jendeak erostea, herritarrak lasai terrazetan garagardoa edatea eta abar. Baina orain ez dakigu zer gertatuko den. Kirolak ohikora itzultzea ona litzateke, baina garbi eduki behar dugu lehentasuna gizarte osoaren osasuna dela, eta ea nola kudeatzen dugun hori guztia.
Jokatzen bada, zer iruditzen zaizu ACBk aukeratutako formatua?
Ohiko moduan izatea zoragarria litzateke, baina gustatzen zait formatua, Koparen itxura duelako, eta zaleentzat erakargarria litzateke formatu berria. Baina jokalarientzat partida asko lirateke, eta horrek sekulako nekea eragingo lieke. Etxean egon dira mugitu ezinda, eta oraingo prestaketa denboraldi-aurre bat da, baina denboraldian, oso gogorra.
Txapeldunen Ligan jokatzeko aukera irabazi duzue sasoi honetan, eta Europan ariko zarete datorren denboraldian.
Denboraldi ona egiten ari ginen, eta lan horrek emandako saria da. Polita da Europara itzultzea, Bilbo eta Bizkaia kontinentean zehar erakustea. Baina zuhurtzia guztiarekin goaz, badakigulako zer garen eta nondik gatozen eta nora goazen. Gauzak ondo egiten ari gara, eta horrek guztiak lasaitasuna ematen digu.
Euroligan jokatu zenuen Bilbo Basketekin, Eurocupeko finala ere bai , eta zer da Europan lehiatzea?
Eurocupeko finala jokatu genuenean edo Euroligan aritu ginenean, oraingoen aldean beste egoera batzuk ziren, eta talde haiek baziren horrelako lehiaketak jokatzeko egindakoak. Oraingoa beste zerbait da, beste helburu batzuk dauzka, eta denboraldi hau oso ona ari ginen egiten. Ea gai garen umiltasun berarekin jarraituz datorren sasoian ere partidak irabazteko, ondo jokatuz.
Txapeldunen Liga oraingo Bilbo Basketen neurrira egindako txapelketa da?
Ez dakit ez ote den gure neurria baino handiagokoa. Aurrekontua daukaguna daukagu, eta badakigu hori dela gure bidea. Lehiari dagokionez, ACBtik ez jaistea da erronka eta helburua, eta sasoi honetan, hori lortzeaz gain, Europarako sailkatzea lortu dugu. Dena dela, zuhurtziaz joan behar dugu Europara, eta gure bidetik ez atera. Baliatu egin behar dugu aukera on hori, jokalariak hazten joateko, ondo jokatzeko, taldea egiteko, baina betiere, oso kontuan izanda gure helburu nagusia ACBn jarraitzea dela. Etxeko liga da, eta asteburuero asko izaten dugu jokoan. Europakoa sari bat da, guretzat eta zaleentzat, aukera izango dutelako taldea sarriago ikusteko.
Europako eta ACBko partidak aste berean jokatu beharko dituzue, eta komeniko litzaizueke taldean jokalari gehiago izatea. Hala izango da?
Beharko genituzke jokalari gehiago, baina ezin izango dugu egin. Gauza bat da zer nahiko genukeen, eta bestea da zein den klubaren egoera. Saiatu behar dugu Europan ondo lehiatzen, zaleek goza dezaten, eta garbi izan behar dugu orain baino gutxiago entrenatu ahal izango dugula. Taldeak jokatuz joan beharko du hobetzen, entrenamenduak gutxitu egingo direlako aste barruan partidak izango ditugulako.
Entrenatzaile gisa, beste esperientzia bat bizi izan beharko duzu astean gutxiago entrenatu behar horrekin. Plangintza aldatzera behartuko zaitu horrek, seguru.
Asko aldatuko da metodologia eta lan egiteko modua. Baina aterako gara aurrera, lana ondo eta umiltasunez egiten segitzen badugu.
Europan jokatzeko aukeraz gain, bada beste albiste handi bat taldean: zure kontratu berritzea. Nork esango zizun 2009an, etorri zinenean, 11 urte geroago hemen izango zinela, eta entrenatzaile, gainera.
Bilbokoak nahi duten lekuan jaiotzen direla esaten da, ezta? [barrezka]. Hiru denboraldirako etorri nintzen, gauza onak bizi izan ditut, eta horiei esker sekulako lotura egin dut zaleekin. Gauza txarrak ere bizi izan ditut, eta are gehiago lotu naute horiek zaleekin. Harreman hau hautsiko da egunen batean, bizitza honelakoa delako eta tokatu egingo delako egunen batean haustea, baina bitartean, gozatu egin nahi dut eguneroko lanaz, taldeaz, Miribillaz eta abarrez.
Entrenatzaileak beti izan behar omen du maleta prest.
Jokalariek ere bai. 17 urte nituenetik nabil horrela, nahiz eta ez naizen zalea lekuz asko aldatzekoa. Azkenean, Bartzelonan, Joventuten eta Real Madrilen jokatu nuen Bilbo Basketera etorri aurretik, eta hemen 11 urte daramatzat.
Zein dira zure helburuak entrenatzaile gisa?
Duela gutxitik naiz entrenatzaile, eta sekulako anbizioa eta gogoa daukat, urte gehiago daramatzan beste batek agian eduki ezin ditzakeenak. Baina beste horiek zakurragoak dira nire aldean. Nire nahia da hobetzen joatea, taldeak gero eta hobeto jokatzea, gauzak ondo egiten segitzea, eta pixkanaka hazten joatea. Espero zen baino azkarrago ari gara gauzak egiten.
Entrenatzaile batentzat zailena zer da, gauzak erraz egitea?
Entrenatzaile bakoitzak dauzkagu gure bideak eta moduak gauzak egiteko, eta nik neure estiloa daukat lanerako. Saiatzen naiz estilo horrekiko leiala izaten.
Estilo horretan ezinbestean egon behar dute zure entrenatzaile izan zirenengandik jasotako ikasgaiek, ezta?
Zorte onekoa naiz nire ibilbidean entrenatzaile asko eta oso maila onekoak izan ditudalako. Ondo konpondu izan naiz guztiekin, eta haien gauza onak eta ez hain onak barneratu ditut, eta, horrela, nik neure estiloa landu ahal izan dut. Azkenean, neure bidea aurkitzen aritu naiz.
Zer alde dago jokalari izan ala entrenatzaile?
Entrenatzaile gisa, partida batean askoz gauza gehiagotan jarri behar izaten da arreta, jokalariek onena atera dezaten. Jokatzetik erakustera igarotzea da entrenatzaile izatea. Ardura ere aldatu egiten da, entrenatzaileak egunero duelako hori jokalariak ondo aritzeko.
Entrenatzaileak moldatu egin behar du estiloa jokalarien ezaugarrietara, ala zuena aldaezina da?
Entrenatzaile ona da taldera moldatzen dena. Baina alferrik litzateke guk azkar jokatu nahi izatea eta jokalari motelak fitxatzea, adibidez. Entrenatzaileak egin dezakeen onena da jokalariak ulertzen saiatzea, haien onena atera ahal izateko. Hori funtsezkoa da guretzat, diru aldetik ez garelako gehien dugunak, eta daukagunari ahalik eta etekin handiena atera behar diogulako.
Ezohiko egoera honetan, nola dago jokalarien merkatua?
Mugimendua badabil, eta guk, diru gutxi dugunez, aurrea hartuta ibili behar dugu, garestitu baino lehen. Urte guztian elkarlanean egiten dugu lan Rafa Pueyo kirol zuzendariarekin, eta ahalik eta talde onena egiten saiatzen gara.
Oraingo taldetik zenbat jokalari dira jarraitzekoak?
Gustura asko emango nizuke primizia bat, baina ezin dut [barrezka]. Bosgarren ginen ligan etena izan zenean, eta gustatuko litzaiguke LEB ligatik datorren taldearen bizkarrezurrak gurekin jarraitzea. Baina ea gai garen lortzeko, eta horren gainean, ahalik eta jokalari onenak ekartzeko, betiere gure baliabideen barruan.
Nola eragingo dio egoera honek saskibaloiari?
Ekonomiari orokorrean nola eragin diezaiokeen ere inork ez daki, eta saskibaloian berdin gertatzen da. Egoera berria da, pandemia batean gaude, eta onena da poliki-poliki joatea, egunetik egunera, eta prest egotea etor daitekeenaren aurrean, izan ona edo izan txarra. Ona litzateke datorrenari aurrea hartzen saiatzea.
Zer egoeratan itzuli zaizkizu jokalariak?
Denboraldi-aurrean, jokalariak prest etortzen dira, udan ez direlako geldirik egoten, kirola egiten dutelako, modu batera edo bestera. Baina orain ohetik sofara, sofatik aulkira eta horrela egon dira, oso denbora gutxi egon dira zutik, eta giharrak beren lekuan jarri behar dituzte orain. Lasai joan behar dugu egoera honetan.
Alderdi psikologikoak fisikoak bezainbateko garrantzia izango du egoera honetan?
Lan psikologikoan nik lagun ditzaket jokalariak, baina haien lana da hori neurri handi batean. Gorputzak jokatzeko moduan jarri behar dituzte berriz, eta lan fisikoak du garrantzia.
ACB ligan 18 ala 20 taldek lehiatu behar duzue datorren denboraldian?
Ez dakit. Hau ere kolokan dago, beste guztia bezala, kirolean eta bizitzan. Ez dakit irailean hasiko den liga berria, urrian izango den, zaleekin edo zalerik gabe jokatuko dugun... Zalantza asko daude, eta onena da ikustea nola doan guztia.
Burutik pasatu zaizu Miribillan zalerik gabe jokatzea?
Entrenatu zalerik gabe egiten dugu egunero, baina zalerik gabe jokatzea ez dut imajinatzen. Zaleak guretzat birikak eta bihotza dira, energia ematen digute, eta ezin da hitzekin azaldu hori dena. Sentitu egin behar da jokatzen ari zarenean. Zaila izango litzateke zalerik gabe jokatzea, baina lehentasuna osasuna da orain.
Zer ondorio atera dituzu konfinamendutik?
Asko. Pentsatzeko denbora pila bat izan dugu. Autokritika egin dut, adibidez. Konturatu naiz ez garela ezer, eta pandemia batek milaka pertsona hil ditu. Ikusi dut ez geundela prest horrelako egoera bati aurre egiteko, eta, uste dugun arren munduaren erdigune garela, oso ahulak gara.