astekaria 2020/05/29
arrowItzuli

ekonomia

MARIA PASCUAL DE ZULUETA

«'Made in Euskadi' maskarek ez dute ekarriko onura ekonomiko handirik»

Xabier Martin

«'Made in Euskadi' maskarek ez dute ekarriko onura ekonomiko handirik»

Euskal laborategietan COVID-19aren aurkako borrokan ari dira zientzialariak, baina beste hainbat ezinean dabiltza.

Asteotan jakin denez, inbertsioak egiten ari dira maskaren esparruan. Nola ari da eragiten pandemia biosektorean? Akuilua da ala galga?

Maskarak eta antzeko babes produktuak sektoreko zati txiki bat baizik ez dira. Gure enpresentzat, oro har, pandemia galga bat da. COVID-19aren aurkako borrokarekin lotutako jardueretan salbu, gelditu egin da sektorea. Jarduera komertziala kongresuetan eta nazioarteko azoketan izaten da, baita medikuen bisiten bidez ere, eta hori guztia izozturik dago. Inportazioen eta esportazioen emaria ere atzerapen handiz ari da. Enpresa batzuk lanean hasi ziren berehala, maskarak, arnasgailuak eta diagnostikorako tresnak egiten, baita terapia zehatzak bilatzen ere. Atsedenik gabe ari dira. Baina sektore honetan prozesu luzeak dira tresna medikoen eta botiken balio erantsia garatzea. Garestia da, I+G askorekin. Beraz, unean uneko krisi bat aukera da soilik gai horretan aditu bazara. Guk laguntza iraunkorra behar dugu emaitzak izateko. Enpresa gazte asko ditugu klusterrean, txikiak eta ertainak. Egonkortasuna eta laguntza nahikoa behar dugu emaitzak edukitzeko.

Laguntza nahikoa jasotzen du sektoreak aurrerapauso bat emateko?

Gizarte gisa, hausnarketa sakon bat egin behar dugu garatu nahi ditugun produktuen inguruan. I+G sendoa behar dugu, eta, horretarako, laguntza iraunkorra. Inbertsio publiko eta pribatu gehiago behar dugu balio erantsia sortzeko beharrezkoak diren prozesu luzeei erantzuteko. Horrez gain, elkarlan estua behar dugu ikerketa zentroekin, unibertsitateekin eta osasun sistemarekin.

Nola dago sektorearen giharra? EAEko BPGaren zenbat ordezkatzen du?

Gure enpresek %2 ordezten dute, 8.000 lanposturekin, eta ia %6 hazi ginen iaz. Mundu mailako zientzialari eta teknologia adituak ditugu; muturreko ekipamenduak eta kalitatezko zientzia sortzen dugu, zientzialari onak, abangoardiakoak. Aurten, berriro hazteko aurreikuspena genuen, baina dena berraztertu behar dugu. Kolpea apaltzen saiatu behar dugu orain. Euskadin laguntza onak daude enpresen ibilbideko lehen lau urteetarako, baina bio-osasungintzan laguntza luzeagoak behar ditugu enpresa autonomoak lortzeko. Ez da logikoa laguntzarik gabe geratzea entsegu fasean edo baieztapen fasean gaudela. Asko dira lau eta hamar urteko adinarekin hil diren enpresak gure alorrean. Sostengu iraunkorra behar dugu. Oinarrizkoa da administrazioaren babesa atzerriko inbertsioa erakartzeko.

Nola eragingo dio sektoreari Euskal Herria maskaren ekoizpenaren erreferentzia bat bilakatzea?

Ekonomia mailan ez dio askorik eragingo. Oinarrizko produktuei buruz ari gara, eta horiek inportatzeko egin dugun hautuaren inguruan hausnarketa sakon bat egin behar dugu. Beste herrialdeekiko dugun mendekotasun batzuei muga jarri behar diegu. Made in Euskadi maskaren onura ekonomikoa ez da handia izango, baina gure gizarteak eskura ez edukitzea produktu horiek garesti atera daiteke aurrerantzean ere. Lehengai batzuk eta oinarrizko produktuak ez edukitzeak geldirik utz gaitzake, balio erantsi txikia duten arren. Erabili eta botatzekoak diren produktu horiek ingurumenean izango duten eragina ere aztertu behar da, bestalde. Mendebaldeko herrialdeetan ez gaude prest hori kudeatzeko. Ingurumenaren alde egin ditugun urratsak ezin ditugu alferrik galdu, eta osasunak eta ingurumenak batera joan behar dute.

COVID-19aren aurkako txertoa aurkitzeko lasterketan parte hartzen ari dira euskal enpresak?

Batzuk zeharka ari dira parte hartzen, eta beste batzuk, zuzenean. Histocell zelula terapien proba batean ari da erietxeetan dauden gaixoekin. Innoprot, Biobide eta IMG Pharma ere lanean dira txertoen eta botiken segurtasunaren eta eraginkortasunaren alorretan. FM controlek, berriz, tresna erradiologiko eramangarri bat garatu du COVIDa atzemateko, eta Osasen, Microliquid, Roxall, Progenika-Grifols eta beste batzuk gaixotasun hori fase goiztiarrean atzemateko diagnosi sistemak landu dituzte. Naruk, e-processmed-ek eta Iris bondek, besteak beste, gaixoen egoera zaintzeko aplikazio teknologikoak asmatu dituzte. Gainera, MIZARek arnasgailuak eta laginetarako 3D hisopoak ekoitzi ditu. BRTA eta Teknika zentro teknologikoak buru-belarri dabiltza gaixotasunaren aurka, gaixotasun arrastoari segitzeko sistemekin. Asko dira, askotariko lanak egiten.

Biozientzia oso esparru desberdinetan aritzen da. Zein esparrutan haz daitezke gehien euskal enpresak? Zein jarduera dira interesgarrienak haientzat?

Zaila da aurreikustea nork izango duen arrakasta, baina Euskadin tresna medikoen esparruan lehia handia dago. Baina oraindik goiz da jakiteko inor podiumera igoko ote den. Osasunarekin lotutako aplikazio teknologikoek leku garrantzitsua izango du aurki. Gure gizarteak ahalegin handia egin behar du kolaborazio publikoaren eta pribatuaren alde, eta osasunari buruzko datu anonimoak eskuragarri jartzeko. Benetako aurrerapausoak eman ditzagun sektorean oinarrizkoa da kolaborazio hori.

BERRIAn argitaratua (2020/05/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA